Astekaria

Kilimak taldea, kilimak eragiteko prest

Erkuden Ruiz Barroso 2021ko eka. 3a, 13:38

Kilimak taldea. UTZITAKOA

Ekainaren 6an, igandea, 19:30ean, euskarazko runba egiten duen taldeak kontzertua eskainiko du Etxarri Aranazko plazan. Taldearen helburua jendea mugiaraztea eta ongi pasatzea da.

Agus Garmendia Vidal musikaria rockeroa zen, Rock and Roll talde bat zeukan, baina runba eta musika estilo latinoak gustatzen zitzaizkion ere, "salsa eta antzekoak", haren izaera rockeroak onartu nahi ez bazuen ere. "Estopa eta horrela taldeak entzun nituen eta gustatu zitzaizkidan, eta rockeroa nintzenez ez nuen hori onartu. Baina azkenean ateratzen dira gustatzen zaizkizun gauzak. Eta zergatik ez?". Duela hiru urte inguru, egun batean, lagun batekin gitarra jotzen hasi ziren eta runbak atera ziren: "Letra batzuk egiten hasi nintzen". Horrela sortu zen Kilimak taldea, "nahi gabe, intentziorik gabe". Lagunartean. Ekainaren 6an, igandea, 19:30ean, Etxarri Aranazko plazan emanaldia eskainiko dute.

Kilimak taldearen nahia jendeari kilimak sorraraztea da, horregatik jarri zioten izen hori. Runba ongi pasatzeko musika estilo bezala deskribatu du musikariak, eta taldearen helburua "dantzan jartzea, irribarreak sortzea eta jendea ongi pasatzea" da. "Gure berezitasuna da runba euskaraz egiten dugula, abestiren bat erdaraz egiten dugu ere, eta beste estiloren bat lantzen badugu ere, kontzertua runba deskarga bat da".

Agus bere gitarrarekin hasi zen eta dagoeneko bost musikarik osatzen dute Kilimak: Jone korista, Larra bateria jolea, Antxon baxu jolea eta Oskitz tronpeta jolea. Pandemia iritsi baino lehen "bi udara topera" ibili ziren. "Topera". Ehun kontzertu inguru eman dituzte. "Plaza asko, txosna… inguru askotan ibili gara, festetan gehien bat. Baita Euskara ari du ekimenetan ere". Azkenetako emanaldia Bartzelonan egin zuten Kutxabira egitasmoaren barruan. "Pila bat egin ditugu. Ez gara kexatzen. Bueno, orain bai, egoerak izorratu digulako".

Kontzertuak
Zuzenekoak dira, momentuz, Kilimak taldea entzuteko modu bakarra, ez baitute diskorik kaleratu eta Interneten albiste bakarra elkarbanatu dute. "Jendeak esan digu diskoa grabatu behar genuela, eta horretan gaude. Azkenean, pandemia etorri behar izan du gu diskoa grabatzen jartzeko". Kontzertuetan oso gustura zeuden, eta emanaldiak "han eta hemen" zituztenez "pandemia iritsi zela eta serio jartzea pentsatu genuen". Lanean ari dira.

Egoera berezira egokitu behar izan dute. "Guretzako izan da… Kontzertu lasai bat, jazz edo horrelako estilo batekoa, eserita ondo. Baina gurea bezalako kontzertu bat, azkenean, energia eta dantza egiteko gogo horiek ematen dituela…". Alternatiba aurkitu zuten: "Bartzelonara joan ginenean bidaian hasi ginen jendeak eserita egiteko koreografiak prestatzen". Aurretik ere bazuten koreografiaren bat, "baina gehiago sortzen hasi ginen eta jendearekin jolasteko moduak pentsatu genituen, kantatzen eta kantarazten". Jendeak hankak eta besoak mugitzen zituen eta "batzuk altxatu ziren ere momenturen batean".

Publikorekin konektatzea da helburua, beraiek ere parte har dezaten: "Denei gustatzen zaigu kontzertu batean feed back hori egotea". Konexioa egotea. Etxarri Aranazko kontzertua plazan izanen denez, aire librean, giroa sortzen laguntzen du. "Gogotsu gaude, egia esan".

Runba
"Lehenengo kontzertuetako bat Hernanin jo nuela, ni bakarrik nengoela nire gitarrarekin lau kanta eta bertsioak jotzen, aurreko egunean flamenkoa euskaraz egiten zuen talde bat ikustera eraman ninduten". Sonakay zen, gerora "izena" hartu zuen taldea. "Baina ez da estilo berdina. Beraiena flamenko da, eta gurea gehiago runba, dantzatzeko. Antzekoak dira". Duela "urte asko" runba egiten duen beste talde bat egon omen zen, Mal de Ojo, "baina nik ez nuen entzunda". Runba eta euskaraz egiten duten "oso talde gutxi" daude.

Runbaren doinu "mugitu eta dantzagarriaren" atzean, mota askotako letrak daude: "Dantza egiteaz hitz egiten dugu, bizitzaren gatzari buruz; bizitzari gatz pixka bat bota behar diogula". Badituzte "gai sakonak" lantzen dituzten abestiak ere, Errutinaren tranpa abestia, esaterako. "Horretaz hitz egiten du, nola ibiltzen garen etxetik lanera, lanetik tabernara eta buleta. Zurrunbilo batean". Beste batean gizakien arteko erlazioei buruz hitz egiten dute, "nola enpatia falta dagoen"; Kontakatilu abestian txutxumutxuan aritzen direnen kritika bada, "besteei buruz gaizki hitz egiten ari dena; azkenean denok egiten dugula noizbait". Internetera igotako abesti bakarra da. Umore onarekin horrelako kritikak egiten dituzte. "Errieta botatzen baduzu ez dizu inork kasurik egingo, baina umorearekin tratatzen dituzuenean hobe sartzen da mezua".