Larunbatean zen aurkeztekoa, Etxarri Aranazko Kultur Etxean, Amaia Erdoziak eta Oscar Corrozak sortutako Aizkora, antzinako bizimodu baten aztarna dokumentala. Pandemia dela eta, azken orduan bertan behera geratu da emanaldia, baina dokumentala ikusgai dago Etxarri Aranazko Udalak ahozko ondarea biltzen duen www.etxarrikoahotsak.com webgunean. Erdoziak eta Corrozak Etxarri Aranatzen aizkorak duen garrantzia pantailara eraman dute.
Aurreko urtean Sakanako Mankomunitaterako ekoiztutako Sakanako Herri Kirolak izeneko bideoa aurkeztu zenuten. Hortik sortu zitzaizuen aizkora modu zabalagoan lantzeko gogoa?
Sakanako Aizkora Eskola gertutik ezagutzen dut. Familiakoek gidatzen dute, Etxarri Aranatzen. Oso proiektu berezia dela eta aizkoraren biziraupenerako guztiz beharrezkoa dela ikusi nuen, eta Kirol Zerbitzuko teknikari Amaia Gerrikagoitiari azaldu nion iruditzen zitzaidala hori nolabait bildu beharra zegoela. Eta hortik sortu zen iaz Sakanako Mankomunitatean aurkeztu genuen bideoa. Baina Sakanan ez dago soilik Aizkora Eskola, beste bi herri kirol eskola daude: Sakanako Harri Jasotze Eskola, Irurtzunen eta Arbizun lantzen den sokatira eskola. Bideoan hiru eskolak ezagutzera ematea erabaki genuen, baita Sakanan herri kiroletan lantzen diren beste ekimen batzuk ere. Bideoa ikusgai dago Sakanako Mankomunitateko webgunean (www.sakana-mank.eus), Kirolak ataleko Argazkiak eta Bideoak sekzioan, baina bideoa egiteak niri eta nirekin lan egiten duen Oscar Corrozari aizkora munduan gehiago sakontzeko gogoa eman zigun. Aizkora Etxarri Aranatzi oso lotuta dago, eta Etxarriko historia txikitxo hori bideo batean gordetzea polita izango zela iruditu zitzaigun. Etxarri Aranazko udalera jo genuen planteamendua egitera, interesgarria iruditu zitzaien eta dokumentala sortzen hasi ginen.
Familia aipatu duzu. Izan ere zuena, erdoziatarrena, aizkolariz josia dago, eta horrek pisua izango du.
Bai, horrek tiratzen du eta zuk mundu hori ikustea eta bizitzea eragiten du. Familian aizkolariak egon dira beti. Hasi Ignacio aitonatik, gero Juanito osaba, Juanjo lehengusua, nire anaia, aita ere Aizkora Eskolan ibiltzen da... Nahiz eta txikitan mundu hau gehiegi ere ez interesatu, beti gertu ikusi izan dudan mundua izan da, eta konturatzen zara zein mundu hauskorra den, desagertzeko zorian zegoena. Hain zuzen ere horregatik sortu zen, bere garaian, Sakanako Aizkora Eskola. Hasieran nazabaldarrak eta Axio Flores hasi ziren, eta gero familiakoek hartu zuten ardura. Antzinako ohitura eta kirol hauek ez galtzeko egin behar den lanak zein nolako garrantzia duen konturatu nintzen orduan. Eta horregatik sortu zen bideoak egiteko nahi hori.
“Antzinako kirol eta ohiturak ez galtzeko lan ordainezina egiten du jende askok”
Txikiak garenean askotan ez diegu ohiturei garrantzi gehiegi ematen, urteak pasa ahala ematen diezu balioa. Nolanahi ere, jende askok sekulako lana egiten du gure herri kirolak mantendu eta berreskuratzeko.
Bai, urteekin joaten zara perspektiba hori garatzen, konturatzen zara zenbateko lana egiten duten herri kirolak eta kasu honetan aizkora aurrera ateratzeko, nolako lotura duten lehengo bizimoldeekin, pila bat aldatu diren bizimoldeekin, lehen gure gizarteak nolako lotura zeukan gure inguruarekin, basoarekin, lotura hori nola galtzen joan den… Eta hortik abiatuta konturatzen zara ez badagoela hor jende bat, bere borondate onez sekulako lana egiten duena, ohiturei eusteko. Batzuei tokatu zaigu mundu hori zeharbidez pixka bat ezagutzea, baina gehiengoak ia galduta dauka perspektiba hori. Eta jabetzen zara halako gauzak zaindu eta balorean jarri behar direla; garrantzia eman behar diegu.
