Nagore Aramendi Agirregabiria

"Umeek urtebete daramate aita bisitatu gabe"

Guaixe 2021ko mar. 25a, 13:05
Nagore Aramendi Agirregabiria alaba eta semearekin.

Oihan Barandalla Goñi etxarriarra hilaren 12an aske gelditu zen eta ordutik motxiladun ume bat gutxiago dago. 

Bi motxiladun ume, 9 eta 6 urteko alaba eta semea, dituzte Asier Carrera Arenzana presoak eta Nagore Aramendi Agirregabiriak. Aramendiak haien egoeraren berri eman du. 

Asier Carrera Arenzana noiztik dago preso? 
20 urte. Tarte horretan Soto del Real, Alcala Meco, Aranjuez (lehen urtean), Huelva (8 urte), Curtis (hilabete batzuk), Langraitzen (hilabete, aitatasunagatik) eta Dueñas. 

Zaballara lekualdatuko zutela jakinarazi zen. 
Ez dakigu ezer. Berari oraindik ez zaio ofizialki ezer iritsi. Lekualdatzeez familiak komunikabideen bidez jakiten ari gara. Eta badirudi Martutenera eramanen dutela. 

Guraso izateko erabakia hartu zenutenean, zertan aldatu zen bizitza zuretako eta berarendako? 
Edozein gurasori bezala ardura eta kezka pila. Horri guztiari gehitzen zaio bisitetara joateko kezka, bidean zer topatuko dugun, zer funtzionario tokatuko zaizun, funtzionarioak jostailuak sartzen utziko duen edo ez… kezka mordoa sortzen zaizkizu. Nahi duzu umeak beti ongi sentitzea, ez sumatzea aitaren falta, sentitzea aita gertu daukala. Gorabehera asko. Ahalegindu gara harreman hori gertu gertukoa izaten aurrez aurreko bisitekin-eta. Suertea izan dugu Dueñasekin, nahiko gertu tokatu zaigu, ez da garai batean bezala, Huelvaraino joan beharra.  

Beti dago kezka hori eta Asierrendako ere. Lehen ez zuen kezka bat sentitzen du. Nirekin bakarrik zenean, nik nire bizitza nuen kanpoan ere. Baina umeekin beste istorio bat da. Asko aldatzen da. Beti zaude beldur horrekin, ea. Garai honetan galderak hasiko dira.

Eta poztasunak? 
Hori, baita. Umeek ematen duten poz hori hor dago. Bisitan joaten garenean niretako bizipoza da umeak joatea eta jolastea bere gauzekin, telefonoan hitz egiten jartzea… jakina. Kartzelan bizi egin behar da baita ere. 

Horretarako burua prestatu behar da? 
Hasieran ez zen erabaki erraza izan. Nik ama izan nahi nuen eta Asierrek ez zuen horren garbi. Esaten zuen asko faltatzen zela kalera ateratzeko. Bera eguneroko bizitzan ume horiekin ez egotean galera bat zuela bazekien. Mentalizatu egin behar da. Eta uneoro egokitzen joan. 

Zer bisita mota dituzue guraso moduan? Zein maiztasunarekin? 
COVID-19 gaitza azaldu aurretik hilabetero familiako aurrez aurreko bisita bat, elkarbizitzako aurrez aurreko bisita bat eta aurrez aurreko bisita intimoa izaten genituen. Ikasketengatik eta kirola egiteagatik berari puntuak ematen zizkioten eta aurrez aurreko bisita estrak lortzen genituen. Askotan umeekin joaten ginenean lau ordutarako joaten ginen, arratsalde osorako. Bisita kopuruaren arabera, umeak hilabetean bitan edo behin joaten ziren. 

COVID-19 gaitzarekin zein aldaketa izan dira? 
Kartzelako zuzendariak erabaki zuen aurrez aurreko bisitarik ez zela eginen, arriskua handia zela. Eta urte batean umeak ez dira bisitan egon. Mintzatokiko bisitak eman dituzte bakarrik. Konfinamendua hasi zenean garbi zegoen ezin ginela joan. Orduan bideo dei batzuk jarri zituzten. Une hartan ederrak izan ziren: denok etxean geunden eta berarekin egoteko aukera bat zen, aurpegia ikusteko. 

Konfinamendua bukatu zenean beste kartzelatan hasi ziren aurrez aurreko bisitak egiten, baina Dueñasen ez. Eta mintzatokiko bisitak hasi zirenez bideodeiak kendu egin zizkiguten. Garilean eta agorrilean aurrez aurreko bisita intimoak eman zizkiguten. Baina umeek ezin zuten joan. Ez du inolako zentzurik, beraiek COVIDa badute nik ere izanen nuke. Umeak izan aurretik erabaki genuen ez genituela mintzatokiko bisitetara eramanen. Oso gogorra da kristal baten atzean… ezin aitarekin egon, ezin duzu ikutu, ikusi bakarrik, pantaila batean egonen balitz bezala. Ez duzu besarkatzen, ez duzu jolasten. Oso hotza da. Eta gure umeak hainbeste denbora hizketan, geldi, ez dakite egoten. Zaharrenak pixka bat agian, txikiak oraindik ez. Beti eman digute kristalaren aukera eta beti erabaki dugu ezetz. 

