Paleta Goma

Irati Igoa Sesma, Espainiako Federazioen Arteko txapeldunordea

Guaixe 2021ko api. 20a, 13:40

Irati Igoa, ezkerrean. Argazkia: Nafarroako Pilota Federazioa.

Nafarroako ordezkari etxarriarrak Murtziako selekzioko Ingrid Ruizen kontra galdu egin zuen final estuan

Asteburuan Espainiako Federazioen Arteko 30 metroko frontoiko Paleta Goma eta Frontenis Txapelketak jokatu dira Canalsen (Valentzia). Nafarroako selekzioarekin aritu da Irati Igoa Sesma palista etxarriarra, Emakumezkoen Buruz Buruko Paleta Goma Txapelketan. 

Txapelketa bikaina egin du Iratik, lehen jardunaldian Lucia Densa (Valentzia) eta bigarrenean Paoma Kumari (Kanariar Irlak) mendean hartu eta gero, final laurdenetarako sailkatu baitzen. Final laurdenetan Irati Igoak Nafarroako selekzioko bere taldekide Maddi Galartza izan zuen aurkari eta bi jokotan gailendu zen etxarriarra (15 eta 6 eta 15 eta 11), finalerdietara sailkatuz. Finalerdietan ere bere taldekide baten kontra aritzea egokitu zitzaion, Nafarroako selekzioko Irati Saraguetaren kontra. Partida bikaina jokatu zuten biek. Lehen jokoa Saraguetak irabazi zuen tanto baten aldearekin (14 eta 15), bigarrena Igoaren alde erori zen (15 eta 11), eta berdinketa apurtzeko hirugarren jokoa Igoak lortu zuen (10 eta 5). 

Atzo jokatu zen Espainiako Federazioen Arteko Emakumezkoen Paleta Gomako finala. Nafarroa ordezkatzen zuen Irati Igoak Murtziako selekzioko Ingrid Ruiz ordezkaria izan zuen aurkari. Partida oso estua izan zen, murtziarraren alde erori zena. Lehen jokoan 15 eta 9 irabazi zuen Ruizek, eta bigarrena 15 eta 8. Beraz, Espainiako Federazioen Arteko txapeldunordea dugu Irati Igoa Sesma, txapelketa bikaina egin eta gero.