Astekaria

"Lehenengo publikazioa komikia izango zela uste nuen"

Erkuden Ruiz Barroso 2021ko eka. 16a, 13:13
Mikel Maiza Razkin marrazkilaria 'Ilezuria' album ilustratuaren aurkezpenean. UTZITAKOA

Mikel Maiza Razkin artista etxarriarrak 'Ilezuri' album ilustratua aurkeztu du Kristina Etxabe idazlearekin eta Maite Marquez ilustratzailearekin batera. Animazioa ikasten ari da Bartzelonan.

Etxarri Aranazko liburutegian komiki bilduma handia dagoela esan du Mikel Maiza Razkinek. Ongi ezagutzen du, txikitatik komiki zaletasuna handia duelako. Zalea eta egilea da etxarriarra, komikiak egitea gustatzen baitzaio. Bartzelonan animazioa ikasten ari da, "marrazki bizidunak egiteko". 2Dan hasi zen eta orain 3Darekin hasi da. Bartzelonako estudio batean praktikak egiten ari da, baina oraindik ezin du horri buruz asko esan. Aurreko ostiralean, Donostian, Ilezuria bere lehenengo publikazioa aurkeztu zuen.

Komikizalea eta komikigilea zara, ezta?
Hori da. Maria Markotegi pare bat aldiz irabazi nituen. Bartzelonara joan nintzen bertan ikasketekin jarraitzeko aukera gehiago zegoela ikusten nuelako. Iruñean Batxilergo artistikoa egin nuen, eta gero ez nekien zer egin. Arte Ederrak izan zitekeen, baina ez ninduen guztiz konbentzitzen. Ez zen niretzat. Hemendik gertu ez zegoen komikigintza ikasteko zentrorik edo akademiarik eta pentsatu nuen animazioan sartzea eta lehenengo urteetan asteburuetan Escola Joso komikigintza eskola ospetsu batean komikigintza ikasten egon nintzen. Horrela bi urte egin nituen. Hurrengo urtean Erasmusera joan nintzen eta komikigintza pixka bat alde batera utzi nuen, eta hortik aurrera afizio bezala jarraitu dut komikiak egiten. Noizbehinka lehiaketaren batera aurkezten naiz, baina momentuz arrakasta gutxirekin.

Eta orain album ilustratu bat publikatu duzu. Nola sortu zitzaizun aukera?
Goi mailako zikloa bukatu nuen eta argi neukan animazioa oso gustuko nuela, baina ez zen nahikoa. Ez nengoen prest industrian sartzeko, edo uste nuen inork ez ninduela kontratatuko. Orduan, komikigintzan berriz sartzea pentsatu nuen. Garai horretan sortu zen Biko-Tekan deitzen den ikastaroan parte hartzeko aukera. Galtzagorri elkarteak antolatzen du, eta bertan lagun bat neukan eta izena ematera animatu ninduen. Bertan, aste batean idazle bat eta ilustratzaile bat elkartzen zituzten eta album ilustratuak egin behar genituen. Bilboko idazle batekin jarri ninduten: Kristina Etxabe. Ikastaro horretan album bat egin genuen eta lehiaketetara aurkeztu genuen. Kristinak beste ipuin labur bat zuen, eta pentsatu zuen albuma izan zitekeela ere. Duela hiru urte izan zen.

Distantzian egin duzue?
Bai. Nahiko konplikatua izan zen. Baina atera genuen, eta pozik gelditu ginen. Lehiaketetara bidali genuen, baina zorte handirik gabe berriz ere. Baina Kristina ezin da geldirik egon, oso tematia da, eta ipuina mugitu behar zuela esan zuen. Beste proiektu bat zeukan esku artean ere. Kristinak Maite Marquez ilustratzaileari esan zion, eta nik egindakoa bermargotu zuen. Nire marrazki ereduarekin ilustrazioak bere estiloan jarri zituen. Lan handia egin du. Gouache teknika menperatzen du.

