Espainiako Federazioen Arteko 30 metroko frontoiko Paleta Goma eta Frontenis Txapelketak jokatu ziren apirilaren 15etik 18ra Canalsen (Valentzia). Nafarroako selekzioak hautatuen artean Irati Igoa Sesma palista zegoen. Etxarriarrak Emakumezkoen Buruz Buruko Paleta Goma Txapelketan parte hartu zuen, eta txapelketa bikaina egin zuen, txapeldunordea izan baita.
Federazioen Arteko Emakumezkoen Buruz Buruko Paleta Goma Txapelketan, hasierako ligaxkan bi partida jokatu zenituen, lehendabizikoa Lucia Densaren kontra (Valentzia) eta bigarrena Paoma Kumariren kontra (Kanariar Irlak). Bi partidak irabazita sailkatu zinen final laurdenetara. Ongi hasi zinen.
Egia esan, espero nuena baino askoz hobe aritu nintzen. Bi urte daramatzat modalitate honetan, Paleta Goman, eta ikastera joan nintzen, nire jokoa ahalik eta hobekien egitera, disfrutatzera. Baina txapelketa hasi ahala jokoan hobetu nuela konturatu nintzen eta nire bertsiorik onena eman ahal nuela. Tantoz tanto aurrera joan nintzen eta lehenengo partida irabaztea lortu nuen, bi setak irabazita (10 eta 2 eta 10 eta 5). Tanteo onarekin irabazi nuenez, banekien bigarren partida irabazten banuen final laurdenetarako sailkatuko nintzela, eta orduan gogo gehiagorekin eta motibazio gehiagorekin aritu nintzen bigarren partidan. Horrela, azkenean bigarren partida irabaztea lortu nuen (1 eta 10 eta 8 eta 10). Ligaxkako bi partidak ostegunean jokatu nituen, bata goizean eta bestea arratsaldean.
Euskal pilota eta erremintak bertakoak direnez, agian hemen kanpoan baino hobe jokatzen dugula uste dugu. Euskal Herritik kanpo maila ona dago?
Bai, izugarrizko maila dago. Nabarmentzekoa da eurek urte osoan, denboraldi osoan modalitate berbera lantzen dutela eta gu ez. Esaterako, gu denboraldi hasieran paleta normalarekin aritzen gara, gero trinkete txapelketan aritzen gara, eta denboraldi bukaeran 30 metroko txapelketa dugu. Ez gaude denboraldi osoa modalitate bakarrarekin, hainbat modalitate lantzen ditugu. Alde horretatik, eurak zentratuago daude euren modalitateetan. Baina entrenamenduetan nahiko ongi ikusi nuen neure burua, Nafarroako txapeldunordea izan nintzen eta gogotsu aritu nintzen, guztiz motibatuta.
Final laurdenetan Nafarroako selekzioko taldekide baten kontra aritu zinen, Maddi Galarzaren kontra. Hemen ere aurrera egin zenuen.
Larunbat goizean jokatu ziren final laurdenak eta aitortu beharra dut hemen gehiago sufritu nuela. Kanpoko frontoian jokatu genuen eta sekulako beroa zegoen, hezetasun handia... eta fisikoki biak ongi gaudenez, pilota guztiak borrokatu genituen eta, partida luze eta gogorra izan zen. Tantoz tanto, gutxika aldea ateratzen ari nintzela konturatu eta lasaitasun gehiagorekin aritu nintzen eta, azkenean, partida aurrera ateratzea lortu nuen, bi setak irabazita (15 eta 6 eta 15 eta 11).
Hortaz, eguraldiak txapelketan eragina izan zuen.
Bai, sufritu genuen. Hemen barruko frontoian jokatzen dugu, frontoi estalian, ez gaude ohituta kanpoan aritzera. Eta gainera bero horrekin… baina berehala ohitu ginen eta guztia ongi atera zen.
“Finalean bukaeraraino borrokatu nuen; horrekin geratzen naiz”
Final erdietan Nafarroako selekzioko Irati Saragueta izan zenuen aurkari, aspaldiko ezaguna. Kasu honetan estuagoa izan zen lehia.
Irati Saraguetarekin makina bat txapelketa jokatu ditut, baina modalitate honetan ez nintzen sekula berarekin aritu orain arte. Larunbat arratsaldean jokatu genuen finalerdia, eta oso partida estua izan zen. Parez pare aritu ginen. Lehendabiziko setean 14 eta 12 nindoan aurretik, sakean falta egin nuenera arte. Aurrea hartu zidan eta lehenengo seta berarendako joan zen (14 eta 15). Bigarren setean lasai aritu nintzen, presiorik gabe, nire jokoa egiten, tantoz tanto. Ongi atera zitzaidan, bigarren seta irabazi eta markagailuari buelta eman nion (15 eta 11). Horrela, berdinketa apurtzeko seta jokatu behar izan genuen. Niri tokatu zitzaidan sakea egitea, horrek beti alde egiten du, eta 4 eta 0 jarri nintzen aurretik, gero eta gertuago ikusten nuen finalerako txartela, eta azkenean 10 eta 5 irabazi nion eta finalerako sailkatu nintzen. Oso pozik jarri nintzen.
Finalera iritsiko zinenik ez al zenuen espero?
Hasieran ez. Baina osteguneko bi partidak irabazi nituenean txipa aldatu zitzaidan eta aukerak banituela jabetu nintzen.
Igande goizean jokatu zenuen final handia, Ingrid Ruizen kontra (Murtzia). Aurretik ezagutzen al zenuen? Nolako finala espero zenuen?
