Arteak eta kulturak gizarte batean funtsezko bi funtzio betetzen dituela dio Udalbiltzak: hizkuntza baten imajinazioa garatzea eta herri baten historiaren lekuko izatea. Euskal Herrian gaur egun arteak eta kulturak duen ahulezia nabaria dela gaineratzen du instituzioak. Ahuleziari aurre egiteko, Geuretik Sortuak proiektua martxan jarri dute Euskal Herriko hogeita bat artistek zenbait herritan egonaldi artistikoak egin ditzaten. Idatzizko, ikus-entzunezko edo antzerki proiektuak garatuko dituzte Udalbiltzaren beka jasotzen duten artistek. Artistek gehienez hiru aste pasako dituzte egokitzen zaien herrian. Yolanda Arrieta idazle bizkaitarrak proiektuan parte hartu du eta aste honetan Etxarri Aranazko kaleetan eta basoetan, eta etxarriarrekin hitz egiten egon da.
"Denok gara gure garaiko kume. Artista hitz handia da, baina sormen lanak egiten duena da egunean bizi dugun kumetasun horretatik ingurua, garaia, gertaerak eta abar nola bizi ditugun islatzea. Betiere pertsonaren galbaetik. Pertsonaren galbaea zentzumenak, irudimena eta oroimena dira". Udalbiltzaren proiektuan "euskaratik" sortutako egitasmoa dela esan du Arrietak, "euskara da biltzen gaituena". Euskararen imajinarioaren bidez garaia eta tokia erakutsi behar dute. "Hor barruan dago oroimena ere". Baita sortzailearen bizipenak eta herri bakoitzeko memoria "txikiak" eta "sozial eta kolektiboak". Sortzaileek osagai guzti horiek hartuko dituzte eta "pasteltxo edo magdalenatxo" bat egin behar dute; "ahalik eta ederrena". Hala ere, edertasuna ez dela bakarrik polita izatea esan du. Proiektuan parte hartu dutenen tresna, beraz, euskara da, Arrietaren kasuan, idatzia. "Baina imajinario horretan irudimena ere badago eta barne irudiak daude ere".
Astebete Etxarri Aranatzen pasa du. Larunbata bere azken eguna izan zen herrian, eta bisita idazketa tailer batekin itxi zuen. "Jendea ezagutzeko modu bat da". Udalean proposamena egin zuen eta onartu zuten. Zortzi bat pertsonek eman dute izena. Herria ezagutzeko aukera izan du, eta jendea "asko" ezagutzen ari da: eskolan, ikastolan, nerabeekin egon da, basozainekin, gazteekin… "Ni ez naiz kazetaria, eta ez da dena jasotzea izango. Fikzioa egin behar dut".
Etxarri Aranatz ez zuen aurretik ezagutzen, idazleak gogoratzen duenez gazte zenean errepidetik pasatu izan zen Estellesarekin, Lizarra bidean. Castillo Suarezen laguna da, "kideak ofizioz ere", eta altsasuarraren bidez hainbat tailer eskaini ditu Sakanan. "Baina Etxarri Aranatzen ez dut uste. Inguruan, bai. Baina gauza bat da bueltan egotea eta beste gauza bat da herri batean murgiltzea".
