Pilota

Baikoko pilotariek grebari eutsi diote

Guaixe 2020ko urr. 8a, 15:56
Baikoko pilotariak, euren egoeraren berri lehenengoz eman zutenean.

Bihar hasiko da Baikoko pilotarien greba. Agirre eta Albisu ez dira Binakako finalerdira agertuko eta Ezkurdia eta Martija pasako dira finalera, inoren gustukoa ez den egoeran

Baiko Pilota enpresako pilotariek, Aimar Olaizola, Mikel Urrutikoetxea eta Ander Imaz izan ezik, grebara jotzeko asmoa azaldu zuten aurreko ostiralean. Agerraldi hartan zegoen ere Joanes Bakaikoa pilotari etxarriarra. Gaur pilotariak bildu egin dira eta greba deialdiari eutsiko diotela erabaki dute. Horrela, Baikoko pilotari taldearen greba bihar, ostirala, hasiko da, enpresari “lan baldintza duinak, errespetua eta gardentasuna” eskatu eta kontratua berritu ez duten 4 pilotarien kasua berraztertzea eskatzeko. 12 eguneko greba da eginen dutena: urriak 9, 10, 11, 12, 16, 17, 18, 19, 23, 24, 25 eta 26. 

Larunbatean Agirrek eta Albisuk Ezkurdiaren eta Martijaren kontra Binakako finalerdia zuten jokoan, baina Agirre eta Albisu aurkeztuko ez direnez, azken orduko aldaketarik ezean Ezkurdia eta Martija pasako dira finalera, inoren gustukoa ez den egoeran.