Zein da zure estiloa?
Oso karikatureskoa. Komikitik nator eta nabaritzen da. Gouache estiloa ez nekien oso ongi nola sartu, eta berak daukan esperientzia askoz handiagoa denez, asko hobetu du lana. Hurrengo maila batera eraman du. Gauza bereziak gehitu zizkioten liburuari. Maite ere Bilbokoa denez, lana egiteko gelditzen ziren. Ni maketatzaile bezala jarri nintzen.

Aurreko ostiralean aurkeztu zenuten. Zer sentitzen duzu?
Pixka bat arraroa, egia esan. Nire lehenengo publikazioa komiki bat izango zela pentsatu izan dut beti. Eta orain album ilustratu bat publikatu dut. Oso pozik nago Kristinak eta Maitek konfiantza handia izan dutelako, eta nire marrazkiak errespetatu zituzten. Urduri nengoen, baina pozik. Aurkezpena oso ongi joan zen.

Zer kontatzen du albumak?
Ilezuri deitzen da, El oso canoso gaztelaniaz. Ipar poloan bizi den hartz bat da, baina pixkanaka bere etxea urtzen ari da eta konturatzen da ez duela horrenbeste hotzik egiten. Orduan, bidaiatzen hasten da bere lagunei galdetzeko ea ez ote duten pentsatzen bero gehiegi egiten duela. Bukaeran elezahar bat du. Klima aldaketaren gaia haurrei gerturatzeko ipuin bat da. Kristinak oso argi zeukan oso ideia ona zela, hasieratik bagenekien zerbait atera zitekeela.

Zein desberdintasun daude albumaren eta komikiaren artean?
Pentsatzen nituenak baino gutxiago. Album ilustratua testu gutxi eta marrazki handiak dituen liburu bat da, eta, normalean, askotan, haurrendako literatura da. Komiki bat berdina izan daiteke. Komiki batean biñetan daude, baina egin daiteke biñetak handi bat testu gutxirekin. Gehien bat estiloa da aldatzen dena. Komikiak ezaugarri grafiko jakin batzuk ditu, baita lengoaia propio bat ere. Album ilustratuak beste bat du.

KOMIKIAK
Zein da zure estilo gogokoena?
Denetarik irakurtzen dut. Txikitan Mortadelo eta Filemon tebeo klasikoen jarratzaile nintzen. Aitak komiki pila bat zituen, eta hemen liburutegi publikoan ere pila bat dituzte. Orduan, denetarik. Heldutzen joan nintzen heinean Dragoi Bola, Naruto eta horrelako mangen fan-a egin nintzen. Azken aldi honetan superheroiak eta komiki frantsesak irakurtzen ditut. Finagoa naiz, edo. Egileetan erreparatzen dut. Autore bat gustatzen bazait, horren lan gehiago bilatzen ditut.

Mundu zabal eta handia da.
Oso handia da, eta industria ere geroz eta handiagoa egiten ari da. Adibide nabarmenena superheroien industriak eman duen igoera da. Ez bakarrik filmetan, komikietan ere. Filmei esker jendeak irakurtzeari beldurra kendu dio. Urtez urte geroz eta ospetsuagoak dira. Lehen adibidez batzuk ezagutzen ziren: Superman, Batman, Spiderman eta horrelako mainstream esaten ditugunak. Baina, gaur egun, mila superheroi daude, eta bakoitzak bere telesaila, pelikula eta abar ditu. Jendeak askoz gehiago ezagutzen ditu, eta ez dauka komikietan murgiltzeko beldurrik.

Eta zeintzuk dira zure egile gogokoenak?
Normalean komikietan bi figura egoten dira: marrazkilaria eta gidoilaria. Galdera hau luzatzen diozun pertsonaren arabera, gidoilaria garrantzitsuagoa dela, edo marrazkilaria inportanteagoa dela, esango dizu. Alejandro Jodorowsky asko gustatzen zait, adibidez. Denetarik egin du: antzerkia, zinema… baina komikietan oso ale bereziak egin zituen. Gidoilari oso berezia da. Jim Lee oso ospetsua da komikien munduan eta superheroiak egiten ditu. Oso ona da. Niri asko gustatzen zait. 1990ko eta 2000ko hamarkadetan lan pila bat egin zuen.

