Futbola

Irati Igoaren Mulierrek ligari eusteko borrokan jarraitzen du

Guaixe 2021ko eka. 3a, 10:30
Irati Igoa, eskuinean, goian, Mulier taldeak Tolosaren kontra jokatutako partida hasi baino lehen. Argazkia: Mulier.

Mulierrek eta Tolosak bina berdindu zuten eta asteburuan San Ignacio taldea du aurkari Iruñean

Irati Igoa Sesma futbol jokalari etxarriarraren Mulier taldeak Espainiako 1. Nazional Mailari eusteko borrokan jarraitzen du. Larunbatean Tolosaren kontra jokatu zuten, eta 2 eta 0 aurreratu ziren nafarrak. Hain zuzen ere Irati Igoak sartu zuen gorritxoen bigarren gola, baina partida bukaeran, 85. eta 92. minutuetan bi gol sartu zituen Tolosak, eta binakako berdinketarekin despeditu zen partida. 

Asteburuan San Ignacio izango du aurkari Mulierrek Iruñean, eta liga despeditzeko azken partida datorren asteburuan jokatuko du, Arratiaren kontra. Espainiako 1. Nazional Mailari eustea da helburua, eta horretarako azken bi partidetan lan borobila egin beharko du Mulierrek. Irati Igoak azaldu duenez, “geratzen zaizkigun bi partidak irabazten baditugu, 1. Maila Nazionaleko kategoriari eustea posible da. Zaila dago, baina gertatzen dena gertatuta ere, beti aurrera!”.