Monika Arratibel Goñi

"Heldu askori ongi etorriko litzaieke ipuin hau irakurtzea"

Erkuden Ruiz Barroso 2021ko urt. 19a, 13:36
Xabi Etxaniz Ulazia eta Monikak Arratibel Goñi Durangoko Azokan ipuina aurkezten. UTZITAKOA

Ikasleei kontatzeko sortu zuten Monika Arratibel Goñik eta Xabi Etxaniz Ulaziak 'Laino txiki, egizu negar poliki' ipuina. Euskal Herria zeharkatu ondoren, Laino txiki liburu bihurtu zen.

Etxarrin bizi den Monika Arratibel Goñi ataundarrak eta Xabi Etxaniz Ulaziak Laino txikiaren inguruko liburua Durangoko Azokan aurkeztu zuten. Konfinamendu garaian sortutako liburu bat da, eta ondoren Erein argitaletxeak argitaratzeko aukera eman zien.

Nola bururatu zitzaizuen ipuina?
Konfinamendu garaian sortutako sormen lan bat da. Xabi eta bion artean egin genuen. Biak profesioz irakasleak gara, eta konfinamenduan online moduan aritu ginenez, gure tresnak bideoak, youtube eta abar ziren. Hori zen egunerokotasuna. Kartutxo ia gehienak gastatuta geneuzkanean, Xabiri Laino txikia bururatu zitzaion.

Beraz, hezkuntza tresna bezala sortu zen?
Esan daiteke baietz. Xabik marrazkiak sortu zituen eta forma hartu zuenean youtubera igotzea proposatu nion. Nik nire ahotsa jarri nion eta nire ikasleei bidali nien. Eskola guztira zabaldu zen. Gero lagunei eta familiari bidali nien. Elizondon hasi eta Bizkaiko beste puntaraino eta Euskal Herri guztian bidaitzen ibili zen Laino txiki hau. Egia esan, konfinamendu garaia Laino txikiaren istorioa bidaiatzeko oso egokia izan zen, garai horretan etxe askotan bideoak, ipuinak, jolasak eta abar ikusten zirelako.

Nola pasatu zen bideo izatetik liburu formatura?
Youtubera igo genuenean bereziki familiakoek eta lagunek esaten ziguten oso polita zela. Beste batzuek ea non erosi zezaketen galdetzen ziguten. Nola erosi! Nik ez neukan ezta paperean inprimituta ere. Ikasleei bidaltzeko sormen lantxo bat baino ez zen. Publikatu behar genuela esaten hasi ziren. Baina ez geneukan ideiarik zer egin behar zen liburu bat publikatzeko, eta lagun batek idazle baten kontaktua eman zidan eta berak argitaletxe batzuen kontaktuak eman zizkidan. Ereini proiektua asko gustatu zitzaion eta paperean egiteko aukera eman zigun.

Zer kontatzen du?
Laino batek negar egiten ez zuen ikasi eta lagunek, arduratuta, lagundu nahi diote badakitelako zaborra edo tristura guztia barruan gordetzen badugu, kalte besterik ez digula egiten. Gehiago ezin dut kontatu, baina beste lagunak baino handiagoa izan nahi du lainoak eta umiltasunaren balorea, lagunen behar hori, lagunen laguntasuna izatea… balore horiek lantzen dira.

Egoera honetan, balore horiek garrantzitsuagoak bihurtu dira?
Xabik “Bazen behin negar egiten ikasi ez zuen laino bat…” bidali zidanean, bukaera oso garbi gelditu zitzaidan: negar egiten ikasi behar zuen. Nigan pentsatu nuen, eta zerk ematen dit negargurea? Nik ez diot nire bizitzari zentzua bilatzen lagunik gabe. Konfinamenduan, bakarrik nengoenean, lagunei horrelako zerbait zor niela pentsatu nuen. Lagunen behar horretatik sortutakoa da.

Irudiak nolakoak dira?
Xabik digitalki egin ditu; akuarela estiloa. Zoragarriak dira. Liburua ez da bakarrik hitza, marrazkiek egiten dute liburua eta Xabi horretan oso ona denez, ederki islatu du. Mendi batzuk agertzen dira, eta nik aldatzeko esan nion gauza bakarra San Donato jartzea izan zen.

