Euskal komediaren On Kixotea

Erkuden Ruiz Barroso 2020ko aza. 25a, 12:49
Mikelote eta Pantxo 'Ez Dok Ero' antzezlanaren protagonistak dira. GUILLERMO CASAS

Tartean teatro konpainiak 'Ez Dok Ero' antzezlana mustu du. Patxo Telleria eta Mikel Martinez aktoreen Ez Dok Hiruren bikote artistikoaren ikuskizun berria da euskal kulturaren "road trip-a". Azaroaren 27an, ostirala, 19:00etan, Etxarri Aranazko kultur etxean izanen da

Mustutzearen ondoren "lasaiago" daudela aitortu du Mikel Martinez aktoreak. Azaroaren 10ean eta 11n Ez Dok Ero antzezlana mustu zuten Bilboko Arriaga antzokian. Euskal kulturaren, antzerkiaren eta gizartearen irudi "deformatua eta barregarria" erakusten du antzezlanak, "gure buruaz barre egiten dugu". Nafarroako estreinaldia Etxarri Aranazko kultur etxean eginen dute, azaroaren 27an, ostirala, 19:00etan. Ondoren, Euskal Herriko hamaika txoko gehiagotara joanen dira.

Mikelote eta Pantxo dira Ez Dok Ero antzezlanaren protagonistak. Literatura unibertsalaren On Kixoteren eta Santxo Panza liburuaren irudiak ekarri dituzte gogora. "Mikelotek, nik, errealitatearen interpretazio eszentrikoak egiten ditu". Baina Pantxo begiak irekitzen saiatzen da. Urte luzez antzokietan ibili ondoren, haien formula zaharra gelditu da, eta belaunaldi berriek haien tokia okupatu dute. Pantxok ongi hartu du erretiroa, baina Mikelotek ez du bukaera onartu nahi. Hortaz, "antzerkilari ibiltaria" bihurtzen da herriz herri bere lan berria antzeztera joaten da

"Euskal kulturaren hainbat mugarri bisitatutako ditugu: Durangoko Azoka, Arantzazuko santutegia…". Road trip edo bidaia itxurako antzezlan bat dela azaldu du Martinezek. "Fikzioa da, baina errealitatean oinarrituta dago; gure bizitzetan oinarrituta dago". Patxo Telleriak sortu du antzezlan "eroa".

Helburua "geure buruaz" barre egitea da, eta haien buruaz ez ezik, euskaraz eta euskal kulturaz barre egiten dute ere, "inoiz baino gehiago". 2003. urtean sortutako Ez Dok Hiru bikotearen zigilua da. "Euskera sencilloaren manifiestoa, Lingua Nabajorum, Ez dok hiru euskal musikaren benetako istorioa… guztietan autoparodia egiten dugu". Norberaren buruaz barre egitea garrantzitsua dela esan du Martinezek, baita "porrotari" buruz barre egitea ere. "Porrota umorea egiteko asko erabiltzen da". Tartean teatroren "nortasuna" badira umorea egiteko bi elementu hauek. "Ironia" da gehien erabiltzen duten figura. "Eta ironia batzuetan zaila izaten da".

Antzezlanaren mustutzea "arrakastatsua" izan zela esan du aktoreak. "Gaur egungo neurriak kontuan hartuta, noski". Ikusleek "etengabe" barre egin zutela esan du, baina baziren "hunkitu" zirenak ere. "Gehienbat kulturaren arloan lan egiten dutenek esan zuten oso hunkigarria izan zela". Azkenean, norberaren buruaz hitz egiteak sentimendu kontrajarriak sortzen ditu. "Baina beti errespetuarekin egiten dugu".

Arriskatuz
Ez Dok Ero antzezlana duela urte bat inguru lantzen hasi ziren. Aurtengo azaroan estreinatzea aurreikusi zuten, baina tartean mundu mailako pandemia bat sortu zen. "Duela hilabete batzuk hasi ginen berriz entseatzen". Antzerkigilea ez ezik, ikuslea ere badela aipatu du Martinezek, eta taularen gainean zein beste aldea ikusi ahal izan duenaren arabera, "jendeak antzokira joateko gogoa du".

Etxarri Aranazkoa Nafarroako estreinaldia izanen da. Bira handia eginen dute ondoren, Euskal Herritik zehar, haien pertsonaien antzera: "Gaizki dago nik esatea, baina esango dut: Ez Dok Ero antzezlan oso ona da eta oso ongi pasako duzue. Gora antzerkia, gora euskara eta gora bizitza".