Presoen senideek urrunketa gastuei aurre egiteko dirua behar dute

Guaixe 2020ko eka. 25a, 18:59

Etxerat-eko kideak kanpainaren aurkezpenean.

Urrunketa politikaren ondorioz makina bat kilometro egin behar dituzte urtero senideek eta ibilgailuen erregaia eta bidesarietarako dirua behar dute. Ildo horretan herrietan eginen diren jardueren berri www.depositoakbete.eus web orriaren bidez emanen du Etxerat-ek.

Euskal presoen senideek biltzen dituen Etxerat elkarteak jakinarazi duenez, “dirua behar dugu erregaia eta bidesarietarako”. Horregatik, elkarteak “elkartasun-dinamika bat abiarazi du, neurri batean, krisi global honek euskal preso politikoen senideei eragiten dieten ondorioak arintzeko. Oraindik orain, sakabanaketa eta urrunketa politikak beraien azaletan sufritzen jarraitzen baitute”. Presoen senideak ekonomikoki laguntzeko elkartasun-dinamika abiarazi dute, Deposituak bete.

Senideen izenean Xotchil Karasatorre etxarriarrak hartu zuen hitza. Lehenik adierazi zuenez, “pasatzen ari garen osasun-krisiaren aurrean, euskal presoak Euskal Herrira ekartzea ezinbesteko neurria da”. Presoen urrunketa politikak indarrean hiru hamarkada egin dituela gogorarazi zuen, baita errepideetan 16 senide eta lagun hil direla eta kartzeletarako bidean ehunka ezusteko eta gertakari sufritu dituztela senide eta lagunek.

Salatu zuen ezarritako alarma egoeragatik hiru hilabetetan preso dauden haien senideak ezin izan dituztela bisitatu. Azken hilabeteak senideendako “oso gogorrak” izan direla gaztigatu zuen Karasatorrek, presoak “ nola egongo ote diren galdetuz minutuak igarotzen”. Horregatik, ziurtatu zuen, pandemiak “ gure senitartekoen urruntzeak, gure sufrimenduaren motxila sakondu du”. Osasun-krisiagatik hartutako neurrien arintzea “ agerian utzi du urrunketa politika zigor erantsia dela”. Bisitarik gabe segitzen dutela gaztigatu dute. 

Etxeratek hainbat eskaera berretsi ditu: larri gaixo dauden 17 euskal preso politikoak askatzea, 65 urtetik gorako euskal preso politikoak libre utzi; beraiekin batera seme-alabak kartzelan dituztenei edota haurdun dauden presoei askatasuna ematea;  irteera-baimenak zituzten 5 euskal preso politikoei ateratzen uztea; presoak familia ingurunetik gertuen den espetxetara hurbilduak izatea. 

Datuak 
226 preso
48 kartzela. 
11.752 bidaia.
800 eta 2.000 km-ko distantziara daude presoen % 75. 
14.617.304 kilometro urtero.
1.140.150 litro erregai behar dira km horiek egiteko. 
1.482.195 euro behar dira erregai pagatzeko.
40 minutu irauten du espetxeko bisitak.