Pilota

Joanes Bakaikoak Buruz Burukoan sartzea du jokoan gaur jaioterrian

Guaixe 2020ko urr. 2a, 11:12
Joanes Bakaikoa eta Erik Jaka Etxarri Aranazko Euskalerriari pilotalekuan, Lau eta Erdiko Txapelketan jokatu aurretik.

Arteaga II.a izango du aurkari gaur, ostirala, Buruz Buruko 1. mailako atariko partidan, Euskalerriari pilotalekuan (21:15, ETB1)

Binakako Txapelketa despeditzen denean hasiko da 1. mailako Buruz Buruko Txapelketa. Baiko Pilota enpresaren adarrean Buruz Buruko Txapelketarako atarikoa edo aurre kanporaketa jokatuko da gaur, ostirala, 21:15ean Etxarri Aranazko Euskalerriari pilotalekuan (ETB1), eta bertan Joanes Bakaikoa etxarriarrak Arteaga II.a izango du aurkari. Buruz Burukoan aurrera egiteko primerako aukera du, bada, aurrelari etxarriarrak. 

Bakaikoa sasoitsu dago, sentsazio onekin, baina badaki Arteaga II.a arerio sendoa dela, eta gaurkoa partida zaila izango dela argi du. “Buruz Buruko Txapelketako partida guztiak bezala, partida zaila izango da. Arteaga II.ak erakutsi du buruz buru asko jokatzen duela, eta, hortaz, partida irabazteko oso ongi jokatu beharko dut” azaldu du Bakaikoak. Jaioterrian jokatzeak ere ilusioa pizten dio etxarriarrari. “Gogotsu nago, ea zer moduz ateratzen den gaurko aurre kanporaketa. Etxean jokatzea beti da berezia, eta ongi aritzea espero dut. Buruz Burukoan aurrera egitea handia litzateke” gaineratu du aurrelari etxarriarrak. 

Buruz Buruko partida jokatu eta gero, binakako partida antolatu du gaurko jaialdirako Baikok eta Etxarri Aranazko Udalak. Bengoetxea VI.a eta Aretxabaleta Zubizarreta III.aren Arangurenen kontra ariko dira. Beraz, pilota zaleek goi mailako jaialdia dute, gertu. Jakina, COVID-19 pandemia dela eta, segurtasun neurri guztiak zainduko dira. 

Sarrerak
Etxarri Aranazko udal bulegoan goizeko 10:00etatik 14:00etara (15 euro) eta txarteldegian edo entradasfronton.com (20 euro).