COVID19 + URRUNKETA=UMEZURTZ

Erabiltzailearen aurpegia Nagore Aramendi Agirregabiria (Asier Karrera “Boltioren” bikotea) 2021ko mar. 15a, 09:45

2019ko martxoan besarkatu zituen Boltiok bere haurrak azken aldiz. Bis hura eta gero, konfinamendua hasi zen.
Garai haietan bis eta bisiten ordez, hiru astean behin hamar minutuko bideo deiak jarri zizkiguten. Momentu hartan gustura hartu genituen, elkarren aurpegiak ikus genitzakeelako. 
Konfinamendua bukatu eta kalera irteten hasi ginenean, kristal bidezko bisitak baimendu zituzten. Boltiok eta biok aspaldi erabaki genuen haurrak ez genituela kristalera eramango; oso gogorra da elkar ezin ukitu eta elkar ezin besarkatzea eta aitarekin ezin jolastu ahal izatea haurrentzat mingarria da. Beraz, bisak noiz baimenduko zain geratu ginen.
Bisitak hasi zirenean bideo deiak kendu egin zituzten. Uztailean bisak egiteko baimenak ematen hasi ziren, baina intimoak bakarrik. Ni eta haurrak elkarrekin bizi garelarik, kutsatzeko arrisku bera izango genuke, beraz inongo zentzurik ez zeukan neurria zela azaldu genuen behin eta berriro. Irailera arte ez ziguten bis familiarrik egiten utzi. Hasieran bi pertsona bakarrik joan gintezkeela esan ziguten, haur bat eta ni. Gizarte laguntzailearekin eta zuzendari ordearekin egon ondoren, azkenean onartu zuten hirurak joatea. Handik bi egunera, ordea, COVID-19aren lehenengo kasuak hasi ziren Dueñaseko espetxean eta berriro ere bisak bertan behera geratu ziren. Harrez gero ez dugu bisik egiteko aukerarik izan. Horren ordez bideo deiak jarri dizkigute berriro… eta ia… ez dira berdinak.
Boltiok urte bete darama haurrak ikusi gabe. Haurrak aitarik gabe daude. Kartzela berez gogorra bada pandemiak are gogorrago bihurtu du. Oinarrizko eskubideak kendu dizkiote, bai Boltiori eta baita haurrei ere, beren aitarekin egoteko eskubidea urratu dietelako. Haur baten bizitzan urte bat ikaragarri da eta asko nabaritzen dute aitaren falta. Frustrazioz eta dezepzioz betetako urtea izan da eta amaitzea nahi dugu. Patinetan joan nahi dute haurrek aita besarkatu eta berarekin jolastera ia!”