Aizkora

Iban Resanok finalerako txartela lortu nahi du bihar

Guaixe 2021ko ots. 26a, 11:07
Iban Resano. Argazkia: Artxiboa.

Iban Resanok eta Juanjo Lopezek Urrezko Binakako Aizkolari Txapelketako hirugarren finalerdia jokatuko dute larunbatean Mallabian

Egur Sporten Urrezko Binakako Aizkolari Txapelketako hirugarren finalerdia jokatuko da bihar, larunbata, Mallabian. Jaialdia pilotalekuan jokatuko da, 18:00etatik aurrera, ateak itxita. Hiru biko ariko dira lanean: Iban Resano dorrobarra eta Juanjo Lopez Azpilikueta, Suharri Rodriguez eta Jokin Urretabizkaia “Basozabal” eta Xabier Zaldua eta Julen Aranberri “Elorriaga II.a”. Hiru aizkolariek aurreko bi finalerdietan egindako lan berbera egin beharko dute: erlojuaren kontra 45 ontzakoa erdibitu; abiadura lana, 65 ontzako enbor handia erdibitu, txanda librean; eta azken lana, 60 ontzako 6 enbor erdibitu, txanda librean. Ea Resano eta Lopez fin ibili eta finalerako sailkatzea lortzen duten. 

Beltza eta Ezpeleta finalean daude
Aurreko bi finalerdietan gailendu ziren bi bikoteak daude sailkatuta martxoaren 14an Azpeitiko Izarraitzen jokatuko den final handirako: Ibai Soroa eta Txomin Amundarain, eta Goizeder Beltza etxarriarar eta Hodei Ezpeleta. Aurreko igandean Leitzan jokatutako bigarren finalerdian, Beltza-Ezpeletak eta Etxeberria-Otaegik lehia oso estua izan zuten, eta Beltzak eta Ezpeletak lortu zuten finalerako txartela (21:12), 6 segundoren aldea atera baitzieten Etxeberria-Otaegiri (21:18). 

Bestalde, aipatzekoa da Jon Irañeta harri jasotzaile egiarretarra Urrezko Banakako Harri Jasotze Txapelketako 2. finalerdian aritzekoa zela, baina lesioagatik ezin izan zuen aritu eta txapelketatik kanpo geratu da.