Dantzariaren natura

Erkuden Ruiz Barroso 2021ko api. 7a, 12:02

'Kirolak' ikuskizuna. UTZITAKOA

Laida Aldaz Arrieta artista etxarriarra lehenengo aldiz herrian ariko da. Helena Lizarirekin sortutako 'Kirolak' ikuskizuna eskainiko du apirilaren 17an, 19:00etan, kultur etxean. Dantza garaikidearen bidez herri kirolak aztertu dituzte

Duela hogei urte inguru Laida Aldaz Arrieta kanpora joan zen. Bost urte zituenetik dantzatzen du, eta Etxarri Aranazko plaza "mitikoan" kalejirak eta jotak dantzatu dituen arren, profesionalki ez da inoiz aritu herrian, etxean. "Ilusio pila bat egiten dit". Apirilaren 17an Kirolak ikuskizuna aurkeztuko du, 19:00etan, kultur etxean. Nafarroako Antzoki Sarearen Zirkuituaren programaren barruan egoenen da Kirolak ikuskizuna herrialdeko sei herritan. Dantzaria ez ezik, Aldaz diziplina anitzeko artista da, eta herrira itzultzeko lan handia egin du; baita Nafarroan dantza garaikidea bultzatzeko ere. Duela bi urte Faktoria koreografia zentroa mustu zuen Noainen eta zuzentzen duen Zinetika jaialdiaren seigarren edizioa izanen da aurten ere.

Kirolak herri kiroletan oinarritutako dantza garaikideko ikuskizun bat da. Hasieran kale ikuskizun labur bezala sortu zuten Aldazek eta Helena Lizarik. "Jendearendako gaia errazagoa da. Ikusi genuen jendeari interesatzen zitzaiola gaia eta saio luzeagoa eta antzokian egitekoa egin genezakeela pentsatu genuen". Aldaz eta Lizarirekin batera ere dantzari gehiagok parte hartzen dute Etxarri Aranatzen eskainiko duten "bertsio luzean".


Laida Aldaz 'Kirolak' ikuskizunean. UTZITAKOA

"Bai Helena bai ni duela asko kanpora joan ginen eta beti duzu zure lurraldearekin harremana. Kanpoan egonda ohiko gauzak nabarmendu egiten dira: nola bururatzen zaio pertsona bati harri bat jasotzea?". "Horrelako gauzak" planteatzen hasi ziren, eta emaitza Kirolak ikuskizuna izan zen. "Kirolek eta dantzak badituzte amankomunean kontzeptu asko: erresistentzia, indarra, azkartasuna, ardatzetik kanpo egotea…". Herri kiroletan, gainera, elementuak erabiltzen dituzte eta gorputz bat objektu horiek bihurtzean zer gertatzen den erakutsi nahi zuten ere. Ikuskizunaren gaia kontuan hartuta, Kirolak emanaldiarekin batera Aizkora, antzinako bizimodu baten aztarna dokumentala eskainiko dute Etxarri Aranatzen.

Dantza eta ingurua
Azken urtetan dantza garaikidearen ezagutza hedatu den arren, "oraindik" ez dela guztiz ulertzen kontziente da Aldaz. Baina Kirolak ikuskizunak jorratzen duen gaiagatik "Etxarrin gustuko izango dutela" uste du artistak. "Azkenean, gure kulturaren inguruan osatu den saioa da, gure kulturaz hitz egiten du". Amankomuneko zerbait edo ezagutzen den zerbait ikusten denean "errazago" ulertzen da.

Espazio ez eszenikoetan sortzea gustatzen zaio Aldazi. Oholtzatik atera eta edozein toki agertoki edo dantzatoki bihurtzen ditu etxarriarrak. Horrela sortu zuen Site specific. Ciudad en creación. "Joan den urtean Iruñeko Kondestable jauregian egon ginen bi astez lanean eta emanaldi ibiltari bat sortu genuen. Guk sortutako dantza baten bidez jauregia erakutsi genuen, jauregiaren estruktura kontuan hartuz".


La Faktoriako ikasleen 'Site Specific' performancea Iruñeko Ziudadelan. @ZINETIKAFEST

Dantzaz konpainiak Atalak proiektuan parte hartzera gonbidatu zuten, eta konpainia horrekin ere Los Arcosen antzeko performance egin zuten. Tabakaleran, Miarritzen eta Gasteizen errepikatu zuten esperientzia, baina toki bakoitzeko emanaldi bakoitza bakarra da. "Arkitektura erabilita dantza bat leku horretarako osatzen dugu; leku horrek ematen digun informazioa aztertuz". Egiten duten aldiro, beraz, performance desberdinak dira. Ekainean proiektu bera Faktoriako ikasleekin egingo dute.

