Paleta Goma

Etxarri Aranatz, palista onenen topaleku

Maider Betelu Ganboa 2021ko eka. 25a, 12:20

Larunbatean Nafarroako Emakume Master Cup Paleta Goma Txapelketako lehen mailako eta eliteen mailako final handiak jokatuko dira Etxarri Aranatzen, 18:00etan. Ikusmina handia da, Uxue Mendinueta eta Ane Eskala etxarriarrak direlako finalistetako batzuk.

Etxarri Aranazko plazan eta San Joan bezperan aurkeztu zituzten, ponpa handiz, Nafarroako Emakume Master Cup Paleta Gomako final handiak. Izan ere, aipatu txapelketako finalerdiak bezala, finalak ere Etxarriko Euskalerriari pilotalekuan jokatuko dira. Emakume Master Cupeko arduradunak, Nafarroako Gobernuko Kirol eta Gazteria Institutuko ordezkari Ana Onaindia, Laboral Kutxa Etxarri Aranazko bulegoko zuzendari Lorea Arroniz, Etxarri Aranazko alkate Silvia Marañon eta Etxarri Aranazko Gure Pilota Elkarteko zuzendari eta epaile Miguel Angel Aristorena izan ziren bertan, besteak beste. Eta, jakina, protagonistetako batzuk: 1. mailako bikote finalistetako bat, Uxue Mendinueta eta Ane Eskala etxarriarrak, eta eliteen mailako beste bikote finalistetako bat: Amaia Irazustabarrena eta Ariane Arrieta hernaniarrak.

Nafarroako Emakume Master Cup Paleta Goma Txapelketako finalak larunbatean jokatuko dira, 18:00etatik aurrera, Euskalerriari pilotalekuan. Sarrera dohainik izango da Etxarri Aranazko Udalak emakumezkoen paleta goma sustatzearen alde hartutako konpromisoari esker, eta aforoa 300 pertsonakoa izango da. Ikusmina handia da, palista onenen txapelketa delako, batetik, eta 1. mailako finalean bikote Mendinueta-Eskala bikote etxarriarra ariko delako, bestetik. Navarra Television kateak zuzenean eskainiko du finala, 18:00etan hasi eta 20:30ak arte. 1. mailan Mendinueta-Eskalak Saralegi-Galarza izanen dituzte aurkari, eta elite mailan Irazustabarrena-Arrietak Isasmendi-Ruiz de Azua. 

Emakume Master Cup taldeko ordezkariek eskerrik beroenak eman zizkieten Nafarroako Gobernuari, Laboral Kutxari eta Etxarri Aranazko Udalari, txapelketa babestu izanagatik. “Nafarroako Kirol eta Gazteria Institututik txapelketa hau babesteko egindako gonbidapena eskertu nahi dizuegu; halaber, Etxarri Aranazko herriari eta Gure Pilota elkarteari esker ona adierazi nahi diogu, emakumezkoen pilota sustatzeko egindako lanarengatik. Eta, jakina, jokalariei ere eskertu nahi diegu, beraiek direlako protagonista nagusiak eta jakitun garelako txapelketa sekulako arrakasta izaten ari dela” azaldu zuen Ana Onaindiak.  

Aristorenari eskertuta
Etxarri Aranazko alkate Silvia Marañonek gaineratu zuen “plazer handia” dela Etxarri Aranatzen halako torneoa hartzea. “Berdintasunaren aldeko pausoak garrantzitsuak dira eta harro gaude. Eskerrik beroenak eman nahi dizkiogu Miguel Angel Aristorenari, urteak eta urteak daramatzalako emakumeen paleta goma sustatzen” nabarmendu zuen. Nabarmentzekoa da Gure Pilota Elkartetik atera direla Nafarroako Emakume Master Cupean aritu diren palista kopuru gehien. Bestalde, Lorea Arronizek aitortu zuen “ohorea dela halako ekitaldi batean Laboral Kutxaren aurpegia” izatea. “Kultura, kirola eta emakumeen indar hori sustatzeagatik kontentu gaude” gaineratu zuen, eta zorterik onena opa zien finalistei.  

Miguel Angel Aristorenak nabarmendu zuen “oso pozgarria” izan dela halako txapelketako finalak Etxarri Aranatzen jokatzea. “Maila polita egon da txapelketan. Neskekin Etxarri Aranatzen berdintasuna lortu dugu, eta hori da niretzat garrantzitsuena” aitortu zuen.

