Polizia "gehiegikerien" kontrako elkarretaratzea

Guaixe 2021ko mai. 6a, 11:55
Plazan ostiralean egindako bilkura. Argazkia: @LaHaineInfo.

Herriko perimetro itxiera dela eta, etxarriarrek hainbat "polizia gehiegikeria" bizi izan dituztela salatu zuten.

Etxarri Aranazko Gazte Asanbladak (EGA) deituta, Fan Hemendik leloa zuen kontzentrazioa egin zen ostiralean. COVID-19 gaitza ez hedatzeko herriaren perimetro itxiera izan den bitartean Foruzaingoaren eta Guardia Civilaren “jazarpena” eta “polizia-pandemia” salatu zuten hainbat etxarriarrek. EGAko kideek, besteak beste, salatu zuten isunak jarri izana, hainbatetan etxarriarrak 6.000 euro arteko isunekin mehatxatu izana, azienden ohiko leku aldaketetan trabak jarri eta mehatxatzea, gazteen jarraipenak egitea, herrirako sarrera oztopatu nahi izatea… Gainera, sartu-irteerak egiteko ziurtagiriak euskaraz izateagatik behar baino gehiago egon behar izan dute zenbait etxarriarrek herri sarreran. Ostiraleko, bilkura gertutik zaindu zuen Guardia Civilak.