Mendi lasterketak

Etxarriko Mendira Joan-etorria, bertan behera

Guaixe 2020ko ira. 10a, 12:47

Azken unera arte eskatutako protokoloak betetzen saiatu dira antolatzaileak, baina ezin dute arriskurik gabeko agertokia bermatu eta, pena handiz, lasterketa bertan behera uzteko erabaki gogorra hartu dute

Etxarri Aranazko ferietako igandean, urriaren 4an, zen jokatzekoa 45. Etxarri Aranazko Mendira Joan Etorria. Antolatzaileak azken ordura arte ibili dira COVID-19 dela eta segurtasunerako eskatzen diren protokoloak betetzeko aukerak aztertzen, baina, azkenean, erabakirik gogorrena hartu behar izan dute: lasterketa bertan behera uztea. 

“Epeak agortuz azken unera arte itxaron dugu, inoiz hartu nahiko ez genukeen erabakia hartzeko. Azken astetan hamaika protokolo landu ditugu lasterketa eguna, egun bizi dugun osasun larrialdia dela eta, modurik seguruenean antolatzeko. Kutsatzeko arriskurik gabeko agertokia helburu izanik, aurrera eta atzera ibili gara protokolo ezberdinak landuz. Amets gaizto bat bailitzan, ohartu gara arriskurik gabeko agertoki hori ezinezkoa zaigula bermatzea eta sekula hartu dugun erabakirik gogor zein zailena hartu behar izan dugu, proba bertan behera uztea” dio Etxarriko Mendira Joan-etorriko antolakuntzak zabaldu duen oharrak. Hurrengo urtean proba antolatzeko “inoiz baino gogotsuago” egongo direla gaineratu dute.