Herrira oholtza gainera itzultzea

Erkuden Ruiz Barroso 2021ko ots. 2a, 11:30
Itsaso Arenzana 'Viejos mundos nuevos' antzezlanean. ARTXIBOA

Itsaso Arenzana etxarriarrak etxean egin zuen Viejos mundos nuevos antzezlana. Bigarren aukeren inguruan hitz egiten du lanak, eta Arenzana "oso pozik" zegoen antzezlana Etxarri Aranatzen egiteagatik 

Duela urte bat Itsaso Arenzana etxarriarra lehenengo aldiz oholtzara igo zen. Viejos mundos nuevos antzezlana mustu zuen Antsoainen. "Oso esperientzia polita izan zen, inoiz horrelakorik ez nuen egin, eta pertsona gisa hazten laguntzen zaitu". Estreinaldiaren ondoren, aldiz, koronabirusagatik mundua eten zen, eta antzerkia alde batera utzi behar izan zuten: "Egia esan, urte gogorra izan da, antzerkian parte hartzen dugun guztiek min handia izan dugu". Azaroan Zizur Nagusian oholtzara itzuli ziren, eta ostiralean Viejos mundos nuevos antzezlana Etxarri Aranazko kultur etxean izan zen.

Viejos mundos nuevos antzezlana Ados teatro konpainiak sortutako Giza Eskubideak Eszenara programaren barruan egindako lan bat da. Programa honetan antzerki konpainiako profesionalak eta gizarte bazterkeria sufritzen duten kolektiboak batera elkarrekin aritzen dira, eta berdintasunean antzezlan bat hutsetik sortzen dute. Iazko edizioan Gizakia Helburu eta Mentalia elkarteetako erabiltzaileekin sortu zuten Viejos mundos nuevos. Lanak edozein pertsonak aldatzeko duen eskubideari buruz hitz egiten du, eta bi errealitate aurrez aurre jartzen ditu.

Bigarren aukerak
Arenzanak alkoholarekiko mendekotasuna zuen, eta bederatzi hilabetez Gizakia Helburun egon zen. Terapeutak Giza Eskubideak Eszenara programan parte hartzera animatu zuen: "Proposatzen dudan guztia lortzeko gai naizela konturatzeko balio zuela esan zidan". Eta antzezlanak "bizitza aldatu" zion. "Nire beldurrei aurre egiteko aukera oso ona iruditzen zitzaidalako aurrera egin nuen". Proiektuan parte hartzeak "bigarren aukerak badirela" konturatzeko lagundu zion Arenzanari, baita berari buruz jendeak esaten edo pentsatzen dituenari beldurra kentzeko lagundu dio ere. "Nire arazoa kontatzetik indartuta ateratzea zaila da hasieran, baina gero sari handia du. Bizitza aldaketa suposatu du".

Mustutzearen ondoren, eta hainbat data aurreikusita zituztenean, antzezlana bertan behera utzi behar izan zuten. Etxarri Aranatzen, esaterako, 2020ko maiatzean egin behar zuten, baina egoera dela eta atzeratu behar izan zuten. Aurreko urteko otsailean mustu zuten, eta Iruñerrian pare bat emanaldi egin zituzten. Hilabetez geldirik egon ondoren, azaroan oholtzara igo ziren berriro, eta orain antzezlanari amaiera emanen diote. Gertatutakoaren guztiaren ondoren entseguetara eta eszenatokira itzultzea "oso polita" izan dela esan du etxarriarrak.

Etxean
Arenzana "oso pozik" dago Etxarri Aranatzen antzezteagatik, eta antzezlana egin aurretik ere eskerrak ematen zituen. "Ez nuen pentsa horrelako gauza bat egingo nuenik, baina zortea izan dut". Barre artean oso urduri dagoela aitortu du, "orain Iruñean bizi naiz, baina herrira horrela itzultzea zoragarria da". Emanaldi honekin jendeak "bigarren aukerak bizitzan onak direla" ulertaraztea nahi du. "Ahalegin txiki batekin edozer eta edozein mendekotasun motatik atera daitekeela".

Viejos mundos nuevos antzezlana hutsetik sortu zuten Ados teatroa eta Gizakia Helburu eta Mentaliako kideek. "Bakoitza bere mendekotasun arazoan oinarritu da". Bizkarrean daramatena kontatzen dute: "Gauza onak eta txarrak izan daitezke". Hamabost pertsonek parte hartzen dute, Gizakia Helburu proiektuko sei pertsona, adimen urritasuna duten hainbat pertsona eta Jose Marin Asin eta Patxi Perez antzerkigile profesionalak. Bi hilabetez lantzen aritu ziren. "Proiektu honetan parte hartzea oso polita izan da". Beste pertsona batzuen istorioak ezagutzeko aukera izan du Arenzanak, "eta askotan identifikatuta sentitu naiz. Pentsatzen duzu: ez naiz hau guztia gertatzen zaion bakarra. Ez naiz zomorro arraro bat". Antzerkiaren bidez beldurrak "apurtu" ditu eta bere burua gehiago ezagutu du. "Ez nituen sentimenduez ohartzeko lagundu dit".

"Denak gara protagonistak". Arenzanaren pertsonaia bere buruan, eta bizitzan bizi izan dituen egoeretan oinarrituta dago. "Guztiaren hasieran oso gogorra eta polita izan zen, aldi berean". Bere bizitza "ezerezetik" kontatzen ari da, eta horrek "betidanik ezagutu nauten pertsonekin gehiago" konektatzeko aukera eman dio. "Ulertzen duen jendea eta ados ez dagoen jendea egongo da", baina errespetagarria dela esan du.