Aste honetan esan digute martxotik aurrera familiako aurrez aurreko bisitak eginen ahal direla. 27rako eskatuta daukagu eta ikusiko dugu egiterik dugun. 

Eta haurrek zer diote? 
Beraien bizitzan urte bete da… Nahiz eta handienak gauzak hobetu ulertu, ulertu COVIDagatik dela, ni haserre ikusten nau… egoera ikusten du. Txikiak ez du batere ondo eramaten. Aitarekin jolasteko desiratzen dago. Aurrekoan esaten zidan: jada ez naiz oso ongi akordatzen aitaren aurpegiarekin. Eta hurrengoan elkartzen garenean, ez dakit lehen kontaktu hori nola izanen den. Nahiz eta telefonoz eta bideo deien bidez egon. Urtebete urtebete da. Urduri. Ni aitarekin hizketan nagoenean zer esaten dugun begira daude. Lagunek galdetzen digutenean hor daude beti. Alerta bezala daude. Harreman hori mantentzen lan handia egiten dut. Kaleratzen pasatzen zaigun hori, zergatik gauden urduriago, edo tristeago, zergatik gaude pozik gauza txiki bat pasatzen denean…  Edo lagunak aitaz hizketan ari direnean zer esaten duten… Entzuten dituzu famili planak eta zuk ez duzu aitarekin aurrez aurreko bisitarik ere ez. Ez da batere erraza izaten ari. 

Motxiladun umeekin egiten ari direna oraintxe, COVIDarekin, eskubide guztiak urratu dizkiete. Gurasoekin egoteko eskubiderik ez dute. Ematen du normala izan behar duela, halako gauzak beti pasa direnez… 

Zer dio Asierrek? 
Frustratuta dago. COVIDarena ulertzen du. Eskaini dugu PCRak eginen ditugula, ondoren 10 egunez isolatuta egonen garela (aurrez aurreko bisitaren ondoren derrigorrezkoa da)… baina ez digute uzten. Bisitarik ez dagoenez, berak baimenak eskatzen ditu eta ukatu egiten dizkiote. Beraien partetik ez dago inongo borondaterik hau konpontzeko. Gizarte Hezitzaileak arrazoia ematen digu, baina berdin dio. 

Zaballa edo Martutenera lekualdatuko dute. Nolakoa da egoera horietan? 
Martuteneko aukera aste honetan izan eta ez dut informatzeko betarik izan. Baina aurrekoan bakarren batzuekin egon nintzen Zaballakoaz hizketan eta aurrez aurreko bisitak eta mintzatokiko bisitak egiten ari dira. Ondoren isolamendu egunak dituzte. Alde horretatik, desiratzen ekartzeko. Suposatzen dut Martutenen ere antzera izanen dela. 

Hurbiltzeagatik zer sentitzen duzue? 
Sentsazio arraroak dira. Guk etxeratzea eskatzen dugu denbora guztian. Martutenera ekartzen badute, pentsatzea gertu-gertu dagoela. Gainera, lineako autobusean joan zaitezkeela. Eta umeak benetan patinetean joan ahalko direla bisitara… kristorena da. Zeren umeek ETB ikusiko dute eta aitarekin saio jakin bati buruz hitz egiteko aukera izanen dute. Gauzak asko errazten ditu. Baina, aldi berean, urteetan eta urteetan eskatutako gauzak zoriontzen ari gara. Jada gauza batzuekin pozten gara! Ikusita zer izan den, honaino ekartzea garaipen bat da. Baina, ai! Pozik gaude. Ez dugu ukatuko. Zeren da Donostiara egun pasa joan eta tartean aita ikusi. Umeek oraindik ez dute ulertu zergatik hainbeste zorion eta hainbeste poz, aitak kartzelan segitzen duelako. Ekarri arte eta lehen bisitara joan arte ez dute ulertzen. 

Espetxe politikaz zerbait gehiago?
Sarekoak esaten ari direna. Espetxe politikan pausoak emateko presoek gogo denak erakutsi dituzte. Baina beti dute frenoren bat: bigarren gradua lortzeko, baimenak lortzeko, kalera ateratzeko… Pausoak eman nahian dabiltza, baina hor oztopo bat dago, ezin dute aurrera egin. Hori aldatu egin behar da. Presoen gain ez dago dena.