Udalak indarkeria matxistaren kontrako hainbat konpromiso hartu ditu

Guaixe 2020ko aza. 25a, 14:43
Etxarri Aranazko Udaleko langileek talde argazkia egin dute gaur goizean.

Dozena bat konpromiso dira hainbat arlori eragiten dietenak.

Emakumeen kontrako indarkeria ezabatzeko nazioarteko eguna dela-eta, Etxarri Aranazko Udalak hainbat konpromiso bere egin ditu mozio bat onartuz. Alde batetik, Emakumeen Munduko Martxak bultzatutako indarkeria matxistaren aurreko erantzun-protokoloa bere egiten du. Bestetik, konpromisoa hartu du COVID19aren krisiak indarkeria matxistetan izan ditzakeen eraginak aztertzeko, aldundiekin, Sakanako Mankomunitateko Berdintasun Zerbitzua, Berdintasunerako Nafarroako Institutuarekin eta mugimendu feminista eta emakume-elkarteekin koordinatuta, eta horiei aurre egiteko beharrezkoak diren ekintzak identifikatzeko. 

Horrekin batera, Etxarri Aranazko Udalak konpromisoa hartu du aurreko puntuan identifikatutako beharrei behar bezala erantzuteko beharrezkoak diren programak, neurriak edota zerbitzuak martxan jartzeko edo indartzen laguntzeko. Aldi berean, udalak erabaki du ez duela murrizketarik eginen 2021eko aurrekontuetan eta beharrezkoak diren partidak handituko dituela. Eta Nafarroako Berdintasunerako Institutuari eskatzen dio emakume eta gizonen arteko berdintasunaren alorreko aurrekontu-partidak handitzeko, berdintasun-zuzendaritzak eta epaitegi espezializatuak modu iraunkorrean sendotzeko eta indarreko legeria berraztertzeko konpromisoa hartzeko, nagusiki COVID19ko krisiak eragina berezia izan duen esparruetan. 

Etxarri Aranazko Udalak Sakanako Mankomunitateko Berdintasun Zerbitzuarekin lankidetza aritzeko konpromisoa hartu du. Lankidetza horren bidez herritarrendako, eta bereziki emakumeendako, dauden baliabideen gaineko informazioa eskuratzeko bideak erraztuko ditu eta dagokion lurralde mailan, indarkeria matxistaren kontrako zerbitzu-sarearen funtzionamendu egokia, elkarlana eta koordinazioa indartuko du (osasun krisiari egokituta), beti ere, kontuan hartuz adin txikikoak eta biktimen seme-alabak. Bestalde, COVID-19 gaitzak sortutako pandemia dela-eta, Etxarri Aranazko Udalak sortu ziren tokiko zaintza-sareak babestuko ditu, bai eta, oro har, herri-kolektiboen lana ere, indarkeria matxisten inguruko prebentzio eta sentsibilizazioko ekintza komunitarioak indartzeko eta bultzatzeko, egungo egoerara egokituta. 

Gehiago 
Udala Berdintasun Zerbitzuarekin lankidetzan, neskei, gazteei eta emakume helduei zuzendutako (eta egungo egoerari egokitutako) jabekuntza jarduerak abiatuko ditu, besteak beste ondorengo gaiak jorratu ahal izateko modu iraunkorrean: autodefentsa feminista, bikote harremanak eta harreman sexu- afektiboak, amodio erromantikoak, sexualitate libreak, eta abar. 

Zerbitzuarekin elkarlana beste esparru batera ere zabalduko da: nerabeei eta gazteei zuzendutako eta egungo egoerari egokitutako sentsibilizazio eta formazio jarduera iraunkorrak abiatuko ditu emakume eta gizonen arteko harreman parekideak sustatzeko xedez, zehazki: hezkuntza sexu-afektiboa lantzeko, indarkeria matxisten askotariko adierazpenak desnaturalizatzeko, baiezko onespena lantzeko, maskulinitate ereduak lantzeko eta bestelakoetarako.  

Udalaren eta zerbitzuaren arteko beste lankidetza esparru bat indarkeria matxista jasan duten emakumeen erreparazio eskubidea lantzearen ingurukoa da. Egungo egoerari egokitutako jarduera iraunkorrak martxan jarriko ditu udalak, esaterako: omenaldiak, zineforumak, bisibilizazio ekimenak (kaleen izenak edo jardunaldiak, kasu), kalte- ordainketak, akonpainamendu soziala eta beste. 

Azkenik, Etxarri Aranazko Udalak borroka feministaren alde hartu dugun konpromisoa berretsi du, indarkeriarik gabeko gizarte demokratiko bat eraikitzeko bide eta tresna nagusia den heinean. Eta, horrekin batera, bat egiten du mugimendu feministak azaroaren 25erako deitutako mobilizazioekin, eta jendarte osoari ere dei egiten diogu mobilizazio horretan parte har dezan.