Paula Ijurko Urmeneta estatu mailako marrazki lehiaketan saritua

Guaixe 2020ko uzt. 30a, 12:31

Coviran supermerkatu kateak 'Dena ongi aterako da' ('Todo va a salir bien') marrazki lehiaketa antolatu zuen konfinamenduan, eta etxarriarrak GKE bati emateko 1000 euroko saria irabazi du 

Dena ongi aterako da mezuarekin irudi bat egitea zen Coviran-ek aurkeztutako lehiaketaren oinarria. Etxarri Aranazko Paula Ijurko Urmenetak marrazkia egin eta herriko Lete dendan aurkeztu zuen. Ijurkok 11 urte ditu eta osasun langileek koronabirusaren krisialdian egindako lanean oinarritutako irudia egin zuen, haien lana eskertuz. Estatu mailako lehiaketan 1000 euroko saria jaso du etxarriarrak, GKE bati entregatzeko, eta Ijurkok Etxarriko San Donato eskolako Gurasoen Elkarteari ematea erabaki zuen. Urko Mauduit Gurasoen Elkarteko presidenteak jaso zuen saria.