Zinetikaren V. edizioa

Guaixe 2020ko urr. 14a, 10:50
Zinetikaren sail ofizialean lehiatzen den Bubble Gum filmaren une bat. ZINETIKA

Zinema eta dantza uztartzen dituen jaialdia urriaren 26tik azaroaren 1era izanen da. Guztira, 23 film proiektatuko dituzte Donostian, Bilbon eta Iruñean, hiru sailetan banatuta. Laida Aldaz artista etxarriarrak zuzentzen du Zinetika jaialdia

Sail Ofiziala, Open Screen eta Zinetiks dira Zinetika jaialdiaren hiru sailak. Guztira 23 film programatuko dira. Jaialdira 68 herrialdetatik iritsi dira parte hartzeak. Urriaren 26an hasiko da Donostian, hilaren 28an Bilbon izanen da eta urriaren 30etik azaroaren 1era Iruñean izanen da jaialdia. Filmen emanaldiak ez ezik, Zinetikak bi performance, bi masterclass eta lantegi bat antolatuko ditu aurten. Gainera, urriaren 16an eta 17an Alex Pachonen workshop bat izanen da aurrerapen gisa. Zinetikaren atzean Laida Aldaz etxarriarra dago. Duela bost urte sortu zuen dantzaren, ikusentzunezko lengoaiaren, gorputzaren eta teknologiaren harteko harremanak aztertzeko. Iruñean hasi zen eta urteekin Donostiara eta Bilbora zabaldu da. 

Koronabirusak eragindako krisiaren ondorioz bete beharreko serguratasun distantzia dela eta, jaialdiak ere komunikazio digitalerako modu berrien alde egin du eta espazioak segurtasun neurri guztiak betetzen dituela bermatzen du. Zinetikaren inguruko informazio guztia eta programazioa: zinetikafestival.com/