Iruñea batxilergoa bukatu ondoren ezagutu zuela esan du Xabier Mintegi. Iruñea "hiri kuttuna" da etxarriarrarendako. Gaur egun, Nafarroako hiriburuan bizi da, baina herrimina beti hor dagoela aitortu du, eta beti etxarriarra izanen da. Txikitatik entzierroarekiko grina izan du. Ama lasterketa ikustera jaikitzen zen, eta Mintegi bere atzetik joaten zen. Duela hamar urte, 2010eko uztailaren 8an, sanferminetako entzierroetako barreratik salto egin zuen. Unibertsitateko lagun batekin hasi zen, eta berak barnetik ezagutzen zuenez, lehenengo aholkuak eman zizkion. "Bertigo" pixka bat ematen duela aitortu du. Baina ordutik, entzierroak bizitzeko modu bat bihurtu dira. Haiekin batera zezenaren mundua ezagutu du etxarriarrak ere. Orain, bizitutako guztia Amanece en San Fermin liburuan bildu du. Benetako esperientzietan oinarritu da.
'Amanece en San Fermin' liburua argitaratu duzu. Zergatik?
Niri beti idaztea gustatu izan zait. Beti. Unibertsitatean lanak egin behar zirenean, eta gaiak aukeratzeko askatasuna geneukanean, nik gaiak nire arlora eramaten nituen beti. Dendaren inguruko gaiak… Inoiz ez dut idazteko edo kontatzeko problemarik izan. Entzierroarekin berdina gertatzen zait. Oso pertsona sentimentala naiz eta barnean daukadana idatziz ateratzea gustatzen zait, hitzez ateratzea baino. Entzierroko sentimendu asko idazten atera ditut. Sare sozialetan, orrietan… Hor neuzkan ohar batzuk eta denbora nuen egun batean hiru edo lau batera irakurri nituen eta pentsatu nuen hortik tiraka eta barnean neuzkan ideia batzuekin elkartuz zerbait idatzi nezakeela. Liburu batean bukatuko zela bururatu gabe. Horrela hasi zen.
Nola izan zen prozesua?
Liburuan ikusten da hasiera puntu bat dagoela, gaztetako hasiera puntu bat, eta orain bukatzen da, heldutasunean, hausnarketa batzuekin. Ez da kasualitatea izan, baina ez da aurretik pentsatuta zegoen zerbait. Gai batzuk nituen, eta gai batzuk atera nahi nituen: heriotza, bizitza, zezenari buruzko kapitulu bat dago, jendeari buruzko beste bat… Gai batzuk landu nahi nituen bai ala bai. Hasierako kapitulu horietan badaude hiru jarraian: entzierroa baino lehenagoko momentuak, entzierroa berez eta entzierroaren ondorengo momentuak. Horiek egiteko ideia argazki batzuetatik atera zen. Ditudan entzierroaren argazki guztiak gorde egiten ditut, eta hiru karpetetan sailkatzen ditut: entzierro aurrekoak, entzierroa eta entzierro ondokoak. Entzierroaren argazkiak egunkarietan-eta aurkitzea nahiko erraza da, baina badaude beste argazki batzuk zu konturatu gabe ateratzen dituztenak lehenagoko trantze horietan, minutu gutxi gelditzen direnean, edo ondorengo euforia momentu horietan. Pentsatu nuen interesagarria izango zela hiru kapitulu horiek sartzea. Kontraste handia dagoelako minutu batzuk gelditzen direnean dituzun sentipenak eta minutu batzuk pasatutakoan zer aurpegi eta zer sentipen dituzuen. Hori azaltzea nahi nuen.
Besteak beste, bizitzaren inguruko hausnarketa egiten duzu. Eta zuretako bizitza denbora da.
Ez dakit den soziologia ikasi nuelako edo lanean hasi nintzenetik autonomoa izan naizelako, goxoki dendarekin, baina horri buruz asko pentsatu dut eta asko pentsatzen dut. Zer bizi kalitate daukagun. Hor sartzen da zertan inbertitzen dugun denbora, zer protagonismo ematen diogun lanari… Horri buruzko gogoetan asko dauzkat eta entzierroekin eta sanferminekin elkartzea interesgarria zen.
Jendearekiko harremanak ere leku handia dauka.
Aurrekoan Iruñeko lagun batekin hitz egiten egon nintzen, Aitor Aranarekin, Etxarriko kanpinera asko etortzen dela eta harremana handia egin genuela, eta esaten zidan liburuaren erdia irakurri duela eta oso ongi dagoela. Hori pixka bat nabarmendu zuen, jendea. Hitz egiten genuen bion artean entzierroa dela jendeak telebistan ikusten duena, baina guretako askoz gehiago da. Entzierroa, urtean zehar horrekin buruan izatea da, baloreak barneratzea eta bizitzan aplikatzea. Baita zer den benetako laguntasuna eta zer ez den; bizitzan lagunen artean esperientzia onak eta txarrak izan ditugu, eta zer ematen diogun garrantzia eta zeri ez.
