Trinketea / Paleta Goma

Irati Igoaren ustez, “ez zen euren eguna” izan

Guaixe 2021ko mar. 10a, 11:25

Trinketeko Nafarroako Emakumezkoen Paleta Gomako 1. mailako finalean Igoak eta Murillok 30 eta 11 galdu zuten Arrosagarairen eta Ardanazen kontra (Auñamendi). 2. mailako finalean Sarasibar eta Quevedo (Amaya) 30 eta 12 gailendu ziren Gure Pilotako  Otxoaren eta Saralegiren kontra

Martxoaren 6an Trinketeko Nafarroako Emakumezkoen Paleta Gomako finalak jokatu ziren Mendillorriko trinketean. 1. mailako finalean, Irati Igoa etxarriarrak eta Uxue Murillok (Oberena) Izaskun Arrosagarai eta Maider Ardanaz (Auñamendi) izan zituzten aurkari. Oberenakoak ez ziren oso fin ibili eta hasieratik tarte handia atera zuten Auñamendikoek. Azkenean, Arrosagaraik eta Ardanazek 30 eta 11 irabazi zuten eta merezitako txapela jantzi zuten.  2. mailako finalean ere antzekoa gertatu zitzaien Etxarri Aranazko Gure Pilotako Naroa Otxoari eta Maider Saralegiri. Azkenean, 30 eta 12 irabazi zieten Olaisa Sarasiarrek eta Juncal Quevedok (Amaia). 

1. mailako txapelketan 5 bikotek hartu zuten parte: Irati Igoa-Uxue Murillo (Oberena), Izaskun Arrosagarai-Maider Ardanaz (Auñamendi), Ane Senosiain-Paula Gorostiaga (Mendillorri), Maddi Galartza eta Izaro Arbizu (Larraun) eta Amaia Espinal-Leire Azanza (Mendillorri). Hasieran ligaxka jokatu zuten eta gero lehen sailkatutakoak laugarren sailkatutakoaren kontra lehen finalerdia jokatu zuen eta bigarren sailkatutakoak hirugarrenaren kontra beste finalerdia. Horrela, Irati Igoa-Uxue Murillo (Oberena) eta Izaskun Arrosagarai-Maider Ardanaz (Auñamendi) sailkatu ziren finalerdietarako. 

“Txapelketa txukuna egin genuen, baina finalean nahiko gaizki hasi ginen, egia esan. Ez zen gure eguna izan: dena txapara joaten zitzaidan, Uxueri denak gora… Horrela, Izaskun eta Maider 9 eta 0 aurreratu ziren. Partida zaila izango zela bagenekien, beraiek munduko txapeldunak baitira, eta alde hori atera zigutela ikusi genuenean Uxuerekin hitz egin eta estrategia aldatu eta disfrutatzera aterako ginela erabaki genuen, ahalik eta tanto gehien egitera eta gustura egotea. Eta tantoz tanto, azkenean ez genuen horren gaizki bukatu. Disfrutatu genuen ere, final bat izateko ez hainbeste, jakina, baina gertatutakoa ez genuen gaizki hartu. Egun txarra izan genuen eta kitto” nabarmendu du Irati Igoak, galtzen badakiela erakutsiz. 

Bigarren mailan ere antzekoa gertatu omen zitzaien Etxarri Aranazko Gure Pilotako Naroa Otxoari eta Maider Saralegiri. “Beraiek ere egun txarra izan zuten. Naroak ere 4 falta egin zituen segidan...” azaldu du Igoak. Dena den, Irati Igoa eta Naroa Otxoa Nafarroako txapeldunordeak ditugu eta domina ederrarekin itzuli ziren etxera. “Hori da, ongi pasatu genuen eta hori da garrantzitsuena” dio Igoak. 

Irati Igoaren hurrengo erronka hastear dagoen 30 metroko frontoiko Nafarroako Paleta Goma Txapelketa da. Emakumezkoen Buruz Buruko Txapelketan lehiatuko da Irati Igoa. Ondoren, apirilean, 30 metroko frontoiko Espainiako Paleta Goma Txapelketa hasiko da, eta txapelketa horretarako ere gogor ari da entrenatzen palista etxarriarra. Jakina, futbolarekin batera. 

Futbolean Mulierrekin oso gustura
Izan ere, Lehenengo Nazional mailako 2A multzoan dabilen Mulier taldeko jokalaria da Irati Igoa, eta denboraldi ona ari da egiten talde nafarra. “Asteburuan derbia jokatu genuen Huarteren kontra. 0 eta 2 galtzen hasi ginen, baina azken 15 minututan partidari buelta eman genion eta 3 eta 2 irabazi genuen. Oso pozik gaude. Pradejon da liderra (32 puntu), bigarrena den Osasuna B taldearekin puntutara berdinduta, eta gu sailkapenean bosgarrenak gara (18 puntu), Berriozar hirugarrenetik 3 puntutara. Beraz, hortxe gaude, aukerekin. Esperantza badugu, ea zer gertatzen den” nabarmendu du. Asteburuan beste derbi bat jokatuko zuen Irati Igoaren Mulierrek, kasu honetan Maitane Vilariño olaztiarraren Osasuna B taldearen kontra. Jakina, tentsio handiko partida izan zen, asko baitzegoen jokoan.