Bertsoaroaren garaia

Guaixe 2020ko aza. 5a, 09:40

Eneko Lazkoz eta Saats Karasatorre bertsolariek Bertsoaroan parte hartuko dute. ARTXIBOA

Gaur hasiko da 2020ko Bertsoaroa. Iruñeko Udalak eta Nafarroako Bertsolari Elkarteak elkarlanean antolatzen dute, eta hiriburuan bertsolaritza sustatzea du helburu. Saats Karasatorre eta Eneko Lazkoz bertsolari etxarriarrek parte hartuko dute. 

Bertsoaroaren 30. edizioa izanen da aurtengoa. Iruñean bertsolaritza bultzatzea du helburu zikloak, eta gaur hasi eta azaroaren 26ra arte bertsolaritzarekin zerikusirik duten zazpi saio eta ekimen antolatu dituzte Nafarroako Bertsozale Elkarteak eta Iruñeko Udalak elkarlanean. 

Zikloan parte hartuko duten bertsolarien artean sakandarrak daude: Saats Karasatorrek Bertso jasa, bat-bateko jolasa haurrendako tailerra eskainiko du Saioa Alkaizarekin batera, azaroaren 21ean, Mendillorriko Civivoxean eta Eneko Lazkozek bertsoaroaren amaierako Bertso Jaialdian parte hartuko du, azaroaren 26an, 19:00etan, Nafarroako Antzerki Eskolan.