Mendi lasterketak

Gaur zabalduko da Triku Trailean izena emateko epea

Guaixe 2021ko mai. 24a, 12:00

Ekainaren 27an jokatuko da, Etxarri Aranazko kanpinean, Triku Trail 2021 mendi lasterketa. Antolakuntzak gaur, astelehena, 20:00etan zabalduko du izena ematea

Aurreko urteko etenaldiaren ondoren aurten bai, aurten Triku Trail mendi lasterketa jokatuko da. Traila ekainaren 27an abiatuko da, igandearekin, goizeko 9:30ean, Etxarri Aranazko kanpina irteera eta helmuga dituela. Etxarri Aranazko paraje zoragarrietatik barna gauzatuko den lasterketak 21 km izanen ditu, eta 1.400 metroko desnibel positiboa. Jakina, eskatutako osasun arau guztiak zorrotz beteko dira. 

Antolakuntzatik adierazi dutenez, gaur, astelehena, maiatzak 24, zabalduko dute izena ematea, 20:00etatik aurrera (www.rockthesport.com). 18 urtetik gorako kirolari, korrikalari edo mendizalek, federatua nola federatu gabeak, eman ahalko du izena. Gehienezko kopurua 250ekoa izango da. Izena ematea: 15 euro.