Zer adin tarterako bideratuta dago?
Nik beti esaten dut haur literatura edozein adinetarako dela, nahiz eta aurretik haur hitz izan. Zoritxarrez, jende asko dago Laino txiki bezala besteak baino handiagoak izan nahi dutena, besteak zapaldu nahian; handikeria hori daukana. Heldu askori ere ongi etorriko litzaieke liburu hau irakurtzea. Guk transmititu nahi duguna ulertuta, noski. Adin tarterik ez dut jartzen. Balore horiek helduei ere ongi datozkigu. Baina hiru urtetik zazpi urtera bideratuta dago. Baloreez gain, ahozkotasunagatik ez balitz, galtzen diren esamolde edo esaera zaharrak ere erabili ditugu. Familian ugari dira, baina aurten Gasteizen irakasle izanda, transmisio hori gertatzen ez bada, galdu daitezkeela iruditzen zait. Ni saiatzen naiz eskolatik ezagutza hori ematen, eta ipuinean pare bat daude. Gainera, errepikapen teknika erabili dugu. Esaldi bat askotan errepikatzen da. Umeak seguruago sentizten dira behin eta berriz errepikatzen den esaldi batekin.

Zuen lehenengo liburua da, ezta?
Ez genuen pentsatu ere egiten formatu honetan sekula ikustea. Nik betidanik Ataungo Jentilbaratza kultur elkartean ibili izan naiz euskal mitologiaren istorioak lantzen eta kontatzen. Joxe Miel Barandiaranen, Joxe Arratibelen eta galdutako istorio horiek antzezten eta ipuinak kontatzen, baina gure sormenetik sortutako ezer ez nuen kontatu. Oso berezia izaten ari da.

Zer desberdintasun ikusi dituzu besteen ipuinak kontatzetik zurea kontatzera?
Besteen ipuinak kontatzerakoan, aurretik hamar bat aldiz irakurtzen ditut eta nire ikasleei kontatzea gustatzen zait gorputz adierazpena erabiliz, ahotsa altutu behar denean, besoak mugitu, sustoa eman… Oso landuta eramaten dut. Orain, nire ipuinarekin, urduri xamar joan nintzen klaseko lehen egunera. Nerbio puntu batekin joan nintzen. Liburua eskuetan izan aurretik kontatu nuen, eta arazorik gabe. Baina liburua eskuan izan dudanean, errespetu pixka bat eman dit.

Durangoko Azoka bererezi batean aurkeztu zenuten.
Esan daiteke nire ametsetako bat bete dudala. Bizi guztian ezagutu dut Durangoko Azoka eta beti joan izan naiz. Sortzaile bezala joatean izugarria izan da. Pena da egoeragatik mugak itxita zeudela eta familia eta lagunak ez izan zirela joan. Ondoren, Ataunen beste aurkezpen bat egin genuen eta oso berezia izan zen herrian izan zelako. Ipuina kontatu ez ezik, aspaldi egon gabe nengoen familiarekin eta lagunekin egoteko aukera ere izan nuen.

Egoera berezi honetan, are bereziagoa da zuendako?
Azkenaldian pena gehiegi izan dira, eta Laino txikiari esker behintzat poz txiki bat izan dugu. Ez bakarrik liburuagatik; bidaltzen dizkigutenean argazkiak haurrak gure liburua ikusten edo ipuina kontatzen… Beste bat sortzeko edo behintzat egunerokotasunari kolore pixka bat emateko indar asko ematen didate.

Ipuin gehiago dituzue buruan? Bigarren zati bat agian?
Asko amesten dut, eta lo baino esna amesten dut. Laino txiki honi mila modu bilatzea gustatuko litzaidake. Alde batetik, materiala sortzearekin amesten dut: argi mahai batekin itzalekin kontatzea, paperetik atera eta txontxongilo moduan ipuina kontatu…. Eskolan eguerakotasunean erabili daitekeen materialak sortu. Bestetik, jendeak esaten dit bigarren parte bat behar duela. Laino txikiaren itzulera. Egia esan, ez diot buelta gehiagi eman. Beste sormen lan batzuk baditugu buruan; beste pertsonaia batzuk. Baina beste lan bat badugu, irakasleak gara, eta bizitza soziala orain txikiagoa bada ere, asko gustatzen zaigu. Denerako denbora ateratzea zaila da. Antolatuko gara egunean batean.

Beste konfinamendu bat beharko duzue, beraz.
Ez, mesedez. Beste konfinamendurik ez. Baina egunerokotasunean ez da erraza tarte bat hartzea. Tartetxo bat beti hartzen dut ideiak apuntatzeko. Koaderno bat beti irekita daukat eta hor apuntatzen joaten naiz. Baina koadernoko letrak eta koloreak lotu, jantzi eta orraztu behar dira. Horretarako denbora hartu behar da.