Joan den urtean txapelketa berean aritu nintzen eta hortik ezagutzen nuen. Maiderren kontra jokatu zuen orduan Ingridek. Maiderrek irabazi zion, baina banekien sekulako neska zela eta bizitza guztia daramala paleta gomara jokatzen. Munduko Txapelketan aritu izan da, eta banekien partida oso zaila nuela aurretik. Dena den, lasai nengoen, nik lortu beharrekoa lortu bainuen: finalean egotea. Izan ere, finalera iritsiko nintzenik ez nuen espero. Nire hasierako helburua disfrutatzera ateratzea zen, nire jokoa egitea eta, gutxika, aurrera joatea. Eta finalean egotea saria izan zen.
Aurrean arerio latza zenuela kontuan hartuta, nola joan zen finala?
Lasai atera nintzen, presiorik gabe, ez nuelako ezer galtzeko. Lehenengo seta nahiko estua izan zen, parez pare aritu ginen. Bi tanto jarri zen bera goitik, gero nik berdindu nuen eta beste bi tantotan aurreratu nintzen, gero berdindu zuen... Une horretan atsedena eskatu zuen eta horren ondotik aurreraka hasi zen eta joan egin zitzaidan. Berak irabazi zuen lehen seta (15 eta 9).
Urduritu zinen?
Ez, ez nuen inolako urduritasunik. Ni ez naiz inoiz oso urduri jarri. Eta bigarren setean antzekoa gertatu zen. Ni aurreratzen hasi nintzen, 5 eta 0 jarri nintzen aurretik, baina berak berdintzea lortu zuen eta aurreratu ninduen. Dena atera zitzaion, eta ez zegoen ezer gehiago egiterik. Bukaeraraino borrokatu nuen eta horrekin geratzen naiz.
Atsedenaldiak ez zaizkizu ongi etortzen.
Egia esan, ez. Esaterako, finalerdietan nik ez nuen atsedenaldirik eskatu. Nahiago dut dena jarraian jokatzea. Oso nekatua banago, atsedenaldi labur bat bai, baina bestela nahiago dut dena jarraian jokatzea. Atsedenaldietan, entrenatzailearekin hitz egiten dut baina berehala kantxara ateratzen naiz, mugitzera... Ezin naiz geldirik egon.
Kontentu zaude egindako lanarekin? Federazioen Arteko Buruz Buruko Emakumeen Paleta Gomako txapeldunordea zara, eta hori ez da edonolakoa.
Oso kontentu nago. Ez nuen ezer espero eta egindakoarekin harro nago, oso pozik. Trofeoa horren gertu ikusteak alde batetik pena ematen dizu, baina ni oso pozik itzuli naiz Valentziatik, espero baino hobe aritu naizelako. Nafarroako Pilota Federazioa ere kontentu dago Nafarroako selekzioak egindakoarekin. Emakumezkoen kasuan selekzioko 5 neskak sailkatu ginen final laurdenetarako, eta finalerdietako 4 palistetatik 3 nafarrak ginen. Nafarrak aritu garen modalitate guztietan sailkatu gara, eta oso kontentu dago federazioa guk guztiok egindakoarekin.
Zein izango da hurrengo txapelketa? Aurten Gipuzkoa, Errioxa, Araba, Bizkaia, Nafarroa eta Iparraldeko federazioek elkarren artean jokatzen duten GRAVNI txapelketa ezaguna jokatuko al da?
Guri esan digutenez, ziurrenik ez da jokatuko. Saiatuko dira beste txapelketa mota bat egiten, baina GRAVNI Txapelketa den bezala, ez da eginen, pandemia dela eta. Datorren helburua maiatzean Mendillorrin jokatuko den Espainiako Trinketeko Opena izango da. Paleta Gomarekin jokatuko dut, Binakakoan, Uxue Murillorekin bikotea osatuta. Ea zer moduz aritzen garen. Beraz. Orain trinketean murgilduko gara buru belarri, aste honetan bertan hasi ditugu entrenamenduak. Eta ekaineko bigarren asteburuan Kluben Arteko Espainiako Txapelketa izango dugu.
Trinketeak bere berezitasunak ditu. Lau paretetako txapelketa da eta modalitateari tamaina hartzea kostako da.
Bai, desberdina da, baina gu frontoian eta trinketean jokatzera ohituta gaude, bietan aritzea. Lehendabiziko egunetan galduta egoten gara, baina berehala, di-da ohitzen gara.
“Futbolean Mulier taldean mailari eusteko borrokan gaude”
Frontoian aritzeaz gain Mulier taldeko futbolaria zara. Espainiako 1. Nazional Mailako 2A multzoan zabiltzate. Txapelketako bigarren fasean zaudete, kategoriari eusteko borrokan.
Txapelketako 1. faseko lehenengo 4 taldeak igoera faserako sailkatu ziren eta gainontzeko taldeak maila eusteko faserako. Gu zazpigarrenak izan ginenez, kategoriari eusteko borroka horretan gaude. 11 talde gaude 2. fase honetan, eta hamaika horietatik azken bostak mailaz jaitsiko dira. Egun jaitsiera postutan gaude, baina asteburu honetan irabazten badugu jaitsiera postuetatik aterako gara. Sailkapenean oso alde gutxi dago, txapelketa oso estua ari da izaten. 6 jardunaldi geratzen dira eta bukaeraraino sufritzea tokatuko zaigu. Helburua mailari eustea da, hori da espero duguna. Beraz, tentsio handiko denboraldi bukaera izanen dugu.