Bertso saioak publikoarekin egin behar direla esan du Eneko Lazkoz bertsolari etxarriarrak. Bertsolaritzaren esentzia dira ikusleak. Haien barrerik, keinurik eta txalorik gabe, zaila da bertso saio bat egitea. Baina martxotik formatu horretan hainbat egin behar izan dituzte, hau da, ordenagailu pantaila batetik bota behar izan dituzte bertsoak. Pixkanaka eta osasun neurri guztiak jarraituz, bertso saioak antolatzen ari dira. Azaroaren 8an Etxarri Aranazko Kultura zerbitzuak goi mailako bertso saio arrakastatsua antolatu zuen Andoni Egaña, Maialen Lujanbio, Julio Soto, Nerea Elustondo eta Eneko Lazkoz bertsolariekin. Etxean aritu zen etxarriarra maskaradun publikoaren aurrean.
Martxoan dena eten zen, tartean kultura. Kulturaren barruan bertsolaritza dago. Nola eraman duzu egoera?
Bertsolarien artean ni ez naiz kaltetuenetariko bat. Urte normal batean ez ditut plaza asko egiten, eta aurten oso gutxi izango dira. Askoz kalte handiagoa izan dute astero kantatzen duten bertsolari horiek, bertsolaritza ogibide bakarra edo ogibidearen jardun zati bat daukaten horiek, kaltetuagoak izan dira. Kolpe ikaragarria izan da. Kultura moztu zuten lehenengo gauzatariko bat izan zen, eta horrek denoi zer pentsatu eman behar liguke. Kulturaren aldeko jarrerak eta aldarrikapenak askotan entzuten dira, baina gero praktikan ikusi dugu zenbat inporta zaien erakundeei.
Aldi berean, kultura asko kontsumitu da.
Bai, baina horrek ere ez digu utzi atzean dagoen arazoa ikusten. Tabernak itxi dizkigute eta denok eskuak burura eraman ditugu ezin dugulako kafe bat ere hartzera joan. Kultura ekitaldiak eten dituzte, eta Internetetik kontsumitzeko aukera dagoenez, inor ez da gogoratzen lanik gabe gelditu den artista horretaz. Eta ez artistak bakarrik, jende asko dago hortik bizi dena ere bai.
Egoera horretan, Nafarroako Bertsozale elkarteak Konfinamenduko bertso saioak antolatu zituen irratietan. Aukera bat izan daiteke?
Denok jaso genuen parte hartzeko gonbidapena, baina ordutegiengatik ezin izan nuen. Online saioak ere egin dira kamerekin grabatuta eta jenderik gabe. Baina niretako bertsoak jenderik gabe ez dauka zentzurik. Aurrekoan pilota partida telebistan ikusten egon nintzen eta niretako ez du zentzurik kirola edo bertsoak edo kontzertu batek jenderik ez badago. Are gehiago bertso saioak bertsolariaren eta publikoaren komunikazioan oinarritzen direlako, gehienbat. Pantailatik kantatzen ari zarenean oso hotza da. Nik saioren bat egin dut horrelakoa. Ez duzu inolako erreakziorik jasotzen, zu bakarrik zaude gelan. Baina publikoarekin parean dagoena ikusten da, eta txaloak entzuten dira.
Eta taulara itzuli zara, Etxarri Aranatzen bertan.
Udako kultur ekitaldietan komentatu ziguten udazkenerako beste ziklo moduko bat prestatzen ari zirela, eta bertso saioren bat egiteko ideia zutela. Ongi hartu nuen. Kontuan hartzekoa eta eskertzekoa da horrelako apustu bat egitea. Nafarroan batez ere, baina Euskal Herrian orokorrean, oso herri gutxitan egin dute horrelako apustua. Nik uste dut, kultura eta euskal kultura bereziki zaindu behar dela.
Gai bakarra izan zen: COVID-19.
Egia esan, beste zerbait espero nuen. Baina egia da ere ateratzen garen aldiro gai berdinaz hitz egiten dugula: pandemia. Hortik ateratzea zaila da. Agian, gai horretatik ihes egiteko beste gai batzuk proposatuko balituzkete, guk ohartu gabe pandemiaren gaia ekarriko genuke. Azkenean, gugan hain presente dagoenean zaila da ihes egitea. Baldintza asko daude orain: publikoaren murrizketa, denbora murrizketa eta abar. Gainera, hain obedienteak bihurtu gara denok… Bost minutu beranduago ateratzeak ere beldurra ematen digula. Baldintza horiek dira eta horrela egin beharko ditugu gauzak.
Baina pozik, ezta?
Bai. Nahiko gogorra izan zen hainbeste denbora jendearen aurrean kantatu gabe, kostatu egiten delako. Besteak gehiago ari dira. Normalean baino askoz gutxiago, baina ari dira.
Nola da aurrean aurpegiak beharrean, musukoak ikustea?
Harremana hoztu egiten da. Bertsoa oso barregarria denean, agian barreak aditzen dira, baina bestela publikoaren erreakzioak ez ikusteak asko hozten du. Kaleko harremanetan gertatzen ari den bezala, bertsolaritzan ere.
Kultura seguruaren aldarrikapena egin zenuen.
Gauza asko egin daitezke. Baina kontua da nahi izatea. Esaterako, Alerta Gorria taldearen kontzertu bat eserita ikusteak, agian, ez dakit zentzurik duen. Ez dut esan nahi Alerta Gorriaren kontzerturik ez dela antolatu behar, baina agian rock kontzertu batek mugitzea eskatzen dizu. Baina beste gauza batzuk neurriak beteta egin daitezke; antzerkia eta abar. Kulturari daukan garrantzia eman behar zaio, eta gauzak egiten saiatu behar dira.
Lanean jarraitu duzue?
Etxarriko bertsolariak elkartzen gara, eta gero gazteen bertso eskola ere martxan dago.
Bertsoaroa hasi zen hilaren hasieran. Nafarroako Bertsozale Elkarteak Iruñeko Udalaren laguntzarekin antolatzen du, eta azaroaren 26an ekimenaren amaierako jaialdian parte hartuko duzu. Prestatzen ari zara?
Duela hilabete eta erdi jaso nuen gonbidapena, eta prestatu, beno, data gerturatu ahala pentsatzen hasten zara.
Zer espero duzu?
Ez dakit zer izango den. Gai jartzailearen eskutan gelditzen da.