Egoerara egokitutako jaialdia

Guaixe 2020ko abe. 21a, 13:03
2020ko 'Zama doinuz arindu' jaialdia. SAIOA GAUILUNAK/ARTXIBOA

Seigarren urtez 'Zama doinuz arindu' musika ikuskizuna eginen dute urtarrilaren 17an, Etxarri Aranatzen. 2021. urteko edizioa, aldiz, berezia izanen da: Internet bidezko jaialdia izanen da

Bost urtetan berrogei musikaritik gora igo dira Etxarri Aranazko kultur etxeko oholtzara Zama doinuz arindu jaialdiaren parte izateko. Kontzertu bat baino gehiago dela esan du Mikel Mundiñano jaialdiaren antolatzaileak: "Izenak dioen bezala zama arintzeko ariketa bat da, urrunketak eta salbuespenezko espetxe politikak sortzen duen sufrimendu eta zama guzti hori arintzeko ariketa bat". Aurten ere "modu batean edo bestean" egiteari garrantzia ematen zioten, "zama handiagoa delako; presoek, iheslariek eta senideek bizi duten egoera azkoz gogorragoa da pandemia honek sortu dituen egoerengatik". Hortaz, urtarrilaren 17an, Zama doinuz arindu jaialdiaren seigarren edizioa izanen da, Internet bidez.

"Sorpresak" egonen diren arren, dagoeneko kartelaren zati handi bat osatu dute: Eñaut Elorrieta, Erramun Martikorena, Zetak taldea, Skabidean, Anita Parker eta Brigade Loko. Bestetik, urtero bezala bideoek eta kontakizunek garrantzia handia hartzen dute, eta esparru horretan Xabier Silveirak, Expraik eta Erlantz Estebanek ere parte hartuko dute. Jaialdiak presoek, iheslariek eta senideek jasaten dituzten egoerak islatzen ditu egindako kontakizunaren bidez, eta horretarako gai bat zehazten dute. Aurtengo jaialdiaren formatua "desberdina" denez eta "egoerara" egokitzen den gidoia prestatzen ari dira. "Gaia orokorra izanen da, baina kontuan hartuko du gaur egungo kontestuaren egoera eta momentu honetan Etxarri Aranazko presoen egoera".

Kultur etxetik Internetera
Zama doinuz arindu jaialdiaren helburua, "zama" kentzea da; jaialdiaren bidez laguntza ekonomiko "handia bat" lortzen dutela azaldu du Mundiñanok: "Urrunketaren gastuei aurre egiteko". Beraz, aurtengo osasun krisialdiagatik sortutako egoeragatik "ez da bideragarria" urteroko jaialdia egitea. Horregatik, Internet bidez egitea planteatu zuten. "Jendeak sarrerak erosiko ditu, eta egunean bere etxean edo nahi duen tokian ikusiko du". Sarrerek 10 euroko prezioa dute, eta Etxarri Aranazko udalaren webgunean eta Xapatero eta Leku ona tabernetan eros daitezke. Gainera, aurten "ahalegin berezia" egin nahi izan dute: "Herriko jendearen artean arduradunak bilatu ditugu eta haiei sarrera horiek saltzeko ardura eman diegu. Kuadrillen artean zabaltzen ari gara. Ahalegin berezi bat". Sarrerak erosten dituztenek urtarrilaren 17rako esteka bat jasoko dute, kontzertua jarraitu ahal izateko.

Teknikoki zailtasun gehiago eskatzen duela esan du Mundiñanok. "Baliabide teknikoetan inbertsioak egin behar dira, aurten inoiz baino gehiago eginen dugu". Grabaketak egiteko kamerak, soinua ahalik eta egokien hartzeko tresnak… "Ahalegin gehiago egiten saiatu gara, eta horri helduko diogu ez daukagulako besterik". Egoerak behartzen du. "Gure xumetasunetik, guk dauzkagun gaitasunen eta aukeren arabera, saiatuko gara ahalik eta etxe gehienetara kalitate handienean iristen".

Etxe batean Internet bidez ikustea desberdina izanen den arren, "jendeak badaki zein formatuta lan egiten dugun, nola egiten dugun lan, eta aurten ere norabide horretan egiten saiatuko gara. Jendeak ikus dezan zer garrantzitsua den zama arintze hori momentu honetan". Jaialdiaren atzetik dagoena eta aurrera eramatearen garrantziaz hitz egin du antolatzaileak ere.