Etxarri Aranazko Udalak hainbat inbertsio egin ditu. Handienak argiteriarekin lotura dutenak dira. LED argiak jarri eta, horrela, energia kontsumoa murriztu eta ordaindu beharrekoa txikituko du. Silvia Marañon Chasco alkateak azaldu duenez, Zumurdiñeta industrialdeko argiak aldatuko dira, baita Arangorrietako batzuk ere, herrian barna “solte” gelditzen den besteren bat ere. Alde batetik, 20.500 euro bideratu ditu arlo horretan inbertsioak egitera. Bestetik, kultur etxeko (5.400 euro) eta futbol zelaiko argiak (4.050 euro) ere aldatu ditu, bietan LEDak jarriz.
Oinezkoendako espazio erosoagoak eta ziurragoak sortzeko 19.500 euro bideratu ditu udalak. Alde batetik, ferietan azienda jartzen den tokian lurra ez da batere erregularra eta jendea handik ibiltzean aztapatu egiten da. Gainera, plazaren zati zelaian taberna baten terraza jartzen denez, udalak erabaki du plazaren zati horretan jendea erosoago ibiltzeko lanak egitea. Zehazki, harlosa “latzen” hiru ilara kendu du plaza zati horren luzera guztian, 82 metrotan, eta harlosa zelai batzuengatik aldatu ditu. Bestetik, espaloia eginen da udaletxe ondoko okindegi parean.
Bestalde, udaleko zerbitzu orokorretako sailerako ibilgailu berria erosi du. Pick up motako ibilgailua da udalak erosi duena. Tauro Motor SM enpresari erosi dio ibilgailua udalak. Horren truke 32.734,21 euro (BEZ barne) pagatu ditu udalak. Azkenik, hiltegi zaharra hartzen zuen eraikinean komunak egokitzeko 3.500 euro bideratu ditu eta udaletxeko atea egokitzeko 5.420 euro. Azken lan horiekin udaletxe barruko atea aldatu da eta automatikoa jarri da, “horrela, herritarren irisgarritasuna errazteko”, argitu du alkateak.