Txakurkrosa

Etxarri Aranazko Txakurkrosa ere bertan behera

Guaixe 2020ko abe. 2a, 14:00

Abenduaren 27an zen jokatzekoa, baina osasun larrialdiagatik proba bertan behera uzteko erabakia hartu du antolakuntzak. Egoerak hobera egiten badu proba aurrerago egitea ez dute baztertzen

Abenduaren 27an zen jokatzekoa Etxarri Aranazko IV. Txakurkrosa. Triku Trail taldea eta Euskanikross taldea dira antolatzaileak, Xalok dietetika eta nutrizio zentroaren, Etxarri Aranazko kanpinaren, Etxarri Aranazko Udalaren eta beste hainbat babesleren laguntzarekin. Baina COVID19 birusak sortutako pandemia dela eta, azaroaren 25ean proban bertan behera uzteko erabakia hartu zuen antolakuntzak. 

“Gogorra da baina ez dugu beste aukerarik. Inork hartu nahi ez lukeen erabakia hartzera behartuta gaude: Etxarri Aranazko Txakurkrosaren IV. Edizioa bertan behera uztea. Osasun larrialdia dela eta, gaitzaldiari aurre egiteko prebentzio eta babes neurriek gurea bezalako proba herrikoiei ez digu inongo aukerarik ematen. Gu ere arduratuta gaude egoerarekin eta ez dugu erokeriarik eginen. Gu eta gure ingurukoak babesten jarraitu behar dugu. Egoera irauli arte, arduraz eta zuhurtziaz aritu beharko dugu” azaldu du antolakuntzak zabaldutako prentsa oharrean. 

Proba beranduago antolatzeari ez diote atea ixten. “Etxarri Aranazko Txakurkrosaren antolakuntzak ez du baztertzen, gaitzaldiak hobera egin eta Nafarroako Gobernuaren dekretuek kirol proba herrikoiei aukerak emango balizkiote, proba 2021 urteko lehen hilabeteetan antolatzea” dio antolakuntzak, txakurkrosean aritzen direnei zaintzeko eta entrenatzen jarraitzeko gomendioa eginez.