M. Lopez, P. Flores eta I. Errazkin

"Gizonezkoen artean hiketaren transmisio badago, emakumezkoen artean zailagoa da"

Guaixe 2020ko aza. 2a, 13:47

Marta Lopez eta Patxi Flroes Beleixe Irratian.

Etxarri Aranazko Udalak hiketan hitz egiteko ikastaroa antolatu du. Marta Lopez, Etxarri Aranzko Udaleko euskara zinegotzia, Patxi Flores, AEK-ko irakaslea, eta Izaskun Errazkin, Sakanako Mankomunitateko euskara teknikaria, aritu dira antolaketan

Udazkenero Etxarri Aranazko Udalak ikastaro eskaintza egiten du. Aurtengo berritasuna hiketan hitz egiten ikasteko ikastaroa izan da. Bosna emakumezkok eta gizonezkok eman dute izena. Denetariko adinetako etxarriarrak dira. Ikastaroaren antolatzaileak pozik daude talde sortu delako: "ez baita urte arraza halakoetarako". 

Nori bururatu zitzaion udalaren ikastaro eskaintzan hiketa ikastaroa sartzea?
Marta. Hau dena azken urtean sortu da. Nik uste lehendik ere bazegoela prestatzeko asmoa. Herritar baten proposamena izan zen. Emakumearen egunarekin lotuta, berak esaten zen, noketa bazegoela eta zerbait egin beharko genukeela. Gaia Euskara Batzordera eraman genuen eta baiezkoa eman zion. Eta herrian galdetzen hasi ginen, ideiak zein babes izan zezakeen jakiteko. Erantzuna nahikoa polita izan zen. Jendeak esaten zuen: zerbait antolatzen baduzue agian izena emanen dut. Babes txiki bat bazegoela ikusita aurrera egin genuen. Formatuan pentsatzen egon ginen, nola egin. Bagenekien Baztanen, Arbizun eta Gipuzkoan ere egina zegoela. Azkenean Patxiri deitu genion eta ideia bat eman zigun, Euskara Batzordean onartu egin zena. Kultur teknikariarekin hitz egin ondoren udal ikastaroen eskaintzaren barruan txertatu genuen. 

Hiketan edonorekin eta edozein momentutan ezin zen hitz egin, ezta? 
Marta. Nire esperientziatik kontatzen dizut: hori egia da! Nire etxean, esaterako, gurasoei hiketan ez. Zaplaztako bat jasotzeko modukoa! Arauak zeuden. 

Patxi. Gure etxean beti hiketan hitz egin izan da. Lau anai gara eta anaion artean hiketan hitz egiten dugu. Gurasoak, bai aitak bai amak, guri hiketan, baina beraien artean zuketan hitz egiten zuten. Nik aditzera daukat garai batean jendea elkartzen zenean, bikotea sortzen zenean, senar-emazte egin baino lehen, beraien artean hiketan aritu zitezkeen. Baina ezkontzen ziren momentutik badirudi beste egoera batean sartzen zirela eta beraien artean zuketan hasten ziren. 

Marta. Ezagutzen ditut edadeko bikoteak elkarri hiketan hitz egiten diotenak. 

Izaskun. Lagun giroan, konfiantzazko giro horretan, gehien bat gizonezkoen artean mantendu da, toketa. Emakumezkoen artean gutxiago. Herri batzuetan gehiago edo gutxiago. Eta Patxik esan duenaren aldetik, senar-emazteen artean hiketan hitz egitea errespetu faltarekin eta halakoekin lotu izan da. Gogoan dut Goenkale puri-purian zegoenean, Txapas zenak adin guztietakoekin hiketan hitz egiten zuela, gazteagoekin, zaharragoekin… Eta nire amonak ez zuen batere ongi eramaten: “errespetu falta!” esaten zuen. 