Iaz Sakanako Mankomunitateko herri kirolen bideoa aurkeztu zenutenean azaldu zenuten bideoarekin nolabaiteko errekonozimendua egin nahi zenietela herri kirolak sustatzeko bere borondatez lan ordainezina egiten duten guztiei. Pentsatzen dut aizkoraren bideo honekin ere antzekoa egin nahi izan duzuela.
Bai. Aizkora da bideoaren gaia, edo beharbada arrazoia. Baina aizkora, izate baten, bizimodu baten eta beste hainbat gauzaren erakusgarri bat ere bada. Sakanako Aizkora Eskola, antolatzen diren beste hainbat gauza bezala, ez zen posible izango auzolanik gabe. Borondate onarekin eta ezer ez jasotzeko intentziorik gabe -ez bada nolabaiteko ilusioa edo poztasuna jasotzea–, ordu pila bat eta lan pila bat jartzen duen jende horrek auzolana egiten du, eta horrek gure kulturarekin lotura du. Gure herrietan auzolanak egiteko ohitura berezkoa dugu. Kuriosoa da niretzat, garrantzia emango nioke, bai honi eta baita jendeak basoarekin izan duen loturari. Horrek zerikusi handia du gure eremuaren izaera komunalarekin. Izan ere, hainbat eta hainbat belaunaldik basoan egin zuten lan, handik bizi ziren. Guztiak, azkenean, multzo bat osatzen du, eta gauza horiek guztiek guk bizi izan dugun gizartea eta sortu dugun kultura osatu dute.
“Aizkorak pagoaren usain freskoa du, haurtzaroarekin eta familiarekin lotzen nauena”
Dokumentalean aizkoran ibili diren etxarriarrak dira protagonista, baina nola planteatu duzue dokumentala?
Hasieran pentsatzen genuenetik bukaeran sortu dugunera arte, lana forma hartzen joan da. Etxarri Aranatzen aizkolaritzak historikoki garrantzia izan du, eta Sakanako Aizkora Eskola ere balorean jarri nahi genuen. Horrela, elkarrizketak egin zaizkie Juan Mari eta Floren Nazabali, Juanito eta Miguel Angel Erdoziari, Sakanako Aizkora Eskolan trebatzen diren gazteei… baina guztia lotzen duen kontakizun txiki bat ere badago, non lamia batzuk batzuen eta besteen azalpenak lotzen dituzten. Kontakizunean Etxarriko gizartean eta belaunaldietan basoak zenbateko garrantzia izan duen azaltzen da eta nola hortik aizkolariak sortu ziren. Berezitasuna ere bada kontakizun hori etxarrieraz dela, baina nahiko galduta dagoen nesken arteko noketan. Bi lamien arteko elkarrizketa noketan da. Horretarako laguntza jaso dugu. Izan ere, bideo hau, aipatu dugun auzolanen filosofiari jarraiki, ez zen posible izango jende pila baten laguntzarik gabe: testuak egiteko orduan, euskara hori zuzenki jasotzen eta behar den bezala erabiltzen, parte hartzen duten aizkolari guztien laguntza… Horrela egiten ditugu gauzak hemen: edo denak inplikatzen gara, edo ez da ezer ateratzen.
Noiz grabatu zenuten?
Ez da erraza izan. 2019ko udazkenean hasi ginen ideiari bueltak ematen , baina gero pandemia iritsi zen, eta nahiz eta zerbait aurreratua izan, lana aurreratzea kosta egin zitzaigun aurreratzea. 2020ko udazken aldera bukatu genuen. Dokumentalak 25 minutuko iraupena du, eta erraza da ikusten. Elkarrizketak toki ezberdinetan egin dira: Erdoziatarren bordan, etxeetan, San Adrianen, Sakanako Aizkora Eskolakoekin basora jaitsi ginen aizkoran aritzera…
“Aizkora garai bateko bizimoduari oso lotura dago; Sakanan jendea basoaz bizi zen”
Protagonistek bideoa ikusi dute? Zer iruditu zaie?
Baietz uste dut, bideoa www.etxarrikoahotsak.com web gunean ikusentzunezkoen atalean zintzilik dagoelako. Egia esan ez dut oraindik iritzi askorik jaso, baina pentsatzen dut gustatuko zitzaiela. Lan polit bat egiten saiatu gara.
Eta zuri? Dokumentalarekin konforme geratu zara?