Komikiak ikusita, jakin daiteke zein den marrazkilaria?
Bai, guztiz. Marrazkilaritzan sartuta dagoen jendeak ikus litzake bost Batman edo bost Superman postura berdinean eta esango luke hau honena da eta bestea bestearena. Askotan gertatzen da hori. Komikien frikiak garenen artean Superman bakarrik deitu beharrean, Alan Moorek idatzi zuen Superman edo Jilm Leek marraztu zuen Superman-i buruz hitz egiten dugu. Azkenean, errazagoa da identifikatzeko zer komikiz ari zaren hizketan autorea aipatzen duzunean. Duela bi urte Supermanek 80 urte bete zituen eta ordutik gelditu gabe komikiak atera dituzte. Asko daude. Hilabetero kaleratzen dituzte.

Eta erosten dituzu?
Gaur egun gutxiago. Bartzelonara iritsi nintzenean liburutegietara joaten hasi nintzen. Paradisua da. Badaude bi edo hiru bilduma izugarriak dituztenak. Orduan, saiatzen naiz liburutegietan hartzen eta erosi aurretik lehenengo inpresio hori izaten. Erosten baditut bildumazaletasunagatik da. Komiki bat irakurtzeko kuriositatea badut, liburutegian hartzen dut. Flipatzen dut beste komikizaleekin ez dutelako hori egiten. Ez dakit ohartzen diren. Hemen bertan, Nafarroan, Civicaneko liburutegian ere komiki bilduma izugarri bat dago. Liburutegiei esker milaka estilotan, egileetan eta abarretan murgildu naiz.

Beraz, bildumazalea zara? Filmetan ikusten den horietako bat?
Esan daiteke bildumazalea naizela, bai. Baina hainbesterainokoa ez. Pelikuletan eta serietan agertzen diren horietakoak plastikotik ere atera gabe dituztenetakoak eta horrelakoak gehiegizkoak iruditzen zaizkit. Ni saiatzen naiz ahalik eta egoera hoberenean mantentzen. Badut lagunen bat horrelakoa dena.

Zein da zure komiki gogokoena?
Sandman deitutako bilduma bat dago, guztiz maitemindu ninduena. Oso komiki magikoa eta berezia da. Istorioagatik, gehien bat. Gidoilaria ez da aldatzen, baina marrazkilariak bai. Sandman izaki mitologiko ingelesa da, eta lotan zaudenean are pixka bat jartzen dizu begietan amets goxoak izan ditzazun. Mago gaizto bat agertzen da eta, nahi gabe, eramaten du. Orduan, ametsen mundua goitik behera aldatzen du. Ametsen munduaz hitz egiten du. Oso polita da. Helduentzako, hori bai. Ez ditut haurrak traumatizatu nahi.

Bartzelonan Salon del Comic ospatzen da. Joan zara, ezta?
Urtero joaten naiz. Manga-kora eta Salon del Comic-era. Mangakora pandemiaren aurretik ere ez nintzen joan. Inspirazioa da. Bartzelonan beti egoten da zerbait interesgarria egiteko: hitzaldiak daude, komikien aurkezpenak, egile ospetsuak ekartzen dituzte sinatzeko… Komiki azoka handi bat dago ere. Baina batez ere hitzaldiak gustatzen zaizkit. Hemen Iruñean azoka zati hori alde batera uzten duten, eta aurkezpenak eta hitzaldiak egitea lehenesten dute, eta niri gehiago gustatzen zait hori. Azkenean, Salon del Comic-a Manga-renaren antzekoa bihurtuko da. Hainbeste saldu nahi dutenez, manga komikiak beharrean edozer gauza aurki dezakezu. Ez zait gaizki iruditzen, ez da egokia niretzat.