Koreografia zentroa
La Faktoria Aldazen beste proiektu bat da: nazioarteko koreografia zentroa, Noainen kokatuta. "Bi urtez kobratu gabe lan egiten egon gara eta orain ikusi dute eta baloratu dute egin dugun lana". Aurrekoan Nafarroako Parlamentuko kideek zentroa bisitatu zuten eta bertatik bertara ezagutzeko aukera izan zuten: "Oso pozik zeuden eta proiektua laguntzeko gogoa zuten". Aurten 21 ikasle ditu, baina zentroa mustu zutenetik 80 bat dantzari pasa dira. Dagoeneko hiru promozio trebatu dira La Faktorian: "Urtero nafar bat edo bi ditugu, eta horregatik nafarrendako matrikula merkeagoa jarri dugu". Hainbeste urte kanpoan egon ondoren nazioarteko zentroak ere "kulturen artean" egoteko aukera ematen dio.


Nafarroako parlamentariak La Faktorian. @ZINETIKAFILM

Dantza garaikidea bultzatzeko "hemengo jendea" trebatu behar dela esan du Aldazek: "Kanpoan egoteak ere gauza asko erakutsi dizkit, baina hemen egoteko aukera ere egon behar du". Gero eta aukera gehiago egotea nahi du etxarriarrak, izan ere, Euskal Herrira itzultzeko "zerbait" izan behar zuen. "Nire ibilbide profesional gehiena kanpoan egin dut hemen ez zegoelako aukera handirik. Konturatu nintzen zerbaitekin itzultzen banintzen askoz hobe zela eta nik osatzen banituen proiektuak geroz eta aukera gehiago izango nituela bueltatzeko". Pixkanaka "gauza gehiago" egiten dira. "Batzuetan ez da erraza, baina saiatzen ari dira". Kultura sustatzen den lekuetan giro berezia sortzen dela aipatu du artistak: "Gauza asko gertatzen eta sortzen dira". Bere natura horrelakoa da: "Jaialdi bat, ikuskizun bat, zentro koreografiko bat… bati nago sortzen".

Ikus-entzunezkoak
Sei urtez Zinetika mugimendua eta ikus-entzunezkoak uztartzen dituen jaialdia zuzendu du Aldazek. Iruñean hasi zen eta dagoeneko Bilbon, Donostian eta Iruñean egiten da jaialdia. "Oso pozik nago jaialdiarekin, baina esan behar dut oso lan handia eta zaila dela. Pila bat gustatzen zait eta talde oso ona dugu. Baina beti oso zaila da diru laguntzen kontua edo dirua lortzea". Jaialdian eskaintzen diren bideo emanaldiak, ikastaroak, hitzaldiak eta abar gehienak doan dira edo salneurri baxua dute, eta horretarako beste finantziazio mota bilatu behar du: "Hori da zailena". Aldaz artista eta dantzaria da, baita ekoizlea, komunikatzailea, irakaslea… "Oso polifazetikoak izan behar dugu".

Errutinak
Juan Ramon Karasatorre Aldazek egindako testu batean oinarrituta Laida Aldazek The Room film laburra sortu zuen. Luisillo Kalandraka musikari etxarriarrak film laburrerako musika egin zuen ere. Lana zenbait bideo jaialditan egon da, iazko Zinetikan mustu ondoren. Pertsona bat gela batean itxita dago eta hor zenbait mugimendu agertzen dira, errutina islatzen dutenak. Errutina bat moztean, beste errutina bat sortzen da. Film laburra pandemia hasi aurretik grabatu zuten, eta konfinamenduan zehar editatu zuten. "Ia iragarlea izan zen".


'The Room' Laida Aldazen film laburra. @ZINETIKAFEST

Konfinamenduan La Faktoriako ikasleekin Inside filma egin zuten ere. Joko batean oinarritu zen: "Bi dado sortu nituen; batean etxeko tokiak zeuden eta bestean mugimendu kalitateak. Lekuen dadoa behin botatzen nuen eta mugimendu kalitatearena hiru aldiz". Dantzariek tokatzen zitzaien lekuan hiru mugimendu horiekin koreografia bat prestatu behar zuten eta filmatu behar zuten. Ondoren, Aldazek eta bere taldeak edizioa egin zuten. Luisillo Kalandrakak ere proiektu honetan musika jarri zuen.