Pilota

Joanes Bakaikoak aurrera egin du Buruz Burukoan

Guaixe 2020ko urr. 5a, 08:16

Buruz Buruko atarikoan aurrelari etxarriarrak 14 tantotan utzi zuen Arteaga II.a

Etxarri Aranazko Euskalerriari pilotalekuko tokiak beteta zirela eta giro ederrarekin jokatu zen Baikoko Buruz Buruko atarikoa ostiral gauean. Binakako Txapelketa bukatu bezain pronto hasiko den Buruz Burukoan aritzea zuten jokoan Joanes Bakaikoak eta Arteaga II.ak, eta bi pilotariak gogoz saiatu ziren, baina, azkenean, Joanes Bakaikoak lortu zuen txapelketa garrantzitsuenean parte hartzeko txartela .

Partida gogorra izango zela aurreikusten zuen etxarriarrak, partida zaila, eta neurri batean hala izan zen. Baina Joanes Bakaikoak herriko pilotalekuan Lau eta Erdian Erik Jakaren kontra galdu izanaren arantza atera zuen eta ikusgarri aritu zen ostiralean. Tantoak bere aldera erortzen hasi ziren, eta bikain jokatuz, azkenean 22 eta 14 irabazi zion Arteaga II.ari eta Buruz Burukoan aurrera egitea lortu du. Baiko enpresan dituzten arazoen aurrean, poztasun pixka bat. 

Ondoren, eta Etxarriko jaialdia borobiltzeko, binakako partida estu eta ikusgarriaz gozatzeko aukera izan zuten Euskalerriari pilotalekuan bildu zirenak eta, azkenean, Bengoetxea VI.ak eta Aretxabaletak 22 eta 20 irabazi zieten Zubizarreta III.ari eta Arangureni.