Herriko dendetan kontsumitzeko bonuak atera ditu udalak

Alfredo Alvaro Igoa 2020ko abe. 7a, 11:31

Etxarriarrak plazan. Artxiboa.

Bi bonu dira, 15 eurokoa bata eta 10 eurokoa bestea, eta helburua Etxarriko komertzioa sustatzea, bertako denda eta saltokiekin bat eginez. Kontsumo bonuak udaletxeko bulegoan eros daitezke, astegunetan 10:00etatik 14:00etara. Abenduaren 31ra arte erosi eta erabili daitezke.

Herriko saltokietako kontsumoa sustatzeko ekimena sustatu du Etxarri Aranazko Udalak Sakanako Dendari, Ostalari eta Zerbitzuen Elkartearekin batera. Etxarrin bizi! Etxarrin erosi! lelopean bi kontsumo bonu atera ditu Udalak. Lehenengo bonua 15 eurokoa da. Herritarrek 8 eurotan erosiko dute, eta Udalak 7 euro finantzatuko ditu. Bonu hau ekimenean atxikitako ondoko saltokietan erabili ahal izango da: ile apaindegi eta estetika zentroak, akademiak, arropa-dendak, fisioterapeutak, masajistak eta altzari-dendak. 

Bigarren bonua 10 eurokoa da. Kasu horretan, herritarrak 6 euro ordainduko ditu eta udalak 4 euro finantzatuko ditu. Bonu hori ekimenean atxikitako ondoko dendetan erabili ahalko da: liburudendak, jatetxeak, tabernak, ostatuak, elikadura dendak, okindegiak edo botikak. 

Etxarrin bizi! Etxarrin erosi! kontsumo bonuak Etxarri Aranazko Udal bulegoetan eros daitezke, abenduaren 31ra arte, jendaurreko ordutegian (astelehenetik ostiralera 10:00etatik 14:00etara), eta bonuak erabiltzeko epea egun horretan, abenduaren 31n, despedituko da.