Pilota

Baikoko pilotariek erakundeei laguntza eskatu diete, "bizi duten egoera bideratzen eta aldatzen laguntzeko"

Guaixe 2020ko ira. 24a, 11:48
Baikoko pilotariak, euren egoeraren berri emateko agerraldia deitu zutenean. Argazkia: Luis M.Unciti.

Baikoko 16 pilotarik sinatu dute eskutitza, tartean Joanes Bakaikoa etxarriarrak

Urak nahasiak dabiltza pilota profesionalaren munduan, Baiko Pilota enpresan bereziki. Aurreko astean Baikoko pilotari gehienak, Aimar Olaizolak, Mikel Urrutikoetxeak eta Ander Imazek izan ezik, euren artean adostutako agiria kaleratu zuten, euren egoera "jasanezina” zela aitortuz eta Baiko enpresari jarrera aldaketa eskatuz. Joanes Bakaikoa pilotaria dago sinatzaileen artean, eta pilotari etxarriarrak adierazi zuenez, "pilotarendako onena” nahi dute eta pilotarien jarrera "elkarlanekoa” da. 

Euren agiria kaleratu eta oraindik ez dute enpresaren erantzunik jaso. Are gehiago, Baikoko kudeatzaile Jose Ramon Garairen jarrera ez dela aldatu adierazi zuten atzo Baiko enpresako 16 pilotarik, tartean Joanes Bakaikoak, sinatutako prentsa oharrean. "Bi erantzun jaso ditugu bere aldetik. Lehenengoa erabateko isiltasuna, portaera aldatuko ez duela agerian utziz, ez kirol arloan, ezta gtratu pertsonalean ere. Eta, bigarrena, Unai Lasorekin kontratu berri bat negoziatzeko borondate eza” azaldu zuten. "Pilotariok erabat babesgabe sentitzen gara jarrera diktatorial honen aurrean” nabarmendu zuten. 

Horregatik, erakundeei laguntza eskatu diete. "Eusko Jaurlaritzari, Bizkaiko Foru Aldundiari, EITBri eta gure kirolarekin elkarlanean diharduten gainerako erakunde publikoei egoera bideratzen eta aldatzen laguntzeko eskatzen diegu, mesedez” eskatu zuten prentsa oharrean. 

Bestalde, Euskal Herriko Kluben Arteko Txapelketa Nazionala antolatzen duen Pilotabizi Pilotazaleen Elkarteak, Euskal Herriko, Errioxako eta Kataluniako 40 kluben babesa eta atxikimenduarekin, Baiko Pilotari idatzia bidali zion, egoera konpontzeko elkarrizketa eskatuz eta hartutako azken erabakiak berriro azter ditzala eskatuz.