Aizkora

Goizeder Beltzaren buelta

Maider Betelu Ganboa 2021ko mar. 23a, 12:30

 Aizkolari etxarriarra, Hodei Ezpeletarekin batera, Urrezko Binakako Aizkolari Txapelketako txapeldunordea da. Pandemiarekin oso gaizki pasa duela aitortu du, entrenatzeko gogorik eta ilusiorik ez zuela, eta Urrezko Binakakoan aritzea ongi etorri zaiola


Urrezko Binakako Aizkolari Txapelketako finala igandean jokatu zen Azpeitiko Izarraitz pilotalekuan. Hiru bikote lehiatu ziren, eta final lehiatuan Goizeder Beltza eta Hodei Ezpeleta txapeldunordeak izan ziren (20:05), Soroa eta Amundarain txapeldunetatik 1:25era (18:40), etxarriarrarendako aizkorara nolabaiteko itzulera izan den honetan.

“Ez dakit txapeldunordea izateak izena duen ala ez, baina hala atera ginen, eta pozik” azaldu du Goizeder Beltza etxarriarrak. Mendaroko Hodei Ezpeletarekin gustura ibili da. “Hodeirekin eta bere aitarekin harreman asko dut eta makina bat erakustaldi egin izan ditut biekin, baina txapelketa batean Hodeirekin aritu izan naizen lehen aldia izan da hau” aipatu du etxarriarrak. Eta ez zaie batere gaizki joan.

Ezpeletak eskatuta aritu zen
Etxarriarrak ez zuen Urrezko Binakakoan aritzeko asmorik. “Hodeiren aitak, Ernesto "Bihurrik" hots egin zidan. Hodeiri lauzpabost aizkolarirekin bikotea osatzeko aukera eman ziotela, baina berak nirekin nahi zuela eta ea animatuko nintzen. Nik erantzun nion hilabete eta erdi baino gehiago neramatzala aizkora ikutu ere egin gabe, eta berak baietz eta baietz. “Hiikin nahi dik”. Azkenean esan nien animatuko nintzela, baina antolatzaileei denbora pixka bat eskatzeko. Eta eman zidaten denbora izan zen hurrengo astean lehen kanporaketa jokatu behar genuela” dio Goizederrek, irribarrez. Hilabete eta erdi entrenatu gabe egotea asko nabaritzen da. “Pisua hartzen duzu, gorputza faltsutu egiten da, eta ez da bakarrik ez duzula egurrekin entrenatzen. Basoan ibiltzen zara, edo bizikletan, edo zerbaitetan… eta ni denbora hori guztia ezer egin gabe egon nintzen, etxetik lanera eta lanetik etxera. Buelta ematea kosta egin zitzaidan” azaldu du Beltzak.

Errege egunean jokatu zuten lehendabiziko kanporaketa. “Hiru bikote ginen eta bigarrenak sailkatu ginen. Ondoren, Leitzan txapelketaren finalerdia jokatu genuen. Etxeberria eta Otaegi ziren faboritoak eta eurekin lehia estua izan genuen. Azkenean 6 segundo atera genizkien, sorpresa eman genuen eta finalerako sailkatu ginen. Gurea egitera joan ginen, disfrutatzera” azaldu du Beltzak. Txapelketarako ez zuten behar bezala entrenatu, pandemiagatik mugak itxita daudelako. “Bikote aritzeko elkarrekin entrenatzea izaten da hoberena. Horrela zeinek barrualdea egin, zeinek kanpoa, nola antolatu… erabakitzeko. Baina ez genuen muga zeharkatzeko ziurtagiria eta bakoitza bere kabuz prestatu da” kontatu du Beltzak. Txapelketan beti gertatzen zaiona gertatu zaio etxarriarrari, entrenatzen maila hobea ematen duela plazan baino. “Nerbioak eta, badakizu. Uste dut hori ez dela aldatuko, baina egindakoarekin pozik nago” dio irribarrez.

