Gaur zabalduko dira igerilekuak

Guaixe 2020ko uzt. 8a, 15:55
Etxarri Aranazko igerilekua.

16:00etan irekiko ateak erabiltzaileendako. Etxarri Aranazko Udalak arduraz jokatzeko deia egin du, eta momentu bakoitzean igerilekuko arduradunek zehazten dituzten osasun eta segurtasun neurriak betetzea eskatu du.

Etxarriarrek Danbolintxulora freskatzera edo eguzkia hartzera joateko aukera izanen dute gaurtik aurrera. Normalean maiatza akaberan edo garagarrilaren hasieran zabaltzen diren igerilekuak geroago zabaltzearen arrazoia COVID-19 gaitza izan da. Horrek ekarri du kudeatzaileek igerilekuaren edukiera mugatzea eta azpiegituraren osasun baldintzak bermatzeko antolakuntza neurriak hartu behar izatea. 

Igerilekura sartu ahal izateko sasoiko txartelak kanpineko harreran eros daitezke. Aurten berandu zabaldu denez, prezioa % 10 txikitu da. Harreran jende pilaketak saihesteko Internet bidezko galdetegi bat betez txartelak eskuratzeko aukera eman dute. Bestetik, jubilatuak dohainik sartu daitezke, beti ere, sarreran nortasun agiria aurkeztuta. Aurreko urteetan bezala, bainua hartzeko bainu-txanoa jantzi beharko da. Igerilekuak egunero 10:00etatik 20:00etara egonen dira zabalik. 

Bestalde, igerilekura ibilgailuz joaten diren pertsonek hura goiko aparkalekuan utzi beharko dute, ezin izanen dute beheko aparkalekuan utzi. Izan ere, aparkaleku hori kanpineko erabiltzaileek bakarrik erabil dezakete. 

Sasoiko txartelak -5 urte 5 eta 10 urte 11-16 urte +17 urte +65
Etxarrin erroldatuak 0 18,15 29,25 46,8 0
Erroldatu gabeak 14,4 22,95 35,1 54,4 0
Eguneko txartelak -5 urte 5 eta 10 urte 11-16 urte +17 urte +65
Astegunetan          
Etxarrin erroldatuak 0 2,3 3,15 4,5 0
Erroldatu gabeak 1,5 2,6 3,7 5,8 0
 
Jai egunetan          
Etxarrin erroldatuak 0 2,3 3,7 5,4 0
Erroldatu gabeak 1,5 3,5 4,6 6,3 0