Patxi. Hiketa lagunen artean eta antzeko adinekoen artean hitz egiten da. Hau da, zaharragoak gazteagoei bai, baina gazteagoak zaharragoei adin tarte handi xamar batean, jada, ez. Hurrengo belaunaldikoei, gazteek zaharragoei hiketan hitz egitea ez zegoen ongi ikusirik. Kontua da gaur egun jaisten-jaisten joan da eta… Eta, gero, lehen gurasoek umeei zuketan egiten zioten eta urte batzuk hartzen zituztenean gurasoak hiketara pasatzen ziren. Semeari edo alabari hiketan egiten badiozu berak hiketan erantzunen dizu. Horregatik, lehendabizi zuketan ikasi eta gero hiketara pasatzen ziren. Nik semeari hiketan egiten diot eta berak zuketan batuan. Baina, gutxienez, jakin dezala. 

Izaskun. Zeren gauza horiek belarritik sartzen dira. 

Etxarri Aranatzen jendea hiketan hizketatzen da?
Marta. Gizonezkoen artean asko aditzen da, adin batetik aurrera. 60 urtetik aurrerako kuadrilletan oraindik asko aditzen da. Adineko senideen artean ere. Gero ikusi dut Patxiren kasua: aitak semeari hiketan hitz egitea, nahiz eta besteak ez erantzun. Semeari, alabari ez. Gizonezkoen artean transmisio hori badago. Emakumezkoen artean askoz ere zailagoa da. Badago bakanen bat zurekin elkartu eta noketan naturaltasunez hasten dena. Gero ere badago jakin eta erabiltzen ez duena. Kalean ez dago presentzia hori. 

Izaskun. Nik ez dut etxean jaso. Aita anaiarekin toketan aritzen da, esaterako. Eta kuadrillan lagunen batzuekin ere. Adin batetik aurrera, pixka bat koxkortuta, nire anaiak aitari pixka bat tiratuta, hor, momentu batean hasi zen aita etxean hiketan egiten. Gehiago nire anaiarekin, nirekin baino. Uste dut hori joera orokorra izan dela. Beraiek jaso dute eta beraien artean mantendu dute. Etxarrin hiketa bizirik dago, 60 urtetik gorako gizakien artean aditzen da. Baina ondorengook ez dugu ikasi. 

Patxi. Ezagutzen dudanagatik, Etxarrin Arbizun baino lixtoago hasi zen hiketa galtzen gazteen eta emakumezkoen artean. Euskal Herri osoan emakumezkoei noketan oso gutxitan entzuten zaie.   

Marta. Emakumezkoenganako transmisio hori moztu egin da. Gutxietsi egin da. 

Patxi. Errespetu falta bezala hartua.  

Izaskun. Emakumezkoei halako laztasuna ez zitzaien gustatzen. Joera orokorra da. Arbizun hiketa osasuntsuago egon daiteke. Etxarrin 60tik gorakoak aipatzen genuen, Arbizun gazteagoek ere egiten dute. Baina gehiago gizakiak. Bestalde, Jose Luis Erdozia Mauleon bilketa lan batzuk egiten egon da eta berak ere hori aipatzen du: joera orokorra, emakumezkoena gehiago galdu da. Eta esaten du Burunda aldean atzerako joera duela hiketak. Hor ere dexente galdu dela. Eta Martak esan bezala, Euskal Herrian kezka hori badago eta hemen ari garen bezala ikastaro hori antolatu nahian, Baztanen ikastaro bat antolatu zuten, Gipuzkoa aldean ere ibiltzen dira. Arbizun orain dela urte batzuk, ikastaroa baino gehiago, Mintzakide formatuan egin zuten; taldea elkartu eta hitz egin. Kasu horretan noketan egin zen. Bai hiketarekiko kezka hori badago. 



Zenbatek eman dute izena?
Marta. Hamarrek, bosna emakumezko eta gizonezko. Denetariko adinak daude, gehienak 30 eta 50 bat urteen artean daude. Adinduagoak ere badaude. Nik uste nuen gazte jende gehiagok emanen zuela izena, nolabait gazteek mugitu dutelako. 

Noiz izanen da ikastaroa? 
Marta. Lastailaren 17an hasi behar ginen. Atzeratu da eta, ustez, azaroaren 7an hasiko da. Larunbatetan da, 10:00etatik 12:00etara. 

