Mendi lasterketak

Sakandarrak Irati Trailean

Guaixe 2021ko eka. 16a, 09:30

Aritz Munarriz 20. sailkatu zen (3:29:59), Arkaitz Munarriz 44. (4:01:07)  eta Igor Artieda beteranoen 6. postuan (4:08:40)

Mendi korrikalariek gozamenez hartu zuten igandean jokatutako Irati Trail lasterketa zoragarri bezain gogorra. Iratiko Oihanean jokatutako proba latza izan zen Irati Trail, 30 km eta 2.100 metroko desnibel positibokoa, eta, tartean, Aboditik Orhi gaineko igoera gogorra zuena (2.017 m). 

213 korrikalarik hartu zuten irteera, eta behealdean ez, baina Orhi gainean hotza, lainoa eta ipar haizea izan zituzten aurrez aurre. Ander Iñarra gipuzkoarrak borroka ederra izan zuen Alvaro Ramosekin eta Ander Pesquerarekin, eta, azkenean Lezokoa gailendu zen (2:55:14), Ramosen (2:55:57) eta Pesqueraren aurretik (2:55:58). Emakumezkoetan Oihana Kortazar izan zen nagusi, alde handiarekin (3:27:59). 21 minutu pasa atera zizkion Enara Oronozi (3:48:06). 

Aritu ziren sakandarren artean Aritz Munarriz etxarriarra izan zen azkarrena, helmugara 20. postuan (3:29:59) sartuta. Bere anaia Arkaitz Munarriz 44. sailkatu zen (4:01:07). Bukatzeko, gizonezkoen beteranoen mailan, Igor Artieda etxarriarra 6. sailkatu zen (4:08:40).