'Oinak buruan' bertso saioa Etxarri Aranatzen

Guaixe 2020ko urr. 30a, 10:46
Etxarri Aranazko bertso saioan parte hartuko duten bertsolari gazteak. NAF. BERTSOZALE ELKARTEA

Nafarroako Eskolarteko bertso txapelketa izanen da gaur, urriak 30, ostirala, 18:30ean, Etxarri Aranazko kultur etxean. 

Segurtasun eta osasun neurri guztiak beteta, gaur, urriak 30, ostirala, 18:30ean, Nafarroako Bertsozale elkarteak antolatzen duen Nafarroako Eskolarteko Oinak buruan txapelkataren saioa izanen da Etxarri Aranazko kultur etxean. Zazpi bertsolari gazte ariko dira.

Iruñetik Ainhoa Arrizabalaga eta Bittori Elizalde, Barañaindik Amaia Lasheras eta Beñat Astiz, Bortzirietatik Ekhiñe Zapiain eta Etxahun Azkarraga eta Leitzatik Eki Mateorena. Azken orduko aldaketak izan dira, hasiera batean Lide Arrieta gazteak ere parte hartu behar zuelako. "Aldaketak eguneroko gauza bihurtu direlako", Leire Barberena Nafarroako Bertsozale elkarteko kideak azaldu duenez.

Maider Ansak aurkeztuko du saioa eta Izaro Mitxelena, Joseba Beltza eta Nerea bruño epaileak izanen dira. Txapelketak bi fase izanen ditu: lehenengoan bertsolari guztiak ariko dira eta, hortik, bi bertsolari sailkatuko dira bigarren fasera. Lan guztiak eginda puntu gehien biltzen dituen bertsolariak jantziko du aurtengo txapela. Gainera, bi sailkatuak Euskal Herriko Eskolartekoan Nafarroako ordezkariak izanen dira. 

EtxarriAranatzen eginen den saioaren sarrerak doan dira eta udaletxean edo nafarroa@bertsozale.eus helbidera idatziz erreserbatu daitezke. Osasun neurrietan oinarriturik, edukia %30era mugatua dago momentu honetan; "egia esan, Etxarriko kultur etxearen tamainak eta kopuruak posible egiten du entzule kopuru polit bat izatea". Bestetik, osasun neurri guztiak betetzen direla bermatu da. "Gozagarria eta segurua izanen da".

Elkarteko kideak azaldu duenez, Nafarroako Eskolarteko Txapelketa bertsolari gazteen bakarkako txapelketa bat da. 14 eta 18 urte arteko bertsolariek parte hartzen dute. Nafarroako Bertsozale elkarteak antolatzen du, Nafarroako Ikastolen Elkartearen laguntzarekin. Arratsaldeko saioa Etxarri Aranatzen jokatuko denez, udalaren laguntza jaso dutela ere gaineratu du Barberenak.

Lehenengo Nafarroako Eskolarteko Bertsolari Txapelketa 1986. urtean jokatu zen, urtero ospatzen da, eta aurten 34. edizioa izanen da. Bere garaian, gaur egun izen handiko bertsolariak direnak pasa izan dira.