Final lehiatuak aurreikusten dira
Palisten txanda izan zen segidan. Elite mailako Irazustabarrenak eta Arrietak aitortu zuten finalerdi handia bezain gogorra jokatu zutela Irati Igoa etxarriarraren eta Murilloren kontra. “Asko kosta zitzaigun, finalerdi sufritua izan zen, baina finalera iritsi gara. Pozik gaude, ea final ona egiten dugun Isasmendiren eta Ruiz de Azuaren kontra” azaldu zuten. Bere aldetik, 1. mailako finalista Uxue Mendinueta eta Ane Eskala etxarriarrek aipatu zuten Lekunberriko Saralegi eta Galarza “bikote gogorra” direla. “Final parekatua aurreikusten dugu, baina ea txapela Etxarri Aranatzen gelditzen den” espero dute. 

Aristorenaren poza
Aristorenak azaldu zuen “sekulako poza” hartu zuela Mendinueta eta Eskala palan jokatzera itzuli zirenean. “Erdi utzita zuten, ikasketak eta beste zirela, eta aurten bueltatu dira. Horrek eman dit pozik handiena. Saralegi eta Galarza aurkari gogorrak dira, txapelketa guztiak jokatzen ari direlako eta jarraikortasun bat dutelako, baina Mendinueta eta Eskala oso onak dira. Bere garaian Euskal Herriko txapeldunak izan ziren eta heldu ziren sekulako maila politarekin, baina... bizia. Finalean serio jokatzen badute, txapela jantzi dezakete” dio Aristorenak. Senior mailako finalean bere ustez Irazustabarrena eta Arrieta dira faborito. “Isasmendi eta Ruiz de Azua ere onak dira, baina uste dut hernaniarrak koska bat daudela gainetik”. 

Ildo honetan, antolakuntzak azaldu zuen finaletan omenaldi txikia egingo diotela Aristorenari, 20 urte luze baino gehiago emakumezkoen paleta goma sustatzen egon delako. “Halako omenaldiak izaten dira esateko: aittune, zoaz! Aipatu zuen irribarrez Aristorenak. Hunkitu eta negar egingo ote duen galdeginda, “hori nahi dute” erantzun zuen. Aurten Gure Pilota eskolan 35 neska trebatzen direla eta aparte zortziren bat txapelketetan aritzen direla gaineratu zuen entrenatzaile etxarriarrak. 

“Ea txapelak Etxarrin geratu eta ederki ospatzerik dugun”

Uxue Mendinueta eta Ane Eskala  Gure Pilota elkarteko palistak

Duela aste pare bat Parot eta Ansotegi taldekideen kontra Etxarrin jokatutako finalerdian ederki izerditu behar izan zenuten finaleko txartela lortzeko, ezta?
Bai, zerbait sufritu behar izan genuen, baina zerbaitetarako balio izan zuen. Larunbatean dugu finala eta ea zer ateratzen den. 

Finalera heltzea espero zenuten?
Zaila izango zela uste genuen, baina finalera heldu nahi genuen, eta gogotsu arituz azkenean helburua lortu genuen. 

Ze itxura izango du Euskalerriari pilotalekuak larunbatean? Igandean Uharte Arakilen jokatutako Emakume Master Cup pilota goxuko eta paleta gomako beste bi finaletan jende asko egon zen. 
Itxura oso ona izango du. Antolakuntzatik eskatu ziguten abisatzeko ea zenbat jende eraman behar dugun, eta ikusita zenbat jendek esan duen baietz, uste dugu jende asko joango dela. 

Aristorenak esan du sekulako poza hartu duela palan jokatzera itzuli zaretelako. 
Lehen asko ibiltzen ginen, baina hasi ginen bat Bilbon ikasten, bestea Gasteizen eta akabo pala. Aurten berriro itzuli gara eta kontentu gaude. 

Aurten itzuli eta finaletarako sailkatu zarete, onak zaretenaren seinale. Hau marka!
Badirudi ez dugula asko galdu (kar, kar…).

Lekunberriko Saralegi eta Galarza dituzue aurkari. Finala nola aurreikusten duzue?
Final zaila izanen da, bikote oso ona direlako, bikote sendoa. Baina topera entrenatzen ari gara, ea txapela Etxarri Aranatzen geratzen den. 

Zorterik onena opa dizuegu. 
Eskerrik asko! Ea txapela lortu eta ederki ospatzerik dugun!

Finalera iritsita, eta txapela lortzen baduzue, hori motibazio bat izan daiteke Aristorenari kasu egin, palan jarraitu eta beste txapelketa batzuetan aritzeko.
Bai, motibazio bat izan daiteke. Ikusiko dugu. 

Erlazionatuak