Egunerokotasunaren umorea Euskaraldian

Erkuden Ruiz Barroso 2020ko aza. 30a, 13:56

Xabier Artieda 'Txor Txor' bakarrizketan Lakuntzako kultur etxean.

Euskaraldiaren harira 'Txor Txor' bakarrizketa egiten ari da Xabier Artieda aktore etxarriarra Euskal Herriko txoko askotan. Bihar, abenduaren 1ean, Altsasuko Iortia kultur gunean egonen da, Sakanako zenbait herritan egon ondoren

Txor Txor bakarrizketa Euskaraldiaren barruan dagoen ekimen bat da, Xabier Artieda aktoreak azaldu bezala. Hiru monologistak egiten dute: Artiedak, Nerea Arriolak eta Beatriz Egizabalek. "Euskaralditik lan hori egitea proposatu ziguten. Aurtengo edizioaren argibideekin txosten bat pasatu ziguten, eta umorera eramatea eskatu ziguten". Konfinamenduaren erdialdean zeuden eta bideo deien bidez hiru aktoreak dena prestatzen hasi ziren. "Gure artean txisteak nora eraman eta antolatzen hasi ginen, baina gero bakoitzak bere bakarrizketa egin du". Aktore bakoitzak bere alderdira eta ibilbide artistikora eraman du ikuskizuna. Emanaldi asko egiten ari da Euskal Herria osoan, eta Sakanan hainbat geldialdi egin ditu: Etxarri Aranatz, Bakaiku, Lakuntza… Bihar, asteartea, 19:00etan, Altsasuko Iortia kultur gunean izanen da. Sarrera doan da, baina aurretik gonbidapena hartu behar da.

Umorea egiteko formula perfektua ez da existitzen. "Zehazki ez dakizu inoiz". Artiedak jarraitzen duen estrategia gertaerak eta egoerak absurdora eta muturretara eramatea da. "Nik hor aurkitzen dut komedia. Beste batek beste modu bat erabili dezake. Esaterako, informazio asko dauka eta informazio hori joko komikoak egiteko erabiltzen du". Artistaren lanaren araberakoa da umorea sortzea. Hala ere, "egoera bat absurdora eramatea" asko errepikatzen den formula da. "Jendeak bat egiten du egoera horrekin, eta hortik komedia sortzen da".

Bakarrizketak
"Esperientzia nahiko berria da niretako bakarrizketa bat, hizketan, egitea". Artieda agertokian bakarrik antzeztera ohituta dago, izan ere, Everybody needs… heroes! bezala antzezlanetan bakarrik aritzen da. Baina kasu horretan antzerki fisikoa egiten du. Mugimenduaren bidez adierazten du, "beste modu batera eramanda". Beraz, bakarrizketa egitea "erronka bat" iruditu zitzaion hasieran. "Bueltak ematen egon nintzen emanaldiak zer behar zuen jakiteko". Emanaldiak egiten joan den heinean, lanak zer eskatzen zion ikusi zuen: "Publikoarekin noiz konektatzen nuen eta noiz galtzen nituen… fintzen joan naiz". Dagoeneko "harrapatu" duela uste du etxarriarrak. "Sekretua zein den. Ez dakit. Filtro asko daude. Tipula bat bezala. Nik erabiltzen dudana ikusleari begiratzen da, konektatzen saiatzea eta handikerietan ez erortzea. Era umil batetik egitea". Bakarrizketan "gertutasuna" bilatzen du.

Publikoaren jarrera ezinbestekoa da. "Emanaldi hauetan eta emanaldi mota guztietan". Antzezlearen eta publikoaren artean sortzen den komunikazioa ikuskizunaren % 60 edo 70 dela azaldu du aktoreak. "Ni taularen gainean nago, baina behean, ikusten ari dena ere oso garrantzitsua da. Komunikazioa sortzen da". Publikoa eta sortzen den komunikazio hori, gainera, mota askotakoa izan daiteke, eta Txor Txor bakarrizketarekin egiten ari den biran herrien araberako hainbat publiko mota ezagutzen ari da: "Herri batzuetan oso lotsatiak dira eta beren parte hartzeko modua lasaiagoa da. Beste batzuetan, berehala hasten dira txaloka edo barrez, gehiago ematen dute hasieratik". Bakoitza bere modura, baina "denak ongi" daudela esan du Artiedak. Modu honetan ere, publikoaren aniztasunari esker, lana garatzen doa. "Lan bat ez da inoiz tinko gelditzen. Etengabeko aldaketa bat egiten du. Hasieran egiten nuenak eta orain egiten dudanak ez du zerikusirik".

Pandemia
"Garai bereziak dira". Pandemiagatik ikusleek maskarak jantzi behar dituzte, pertsonen arteko distantzia mantendu behar da eta beste hainbat neurri jarraitu behar dira. Baina "kultura segurua dela" aldarrikatu du etxarriarrak. Maskararekin "informazio falta" dutela esan du. "Maskarak ikuslea despertsonalizatzen du". Txaloak eta barreak entzuten direla adierazi du Artiedak. "Horiek entzuten eta nabaritzen ditugu. Norbait irribarretsu dagoenean ere nabaritzen da".

Konfinamendua "niretzat" baliatu nahi zuen aktoreak: "Pentsatzen nuen lasai egongo nintzela eta nire barnera begiratzeko eta nire baitako gauzak egiteko aprobetxatuko nuela". Azkenean, ezin izan zen geldi egon eta Txor Txor bakarrizketa presatu ez ezik, antzezlan bat idatzi zuen eta musika talde bat ere sortu nuen, gitarrista batekin.