Autokarabanendako gunea eguberrietarako

Guaixe 2020ko abe. 23a, 10:19

Larreñondo kalean dago, birziklatze etxolaren ondoan, eta 17 autokarabanendako tokia izanen du. Lanak azaroaren erdialdean hasi ziren eta eguberrietarako despedituko dituzte. 

Autokarabanendako gunea egiteko ideia aurreko legegintzalditik heldu zen. Hala azaldu digu Silvia Marañon Chasco alkateak, eta gaineratu duenez, “Etxarri leku estrategikoan dago, Euskal Herriaren erdian. Hori dela eta, autokarabana erabiltzaile askok geldialdia egiten dute herrian, bidea jarraitu baino lehen. Gure ustez, egoera hori arautzeko modu bat da gunea, eta, bide batez, autokarabanistek Etxarri eta inguruak ezagutzeko eta herrian kontsumitzeko aukera bat ere”.

Gunea sortzeko ideia izanik, Marañonek azaldu digunez, “herriko hainbat autokarabanistekin lan taldetxo bat sortu genuen”. Gunearen nondik norakoak zehaztu zituzten haiekin. Gainera, “arratsalde batez eraman zituzten beraien autokarabanak hara eta, horrela, sarrerak eta aparkalekuen kokapenak ongi kalkulatu genituen”.


Larreñondo kalean prestatzen ari diren autokarabanendako guneak 900 metro karratu hartzen ditu eta 17 autokarabana sartzeko aukera ematen du. Lanek 13.000 euroko aurrekontua dute. Horri aurre egiteko Etxarri Aranazko Udalak Nafarroako Gobernuak despopulazioaren kontrako jarduerak finantzatzeko Zehaztapen Libreko Tokiko Inbertsioen Planeko dirulaguntza erabiliko du (26.000 euro jaso zituen). 

Guneaz 
Bere ibilgailua han aparkatzen dutenek aukera izanen dute ur biltegia betetzeko eta ur beltzak husteko ere. Gune berria erabiltzea doakoa izanen da, “herria ezagutzera emateko asmoz sortu baita”. Hala ere, alkateak zehaztapena egin du: “ezin izanen da 72 ordu baino gehiago erabili aste batean, beraz, 3 egun egon daitezke aste batean”. Autokarabanistek herri erdian epe labur horretan egoteko aukera ematez, “herria ezagutu eta eskaintzen dituen zerbitzuak erabil ditzakete. Hori guztion onerako izanen da: dendak, tabernak, negozioak... Eta, gainera, herriari bizitza gehiago emanen diola uste dugu. Gainera, gurean egon ondoren, ingurunea gustuko balute, bueltatzean udal-kanpineko zerbitzuak denbora luzeagoz erabiltzeko aukera izan lezakete”, gaineratu du Marañonek. 

Etxarri Aranazko autokarabanendako gunea Sakanako bigarrena izanen da Uharte Arakilgoaren ondoren. Irurtzungo Udala halako gunea egiteko lanak emateko tramitazioa aurreratua du. Eta Altsasuko eta Olatzagutiko udalak ere halako espazioak prestatzeko asmoa azaldu dute inoiz, azkenak, aurrekontuan ere jaso izan du.