Herriaren arabera parte hartzaileen kopuruan handitu edo txikitu egiten zen tropel more batek Sakana zeharkatu zuen atzo. Estreinakoz, Lilasterketa Sakana guztian barna egin zen. 163 emakumezkok eman zuten izena, baina gehiago izan ziren tropel morearekin bat egin zutenak, Sakanako Emakumeak Martxan zioen pankarta ibarraren mutur batetik bestera eramanez. Pausoz pauso ahizpatasuna eta bestelako gizarte eta ekonomia eredua aldarrikatu zituzten.
Pandemia ez zabaltzeko, martxa moreko ibiltariek beraien herriaren eta aldameneko herriaren arteko bidea egin zuten. Ziorditik Arruazu bitartean segidan egin zen bidea, han bazkaltzeko geldialdia egin ondoren, berriro ekin zioten emakumezkoek bideari. Irañeta bitartean oinez aritu ziren. Arakilen berriz, emakumezkoen martxa bizikleta gainean egin zen. Harik eta Etxeberri parera iritsi arte. Han, atzera ere, Sakanako emakumeen martxa oinezkoa bihurtu zen eta horrela sartu ziren Irurtzungo plazan.