Etxarri Aranatzen aurten ere haurrendako udako aisialdi eskaintza izanen da. Etxarri Aranazko Udalak jakinarazi duenez, “aisialdi hezitzaile eta euskaldun bat eskaintzea da helburua”. Eskaintzaren baldintzei dagokienez, izena emateko gutxieneko adina 4 urtekoa da. Gainera, aisialdi eskaintzan bi modutara parte hartu daiteke, asteka edo bost asteetarako izena emanda. Aurreneko aukeraren alde egiten dutenek asteko 45 euro pagatu beharko dituzte. Bost asteetarako izena ematen dutenek, berriz, 200 euro.
Parte hartzen duten haurrek eraman beharko dituztenak dira: gosaria, ura, eguzkitako krema, bixera, eta muturrekoa edo maskara. Azken horren erabilera 6 urtetik gorakoentzat derrigorrezkoa da eta 3 5 urte bitartekoendako gomendagarria. Haurrak bederatzi kideko taldeetan izanen dira eta talde bakoitzeko begirale bat izanen da. Jakinarazi denez, “maiztasun handiarekin gel hidroalkolikoa erabiliko da, eta, horretaz aparte, aisialdiko materialaren garbiketa bermatuko da momentu oro”.
COVID-19aren ondorioz hartu beharreko neurriak hurrengoak izango dira: etxetik atera baino lehen umeei tenperatura hartu beharko diete gurasoek. 37 gradutik gorako tenperatura izanez gero etxean geratu beharko lirateke. Gainera, haurrak etxetik eskuak garbituta atera beharko dute. Izena ematen duten haurren gurasoei higiene-arau horien guztien azalpen zehatza emateko bilera eginen da udaletxean, astelehenean, 19:00etan.