Ez, ez naiz konforme geratu (kar, kar…). Proiektuari gogo guztia jartzen diozu, gauza batzuk nahi zenuen bezala ateratzen zaizkizu, beste batzuk ez... Azkenean dituzun gaitasunei moldatu beharra duzu, gaitasun teknikoei, pertsonalei, gidoia dela edo bestea dela, eta guztia bukatzen duzunean esaten duzu: “orain gauza hauek beste modu batetara eginen nituzke”. Badauzka hobetu egin ahal ziren gauza batzuk. Esaterako, iruditzen zait protagonista gehiago sartu behar zirela bideoan, Etxarrin aizkoran ibiltzen den jende gehiago dagoelako, baina lan ahalik eta politena egiten saiatu gara.
Hemendik aurrera zein asmo dituzue? Zein unetan zaudete?
Momentu honetan geldi gaude. Ez dugu proiektu berezirik, gogoa bai, berriro ere halako gauzetan murgiltzeko. Beraz, ateratzen denaren arabera. Gu ez gara honetan profesionalki aritzen. Gure afizioa da, beti proiektu interesgarrietan sartzeko prest egoten gara, eta pentsatzen dut zerbait sortuko dela. Iaz egindako bi bideo hauekin lortutako diru pusketa bat materialean inbertitu dugu, beraz, aurrera jarraitzeko asmoz.
Hortaz, pasioz egiten dituzue ikusentzunezkoak, ez da zuen lanbidea.
Bai. Horrela lanak gusturago egiten dira. Beharbada ez zara horren profesionala izango, baina zaletasuna duzunean gusturago egiten dira. Lanbidea bada, lanak beti dauzka betebehar batzuk, eta beharbada horrek gehiago lotzen zaitu. Aitortu beharra dut nik bakarrik ez nuela egingo, baina Oscarrekin oso gustura ibiltzen gara halako saltsatan. Bien artean errazago eta arinago egiten dira halakoak.
“Sakanako Aizkora Eskolak eta halakoak ezinbestekoak dira, gure kirolak galdu nahi ez baditugu behintzat”
Zer da zuretzat aizkora?
Aizkorak niretzat badauka zati oso pertsonal bat. Txikitan familiakoei ikusitako jarduera bat da aizkora, garrantzitsua. Osabak aizkora apustua zuenean miresmen puntu batekin ikusten zenituen gauza horiek. Aizkorak badauka usain berezi bat; usain baten oroitzapena ekartzen dit beti, egurrarena, pagoaren egur eta ezpalen usain fresko hori, eta usain horrek nire haurtzaroarekin eta familiarekin lotzen nau. Eta pixka bat harago joanez, aizkora historiarekin lotzen dut, baina historia txikiarekin, herri xehearen bizimoduarekin. Garai batean nola biziko ziren basoan, zein gogorra izango zen. Orain basora egurra egitera joaterakoan, motozerrak, traktoreak edo kamioiak… denetarik dago. Baina pentsa ezazu lehen nola ibiltzen ziren trontzarekin eta aizkorarekin lanean, gurdiekin, idiekin... Han ibili behar zen gero, bizimodu bat zen, bizimodu gogorra. Sakanan jendea hortaz bizi zen gehienbat. Gero etxean baratze eta soro pixka batzuk zeuden, animali batzuk, baina basoa zen oinarria.
Maria Floresek bikain jaso zuen hori guztia 'Basogintza Sakanan' lanean. Orduko bizimodua zen, zalantzarik gabe.
Bai, gure historia izan da. Ez da gerra historia bat, baina bailara honetako historia izan da.
Sakanako Aizkora Eskola berriro martxan hasiko da eta aste honetan bertan izena ematea zabaldu Sakanako Mankomunitateak. Atzera ere Erdoziatarrek gidatuko dute. Eskola martxan egoteak pozten zaitu?
Izugarri. Osaba, aita eta irakasle egon diren guztiak haur eta gazte horiek aizkora eskuan dutela ikustean zein kontentu jartzen diren ikusteak pozten nau. Zein polita den Sakanako Aizkora Eskolako entrenamendu bat ikustea, dozena bat gazte bakoitza bere aizkorarekin enbor gainean… ikusgarria da. Sakanako Aizkora Eskolak aizkora sustatzeko egiten duen lana oso garrantzitsua da. Mundu honetan aritzeko laguntza behar da, bitartekoak behar direlako, lanabesak, entrenatzeko tokia, egurra eta abar. Beraz, hasteko aukera bikaina eskaintzen du eskolak. Nik uste dut hemendik aurrera ezinbestekoak izan behar direla halako herri kirol eskolak, gure kirolak galdu nahi ez baditugu behintzat.
Zuen etxean aizkorak etorkizuna al dauka?
Semea, lehengusuen semeak... hor ibiltzen dira. Txikitan bai, baina ez dakit handitzerakoan zer egingo duten. Akaso norbait aterako da!