Etxarri Aranazko erraldoi konpartsaren ohitura 1970. hamarkadatik dator. Garai hartan bi erraldoi zeuden: Errege Erregina. Joakin Morentin konpartsako kideak azaldu duenez, garaiko erraldoi gehienak berdinak ziren. Garai hartan udaleko langileek ateratzen zituzten erraldoiak. 1980. hamarkadan, ordea, Morentinek eta bere kuadrillak hartu zuten ardura. Buruhandiak ateratzen zituzten ere. 2000. urtera arte ibili ziren. Erraldoi konpartsaren bigarren etapa 2017. urtean iritsi zen, oraingo lau erraldoiak egin zituztenean. Erraldoiekiko zaletasuna, aldiz, ez da inoiz galdu.
"2000. urtean fgura berriak eskatu genituen, gaia pixka bat alde batera gelditu zen. Orduan, utzi genuen". Duela hiru urtera arte. "Eneka zen alkatea, eta hark gaia berreskuratu behar zela uste zuen, ezin zela horrela gelditu. Jendeak erraldoiak eskatzen zituen txikitan ikusten zituelako, eta gogoa zuen". Orduan, erraldoiak berritzea erabaki zen. Etxarriko mitologia eta historia baliatuz, Beltza Zuria, Beraxko, Txiñerratso eta Kixkimau erraldoiak sortu zituzten. Erraldoi zaharrak birziklatuz, bi erraldoi berri sortu ziren; beste bi erraldoiak berri-berriak dira. Lau erraldoien estrukturak egurrezkoak dira, baina zaharberritutakoek 45 kiloko pisua daukate; berriek, 30 kilokoa.
Beltza Zuria eta Beraxko senaremazte bikote bat da. Etxarrin XIII. mendean bizi ziren. Haien "ustezko" janzkeran inspiratuta sortu ziren Etxarriko abesbatzako kideen jantziak. Orain, Beltza Zuriak eta Beraxkok arropa horiek daramatzate ere. Txiñerratso Etxarriko sorgina da, eta Kixkimau, inauterietako pertsonaia. 2017. urteko festetan mustu zituzten lau erraldoiak, eta haiekin batera bost erraldoi txiki ere atera ziren. "Harrigarria izan zen jendearen erantzuna".
Morentinek hamaika anekdota ditu kontatzeko. Ia bi hamarkadetan erraldoiak dantzatzen zituzten, eta bikote bakarra zenez, balsa bezalako dantzak egitea erraza zela dio. "Ez zen asko behar; inprobisatzen genuen". Bi bikote - lau erraldoi - ateratzen hasi zirenean "koordinazio gehiago" behar zutela dio, eta entseatzen hasi ziren. "Lau pausu atera ditugu, eta hobetu dugu". Konpartsaren etapa honetan hainbat gazte hasi dira taldean. Esaterako, Pello Mikelez iaz hasi zen. "Probatzeko esaten zidaten, eta animatu nintzen. Azkenean, oso gustura nago". Hilabetean behin entseatzen dute.
Erraldoi txikiak
Erraldoi berriak mustu zituzten egunean, konpartsako kideen "harridurarako", herritarrek egindako erraldoi txikiak agertu ziren ere. Ideia horrekin eta koronabirusak eraginez ezarritako konfinamenduaren ondorioz, konpartsak erraldoi txiki gehiago egiteko proposamena bultzatu zuen. Horretarako, Youtuben tutorialak egiten hasi ziren.
"Whatsappeko taldean hitz egiten hasi ginen, eta Iñakik komentatu zuen zerbait egin genezakeela jendea animatzeko eta jendeak bere etxean erraldoiak egiteko. Ideia ona iruditu zitzaigun, eta pixkanaka hasi ginen". Erantzuna ona izan dela esan dute konpartsako kideek. Iñaki Apalategik alabaren etxerako lanetatik hartu zuen ideia. "Kartoiarekin eta kolarekin maketa batzuk egin behar zituen, eta ondo gelditzen zela iruditu zitzaidan. Beti esaten dugu jendea inplikatu behar dugula". Konfnamendua baliatuz, haurrak entretenitzeko modu polita izan zitekeela iruditu zitzaien. "Denek oso ideia ona zela esan zuten, eta tutorialak egiten hasi ginen".
Tutorialak "inprobisatuz" egin dituzte, Asun Gualek azaldu bezala: "Ez dago aurretik ezer egina. Zerbait egin behar dugunean Interneten begiratzen dugu". Aurretik erraldoi txikiak egin zituztenei ideiak eskatu dizkiete ere.
Dena puxika batekin hasten da. Puxikaren gainean egunkari paperez eta kolaz egindako nahasketa baten hainbat geruza jarri behar dira. Horrela burua lortzen da. Ondoren, estruktura eta eskuak egin behar dira. Amaitzeko, arropak egin behar dira. "Azken bideoa gelditzen zaigu, arroparena". Hala ere, arropa zaharra birziklatu dutela aipatu dute. Erraldoi txiki bat egiteko pausoz-pausoko tutorialak konpartsaren Youtubeko kanalean daude.
10 eta 12 urte bitarteko haurrek eramateko moduko erraldoiak egin daitezke tutorialak jarraituz. Bi metroko altura dute, gutxi gorabehera, eta bakoitzak nahi duen pertsonaia egin dezake. Esaterako, konpartsako kideen artean zortzi erraldoi txiki aterako direla esan dute: Trikitilaria, Pandero jolea, Mari Domingi… "Haurrek pertsonaia aukeratu dute; zer-nolako itxura eman jakiteko,Interneten argazkiak begiratu ditugu; eta pixkanaka egin dugu". Konpartsako kideak ez direnak ere erraldoi txikiak egitera animatu direla gaineratu dute.
Etxarri Aranazko festak bertan behera gelditu direnez, momentuz ez dituzte erraldoiak aterako. Gainera, Apalategik azaldu duenez, "erraldoien barruko lekua oso itxia da, eta osasun neurriak direla-eta ezin dira atera". Beraz, momentuz ez dakite noiz mustu ahal izanen dituzten konpartsako kide berriak. "Batzuk bukatuta daude; beste batzuk, prozesuan…". Konfinamenduan jaiotako erraldoiekin festaren bat egin nahi dute egunen batean.