Hainbat etxarriar elkartu ziren plazan Emakumeen Eguna zela eta udalak deitutako bilkuran. Etxarri Aranazko udal ordezkariek nabarmendu zutenez, pandemiak “egiturazko genero desberdintasunen gorakada” ekarri du. Gaineratu dutenez, “irtenbidea ez da pandemiaren aurreko egoerara bueltatzea, emakumezko gehienek lehenago ere bizi zituzten diskriminazioa eta eskubideen urraketa. Orain da unea pandemian areagotutako larrialdiei erantzuna emateko, eta, aldi berean, guztiondako bizitza duina bermatzea eta zaintza lehentasuntzat joko duen gizarte, ekologia eta ekonomia antolaketa bateranzko oinarri sendoak ezartzeko”.
Bide hori egiteko bi gako eman dituzte: “erakundeen arteko koordinazioa eta herritarrek erabaki publikoetan benetan eta eraginkortasunez parte hartzea, batez ere, emakume talde anitzek eta mugimendu feministak”. Ordezkari publikoek duten “erantzukizun publiko handiari behar bezala aurre egin” behar diotela esan dute, eta egiteko hori “premisa feministetatik egin” behar dutela; “artikulazioa eta parte hartzea bultzatuz, plan eta programa eraldatzaileak eginez, larrialdiei arreta emanez eta behar diren baliabide guztiak ahalbidetuz”.
“Errealitate ukaezina”
Etxarri Aranazko Udal ordezkarien iritziz,pandemiarekin bizitakoak bizi ondoren, gaur egungo errealitatea honakoa da: “emakumezkoek beren gain hartu dute zaintzen karga gehiena, ordaindua eta ordaindu gabea; lana galdu edo lan baldintza are okerragoak ezarri dizkiete; birusa hartzeko arrisku handiagoa dute, genero ikuspegitik ikertu gabe jarraitzen zuten bitartean; indarkeria matxista areagotu egin da, hari aurre egiteko baliabideak eta baldintza materialak mugatzen ziren bitartean; beste behar batzuk baztertu egin dira, esaterako, sexu- eta ugalketa-osasuna edo buru osasunarekin lotutakoak; soziopolitikako parte hartzerako aukera eta baldintzak galdu dituzte eta abar”.
Udaletik gaineratu dutenez, “batez ere kolektibo zaurgarrienetako emakumezkoei dagokienez, pobretu dira zentzu guztietan, indarkeriaren aurrean babesgabeago daude, haien osasuna okertu egin da, zaintza lanen zama handiagoa da…”