Itsaso Arenzana aktorea etxean ariko da

Guaixe 2021ko urt. 26a, 10:40

'Viejos mundos nuevos' antzezlanean Itsaso Arenzana etxarriarrak parte hartzen du. ARTXIBOA

Ostiralean, urtarrilaren 29an, 19:00etan, 'Viejos mundos nuevos' Giza Eskubideak eszenara programaren antzezlana izanen da Etxarri Aranazko kultur etxean. 

Arte eszenikoen bidez giza eskubideei buruz hausnarketa egitea du helburu Giza Eskubideak Eszenara programak. Ados teatroa konpainiak sortu zuen, eta programa honetan antzerki konpainiako profesionalak eta gizarte bazterkeria sufritzen duten kolektiboak elkarrekin aritzen dira berdintasunaren inguruko antzezlan bat sortzeko. Programaren laugarren edizioan Gizakia Helburu eta Mentalia elkarteetako erabiltzaileek Viejos mundos nuevos lana sortu zuten. Lanak edozein pertsonak aldatzen duen eskubideari buruz hitz egiten du. 2020. urtean, pandemiaren aurretik, mustu zuten. Parte hartzaileen artean etxarriar bat dago: Itsaso Arenzana. Ostiralean, hilaren 29an, 19:00etan, Etxarri Aranazko kultur etxean antzezlanaren emanaldia eginen dute.

Segurtasun eta osasun neurriak direla eta edukiera mugatua da. Sarrerek 6 euroko prezioa dute, eta Etxarri Aranazko udaleko webgunean eros daitezke. Antzezlana gaztelaniaz izanen da.