Igeltserotza

"Obra txiki hauentzako lizentziak berehala ematen ditu udalak"

Eraikuntza gehigarria 2021ko mar. 30a, 11:05

Eñaut Albarrazin Goldarazena igeltseroa da.

Urte honetan bezeroen eskaeren artean aldaketak nabaritu ditu. 

Zein lan mota egiten dituzu?
Ezberdinak izaten dira baina batez ere bainuontziak aldatu dutxa ontziagatik. Aurten sukaldeak jangelarekin bateratzeko lanak ere egin ditut. Eta beti ere izaten dira teilatuko mantenuak, teilatu-hodiak garbitu, hautsitako teilak aldatu, tximiniak jarri eta halakoak besteak beste.

Azken urte honetan aldaketak nabaritu dituzu bezeroen eskaeren artean?
Bai, etxeetako lekua berregokitu nahi izan da, espazioak handitu, eta adibidez pelleterak ere egin izan ditut, pelletaren kanalizazioak, haizearen hoditeriak, etxe bakoitzaren araberako egokitzapenak. Berokuntza sistema asko ere aldatzen ari dira, dirua eta energia aurrezte aldera.

Sakanatik kanpo lan egiten duzu?
Ez, batez ere hemen. Araia aldean ere lanen bat egiten dut, gertutasunagatik baina batez ere Sakanan egiten dut lan.

Jendea zurekin harremanetan jartzen da eta gero zer?
Gero ni etxera gerturatzen naiz eta bertan gaudela bezeroak daukan ideia baloratzen dugu. Normalean jendeak nahiko argi dauka zer egin nahi duen baina gero hor daude karga-hormak, elektrizitate kutxak, argiteria nola jarriko den aztertu, altzari mota... hainbat aldagai kontuan hartu behar direnak.

Horrelako lanak egiteko baimenak eskatu behar dira?
Bai, bai; nik aurrekontua prestatzen diet eta gero obra txiki hauentzako lizentziak berehala ematen ditu udalak.

Nola daramazu lan egin eta jendea bertan bizi bada?
Bueno, denetatik. Bada jendea gainean dagoena eta beste batzuk lasaiago uzten zaituzte, baina jendea bizitzen ari den etxebizitza batean lan egitea zailagoa da. Lan horiek lehenbailehen bukatzea nahi izaten da eta presioa ere badago. Bezeroaren exijentzia maila ere gero eta handiagoa da. Igeltserotza lana lan-esku merkeenetariko bat da baina materialak diru asko balio du.

Materiala Sakanan erosten duzu?
Sakanan ditugun eraikuntza dendetara gero eta gehiago jotzen da. Nik kalitate oneko materialarekin egiten dut lan eta bertako dendetan duguna ikusita prezioa eta kalitatea orekatuta daudela iruditzen zait.