"Edozein tokirako" baliagarria zen proiektu bat aurkeztu zuen Arrietak. "Web orrian niatik guara jarri nuen. Egin nuenean definitzen nauen izen bat behar nuela esan zidaten, eta hori atera zen". Niatik abiatuta, lekutik ere elikatzen da idazlea: "Ez naiz niarekin gelditzen. Denok dugun ni hori, neurri batean bakarra dena eta beste alde batetik batzen gaituena". Niatik guara pasatzen da: "Lekua gu izango litzateke, espazioa, kolektibitatea. Ni nik hor zer ikusten dudan nire pertzepziotik izango da". Joko bat da. "Nia ez da bakarrik Yolanda Arrieta. Nondik natorren eta zerekin lotuta nagoen da; oroimenari, memoria historikoari, memoria sozialari, gertaerei, hizkuntzari…"
Hiru galdera
Proiektua garatzeko Arrietak pertsonara hurbildu nahi du, "baina pertsona subjektu kolektiboa eta soziala da", eta horretarako hiru galdera planteatzen ditu: "Zein izan den momenturik edo gertaerarik garrantzitsuena, zer eman dien eta zer kendu, eta zerk merezi du irautea". Galdera horren inguruan aspaldi pentsatzen duela esan du idazleak. "Azken ipuinek ere azpian galdera hori daukate". Jendearengana hurbiltzen da, eta jendeak hitz egiten du. "Hortik tiratzen dut eta balio ez dutenak bazterrera eramaten dut". Etxarri Aranatzen aste honetan egin duena "abiapuntua" izan da. "Jasotzen ari naizen horrekin antolatzen ari naiz. Ahots desberdinak daude, eta hori interesgarria iruditzen zait".
Garaiak ere garrantzitsuak dira: "Iragana, gaur eguna eta gerora zer egongo da". Kanpoan eta barruan pentsamenduak ere errepikatzen direla azaldu du idazleak. "Lur komunen azpian dagoen bizimodua gaur egun kanpotik etortzen diren ohiturekin talka egiten dutena…". Sakandarrak batzen dituen elementuetariko bat badagoela esan du Arrietak: basoak. "Nik uste basoak ideologia guztiak batzen dituela". Hariztian sartzea infinitura joatea bezala dela esan du idazleak, "Munduaren hasierara". Jaso duenez, euskara ere dago, "baina erdara ere badago", azaldu du. "Kolore askotako gauzak daude".
Azken urteetan ibarrean turismoa sustatzeko egin diren ahalmenetan horretan sinistea ez omen den falta galdetuta, "sinistu baino azpian beldurra dagoela uste dut". Kalte egitearen beldurra, kutsatuko dutenaren beldur… "Pertsona batekin hitz egin nuen eta esaten zuen diru iturri izan daitekeela, baina neurtuta izan behar dela". Aisialdiak heziketarekin eta osasunarekin zerikusia duela gaineratu du, beraz, "egingarria" da turismo proiektu osasuntsu bat Sakanan. "Ongi neurtuta eta antolatuta". Ibarrean arimatik sendatzeko aukera dagoela esan du.
Beharren arabera
Etxarri Aranatzen beharren arabera eraikitzen joan dela nabaritzen dela esan du Arrietak. Etxe asko "ederrak" direla esan du, "baina bakoitza bere amarena eta aitarena da, eta bakoitzaren estilokoa". Hortaz, ondoan dagoen etxe batek bestearekin ez duela zerikusirik esan du. "Bakoitza den bezalakoa da". Hala ere, "elkarrekin harmonian bizi zarete". Basoaren bizitza ere badela gaineratu du. "Premien arabera egindako herri bat dela esan zidaten. Nik herria estetikoki batuko nuke".
Arrieta biltzen ari den informazio guzti hau gehienez 25 orriko ipuin bat bihurtuko du irailaren erdialderako. Aurkezpen bat baino gehiago egitea aurreikusi du Udalbiltzak, proiektuan parte hartu duten idazleak herri desberdinetara joanen direla uste du Arrietak. "Polita iruditu zitzaidan jendea ezagutzeko eta herria ezagutzeko". Izan ere, idazlearen ustez herritarren eta sortzaileen artean “dibortzio” bat dago: “Jende askok ez daki zer egiten dugun, nondik sortzen dugun, nortzuk garen…”. Euskararen kasuan topaketa hauek garrantzitsuagoak dira: “Beste hizkuntzak datoz beste aparatu eta teknologiarekin. Guk ezin dugu igual lehiatu, baina bai egin dezakegu intentsitatea irabazi egiten dugunaren berri ematen”. Euskarazko bizitzeko modu desberdina ere asmatu behar direla esan du idazleak.