Nolako ikastaroa izanen da? 
Patxi. Ni, lehenbizi, pozik hamar lagun bildu direlako. Abiatzeko oso kopuru polita da. Nik beste batzuen esperientziak ditut, materiala pilatzen ari naiz. Pena da Etxarrin grabazio asko daudela www.ahotsak.eus webgunean bilduta, baina ez dago ezta bat ere hiketan. Elkarrizketa grabatzean helburu asko egon daitezke, gure kasuan Etxarriko hizkera jasotzea. Horregatik, klasea eman daiteke, baina eredu eta adibiderik gabe abstraktuagoa egiten da. Politagoa da klasea ematea, eta lortzen badugu kontakturen bat edo beste grabatu. Hura entzun eta komentatzen duzu, nola esan du hau, zergatik esan du bestea, zer momentutan erabiltzen den hiketa, zein momentutan ez…  

Marta. Jendearekin egon ginen eta prest dago. Esaterako, Izaskunek grabaketa batzuk egin ditu. 

Izaskun. Patxik esandakoaren harira, Sakanako udal gehienek Labritekin ahozko ondarearen bilketa egin zuten duela urte batzuk. Elkarrizketa asko grabatuta dauzkate. Baina Patxik detektatu zuen hiketan ez zegoela grabaziorik. Hortik tiraka, Sakanako Mankomunitateak eta Sakanako Garapen Agentziak bagenuen proiektu bat sukaldaritza tailer batzuk antolatzeko. Baina ez gastronomia helburu batekin, baizik eta aitzakia gero mahaiaren inguruan euskalkiak eta hiketa lantzeko. Gauden egoera honetan aurrez aurreko ikastaroak antolatzea ez genuen ikusi, baina bideoak grabatzearena bai. Patxik eman zigun ideia horretatik abiatuta, grabatu ditugun Etxarriko bideoetan hiketan aritu dira, batzuk toketan eta besteak noketan. Oraindik editatzen ari dira eta zabaltzeko moduan ez badaude ere, ikastaroan erabiltzeko moduan egon daitezke. Etxarriko talde horrek barruan zuten aktorea atera dute eta lan erabilgarria izan daitekeela uste dut. 

Patxi. Ikastaroa despedituta, aukera eman dakioke jende horri, edo nahi duen guztiari, Mintzakide moduan segitzeko, astean behin elkartu eta hiketan aritzeko. 

Zenbat orduko ikastaroa da?
Marta. Zortzi-bederatzi saio egitekotan gelditu ginen. Eguberrien aurretik bukatu nahi genuen. 

Praktikatzeko aukera egonen da? 
Marta. Gure ikuspuntutik hau hasiera da. Bukatzean ikusiko dugu nola jarraitu, zer forma eman. 

Errazago izanen da euskaldun berri bat euskaraz aritzea baino? 
Izaskun. Bada pixka bat lotsa gainditzea. Salto hori eman behar duzu. Batzuetan euskaltegietan daudenak eta euskaldun berriak Mintzakidera animatzen ditugun moduan, beraiei ere hori suposatzen die, klasetik hitz egiterako saltoa egitea. Ahalegintxo hori eskatzen du. 

Patxi. Azken finean lotsa hizkuntzekin zer da? Gaizki hitz egitearen lotsa. Euskaldun berri batek gaizki hitz egitea euskara. Eta hemen hiketa gaizki erabiltzearena. Ikasi arte… Zeren ez dazkizu adizkera guztiak. Ariko zara batean zuketan, hiketan… eta kanpoko jendeak esanen du: “begira, begira nola ari den, zer itxuretan ari den”. Baina hizkuntza guztietan ikasteko bidea hori da. Hori da bidea, hasieran nahasian eta gero… Ikastaroa bulkada txiki bat da, animatzeko. Denok pasatzen dugu lotsa eta bildurra. 

Marta. Niretako zailena ohiturak aldatzea da. Ohituta bazaude zuketan hitz egitera, oso zaila izan behar du hiketan hastea. Orain Euskaraldian bezala, ez? Ohiturak aldatu beharra dauzkagu, ezta? Niri oso zaila egiten dakit. Baina datorren urtean honetan sakontzeko aukera izaten badugu, nik uste ez dugula zalantzarik izanen.