Goizeder Beltza: "Pandemian oso gaizki pasa dut. Ez nuen entrenatzeko gogorik"

Finaleko gorabeherak
Igandeko finala ongi hasi zuten Goizederrek eta Hodeik. “Hasieran gogor xamar, ezin libratuz hasi nintzen, baina izerditzen hasi eta proba aurrera joan ahala erosoago ibili nintzen. Lehendabiziko proba, bi enbor txiki erdibitzearena, guk irabazi genuen. 9 segundoko aldea atera genien Soroari eta Amundaraini. Rodriguez eta Basozabal atzean geratu ziren, eta beraiek ziren faboritoak. Bigarren proban Soroak eta Amundarainek 12 segundo atera zizkiguten. Proba luzean, txanda librekoan, lehendabiziko enborra denok paretsu bota genuen, bigarrenean adar bat atera zitzaigun eta hirugarrenean beste bat. Soroak eta Amundarainek oso ongi moztu zuten, abantaila hartu zuten eta erraz joan ziren. Merezita irabazi zuten.” azpimarratu du Beltzak. Ondoren, borroka estua izan zuten Rodriguezekin eta Basozabalekin eta, azkenean, Beltzak eta Ezpeletak 35 segundo atera zizkieten. “Txanda librean enbor gehienak gure aurretik bota zituzten, baina azkeneko enborrean gu izan ginen azkarragoak”dio.

Pandemiarekin, gogo gabe
Goizeder Beltzak 2019an Nafarroako 2. mailako Aizkora Txapelketa irabazi nuen eta Nafarroako 1. Mailara igo zen. Iaz Nafarroako 1. Mailari eustea zen bere ilusioa, baina pandemia iritsi zen eta erakustaldi guztiak bertan behera geratu ziren. “Ez nuen entrenatzeko gogorik ez inolako pizgarririk. Txapelketarik ez erakustaldirik gabe ezertarako entrenatzea…  pizgarri hori beharrezkoa da. Azkenean Nafarroako 1. Mailako Txapelketa jokatu zen baina, egia esan, ez nuen burua horretan eta horrela ezin daiteke gehiago eskatu. Maila galdu nuen eta egun Nafarroako 2. mailan nago eta Euskal Herriko 3. mailan. Ez zaio bueltarik eman behar” berresten du. 

Pandemiarekin oso gaizki pasa duela errepikatzen du. “Ez nuen entrenatzeko gogorik. Desanimatuta nengoen, arraso. Eta uste dut aizkolari asko ni bezala egon direla. Baina dena pasatzen da eta hau ere pasako da” dio. Horregatik, Ezpeletak bera animatzea eta Urrezko Binakakoan aritzea oso ongi etorri zaiola aitortu du. “Burua arintzeko eta eguneroko beste arazo eta kontuetatik deskonektatzeko ongi etorri zait. Eta gainera ez gara gaizki ibili. Horrek ilusioa pizten du; “ez nue horren geizki” pentsatzen duzu, eta beste gogo batekin entrenatzen duzu” gaineratu du. Txapelketak zalerik gabe jokatzea “oso hotza” dela azaldu du. “Finalean soilik txapelketan parte hartu zuten aizkolariak, harri jasotzaileak eta antolakuntzakoak geunden. Frontoi handi horretan harmailetara begiratu eta dena hutsik ikustea, frontoia goraino egoten denean… hotza da, tristea. Bikotea eta seme-alabak beti etortzen ziren nire saioetara, baina orain, ezin” dio.

Goizeder Beltza: "Urrezkoan aritzea oso ondo etorri zait. Ongi ibili gara, ilusioa piztu dit"

Helburuak
Goizeder Beltzak aurtengo Nafarroako 2. Mailako Txapelketan eta Euskal Herriko 3. Mailako Txapelketan parte hartu nahiko luke, “gauzak ez badira asko makurtzen, eusten badugu eta lanak uzten badigu”. Oraindik ez daki noiz jokatuko diren, baina argi duena da lehendabiziko helburua kanporaketa ona egitea dela. “Kontua ez da esatea 1. mailara igo nahi duzula; final hori jokatu ahal izateko lehenik eta behin kanporaketan egun on bat izan eta finala jokatzeko sailkatu beharko zara” azpimarratzen du. Aste Santuaren ondoren Banakako Urrezko Aizkora Txapelketa jokatuko da, baina Etxarriko aizkolariak oraindik ez daki izena emango ote duen. Aurrerago erabakiko du, argi duelako egunean egunekoa egin behar dela.