Barrenak hustu dituzu?
Idazten nengoen momentu horretan zerbait kuriosoa gertatu zitzaidan: husten ari nintzen bitartean orriak betetzen ari ziren. Momentu batean hustu eta bete paraleloki joan ziren. Oso polita izan zen. Dena azaltzea nahi nuen. Ez nuen barnean ezer utzi nahi. Lortu dudala uste dut. Nik behin eta berri irakurtzen dut, eta idatzi nahi nuena da. Gehiago edo gutxiago transmitituko du, baina ni pozik gelditu naiz.
Hitzaurrea Fermin Baron ‘Pitu’-k idatzi du.
30 urte baino gehiago daramatza entzierroan korri egiten, eta sustrai arbizuarrak dauzka. Berarekin harreman berezia daukat. Liburu bat idazten ari nintzela esan nion, eta luma oso azkarra zuela nekienez, proposatu nion. Niretako ohore bat zen. Baietz esan zidan eta ez nion testua bidali ez nuelako baldintzatu nahi. Bitxia da nola irakurri gabe liburuaren gakoak ematen dituen, liburuan oso ongi sartzen da. Ez dakit frikitasuna izango den, baina mundu honetan parte hartzen dugunak ikusten dugu bizitza antzeko moduan.
Liburu gehiago idaztea aurreikusten duzu? Proiektu berririk dituzu?
Gustatu zait. Mundu bat ezagutu dut. Dendarekin ezagutu nuen nire buruarendako lan egitea gustatzen zaidala, eta beti egon naiz buletak ematen. Orain hau suertau da, ez zen bere helburu nagusia komertzializazioa, baizik eta barnean zegoena kanporatzea. Gustuko bazen, ongi, bestela, ni gustura gelditu naiz. Baina egia da idazte prozesu horretan asko gozatu nuela. Gustatu egin zait eta ez dakit zer etorriko den. Liburua irakurtzen duena ikusiko du ez duela ematen bitarren zati baterako. Ez du jokoa ematen. Liburu idazten zirkulua itxi nuen, bukatu nuen. Nire liburu kuttuna izango da. Ez dakit gehiago egongo diren, baina gehiago badaude hau bereziena izango da. Baina idaztea gustatu zait, eta ez dakit etorkizunean zer gertatuko den.
Autoeditatu duzu, ezta?
Ezagutu dudan beste mundu bat izan da. Behin testua bukatu nuenean, nola egin daitekeen ikasi nuen. Argitaletxe klasikoak daude, non zuk testua bidaltzen duzun eta beraiek ikusten dute edukiak komertzialki izan dezakeen eragina. Atera edo ez erabakitzen dute. Gero autoedizioaren aukera dago. Hasieran 400 ale publikatu nituen, eta asko iruditu zitzaizkidan. Gehien bat, kutxak etxera iritsi zirenean. Hanka barruraino sartu nuela pentsatu nuen. Batzuk dendan utzi nituen, Iruñeko Abarzuza liburu dendan eta Estaferta kaleko La Casa del Liburu liburu dendan fisikoki dendan eta wegunean ere. Mugimendua egonda. 400 joan dira, eta bigarren edizio bat berrinprimitzen ari gara. Abenduaren bukaeran iritsiko dira. Leku berdinetan banatuko ditugu. San Sebastian de los Reyesetik ere eskatu didate.
Liburuaren helburua?
Entzierroak asko eman dit, eta hau entzierroari eman diezaiokedan gutxi hori bada, ni gustura. Hedapena badauka, hobe. Oso kuriosoa da La Casa del Libroko Karmelok deitzen didanean esanez liburuak ditudala sinatzeko.
Gainera, sanferminik eta entzierrorik egon ez den urtean publikatu duzu.
Kasualitatez izan da. Gauzak sortzen zaizkidanean egiten ditut, ondorio komertzialetan asko pentsatu gabe. Apirila bukaeran izan zen esan nuela gai ikusten nintzela egiteko, eta liburua fisikoki eskuartean izan nuenean konturatu nintzen sanferminik ez dagoen urte honetan izan dela. Jendea nostalgiko egon daiteke, eta horrek agian saltzen lagundu du.
Nola bizi duzu sanferminik ez egotea?
Ohean sartu nintzen eta ez nintzen atera. Oso gogorra egin zait. Uztailaren 7an jai genuen eta entzierroko lagun askok esaten zidaten igoko zirela eta bertan elkartuko garela. Nik esaten nien ea masokistak diren. Ni ez naiz joaten ezta erotuta ere. Pena bizitu nuen eta hurrengo egunak ere tristeak izan ziren.