Mendi lasterketak

Triku Traila aurrera ateratzeko egindako apustuaz harro

Maider Betelu Ganboa 2021ko eka. 25a, 11:45

Igandean, goizeko 9:30ean abiatuko da Triku Trail mendi lasterketa, Etxarri Aranazko kanpinetik gertu. Antolakuntzak ahalegin berezia egin du eskatutako osasun baldintza guztiak bete eta mendi korrikalariei non aritu eskaintzeko. Ikusmina handia da: ordu bateko epean agortu ziren 250 dortsalak

Igandea da egun handia. Pandemia hasi zenetik, lehendabiziko mendi lasterketa hartuko du Sakanak: Etxarri Aranazko Triku Traila. “Egun gutxi falta dira eta makineria topera dugu” azaldu du Triku Trail Taldeko Igor Artieda Galdeanok. Berarekin batera beste 7 kide dabiltza antolaketa lanetan, baina proba egunean ehundik gora boluntariok laguntzen dute. Lan handia da, baina gustuz egiten dutena. 
Triku Trail Etxarri Aranazko Kanpin inguruetan jokatzen den 21 km luzeko eta 1.400 metro desnibel positiboko lasterketa eder bezain gogorra da, harizti, pagadi, trikuharri eta txoko ikusgarrietatik pasatzen dena. Probak hasieratik izan zuen arrakasta, baina aurtengoa sekulakoa izan da. Maiatzaren 24an zabaldu zuten izena ematea, 20:00etan, eta aforoagatik baimenduta zituzten 250 dortsalak ordu batean agortu ziren. “Azkenekoa 21:09ean sartu zen. Horrela jaso zuen ordenagailuak” dio Artiedak, irribarrez. 

Aurrera kosta ala kosta
Horrek korrikalariak lasterketetan aritzeko irrikaz daudela erakusten du. “Oso argi genuen Triku Traila antolatzeko aukera minimo bat egonez gero, harri helduko geniola. Eta horrela egin dugu. Niretzat, Triku Trail ez egitearen erabakia hartzea zaila izango litzateke, baina baita ere erraza, proba aurrera ateratzeko bete beharreko protokoloak handiak direlako. Zintzoki, aurten indar eta energia gehiegi gastatzen ari gara protokolo madarikatu horretan. Askotan badirudi ez duela merezi halako baldintzatan zerbait antolatzea, baina harro gaude hartutako erabakiarekin; aurrera jarraituko dugu, kosta ala kosta. Duela hilabete eta erdi landu genuen protokoloa arintzen ari da eta ez da hasieran bezain gogorra izango” azpimarratu du etxarriarrak. 
Lasterketaren ibilbidea berbera izango da, irteera eta helmuga izan ezik. “Korrikalariendako gune itxi bat prestatu behar izan dugu, burbuila bat, soilik beraiek egon daitezen, publikorik gabe. Bertan beroketa egingo dute, eta aldi berean, irteera eta helmuga izanen da. Burbuila hori kanpinean egitea ezinezkoa zen, eta horregatik, kanpinera iritsi baino lehen, ezkerretara dagoen itxitako lursail batean prestatu dugu” gaineratu du Artiedak. Bertan eginen da ere sari emate ekitaldia. 

 

Faboritoak
Korrikalarien irteera kronometratua izango da. 250 korrikalariak 50 pertsonako 5 taldetan banatuko dituzte eta taldetik taldera 3 minutuko tartea utziko dute. “Polita izaten da txapeldunak helmugara iristean zintak jarri eta argazki hori ateratzea, baina kronometratutako irteera batean azken unera arte ez dakizu nork irabaziko duen, oso agerikoa ez bada behintzat. Horregatik, lehen multzoan faborito nagusiak jarri ditugu, baina sorpresaren bat gerta daiteke” azaldu du Artiedak. 

Triku Traila maila handiko proba izanen da. “Beñat Katarain, Ismail Razga, Juanjo Igarzabal eta Iñigo Macias daude faboritoen artean, eta agian Irati Trailean hirugarren sailkatutako Ander Pesquera etor daiteke” aipatu du. Emakumezkoetan, Euskal Selekzioko Onditz Iturbe, Nuria Mendivi eta beste aipatu ditu. 

Ibilbide gogor eta azkarra
Triku Trail ez dela lasterketa teknikoa dio Artiedak. "Xenda onak dira, eta harri gehiegirik ez dago. Gehiena lur gainean da. Proba gehienek ikur bat dute. Esaterako, Irati Trailen Orhi igo zen, Camille Extremek Ezkaurre igotzen du, Lakuntza-Aralarrek Hirumuga... eta hemen berezitasuneko bat da lasterketa guztia itzalean dela. Harizti eder batean hasten da,  eta pagadi ederrago batean jarraitzen du, berriro hariztian bukatzeko. Ibilbidea gogorra da, baditu desnibel handiko bizpahiru aldapa nahiko luzeak. Finean, korrika egiteko aukera handiak ematen dituen ibilbidea da, azkarra”. 

Aurten, garrantzitsuena proba antolatzea zen. “Irati Trailean aritu ginenean oso agerikoa izan zen. Gehienendako ia lehendabiziko proba izan zen Iratikoa. Aspaldiko lagun eta ezagunekin egoteko gogoa handia zen. Halako egun baten ondoren etxera gustura zatoz, eta Triku Trailean ere hori guztia biziko dela espero dugu” dio Artiedak. Aurten izena ematea 22 eurotik 15 eurora jaitsi dute, eta ez dute komertzioetan laguntzarik eskatu. “Errealitatea gordina dela jakitun, Etxarriko Udalarekin akordioa egin dugu, eta horrela atera dugu proba aurrera. Anoa puntuetan soilik ura eskainiko dugu eta gune gutxiago egongo dira, pilaketak ekiditeko” azaldu du.  

30 etxarriar baino gehiago
Etzi etxarriarren parte hartze errekorra gaindituko omen da. Orain arte gehienez 27 etxarriar inguru aritu izan dira Triku Trail batean, baina aurten 30etik gora izanen dira. “Etxarriarren aldetik oso erantzun ona izan da” nabarmendu du Igorrek. Agerikoa da jendeak geroz eta kirol gehiago egiten duela. “Nola egon garen kontuan hartuta, uste dut beharra dagoela. Pandemiaren eraginez mendizaletasunak eta mendi lasterketek gora egin dute. Nik behintzat nire momentua hor harrapatzen dut; mendira noanean nire munduan egoten naiz. Niretzat oso aberasgarria da, eta uste dut jende askorendako ere hala dela” aipatzen du. 

Toki onenak
Igandean Triku Trail proba ikustera joatea goiz pasa polita izan daiteke, eta Artiedak sakandarrak animatu ditu. “Ibilbidea edozein tokitatik ikusteko ederra da. Hasieran lasterketa Fagamendiko dolmenetik gertu pasatzen da, 20 metrora, eta bueltan Fagamenditik sartzen da. Txaigorrin ere antzeko zerbait gertatzen da. Lizarrustitik, aldiz, behin pasatzen da baina han jende dexente biltzen da. Izan ere Lizarrustiko aterpean autoa utzi daiteke eta 200-300 metrora Triku Traileko ibilbidea pasatzen da. Musika jartzen dugu eta giroa egoten da” nabarmendu du. “Ziur nago egun handia izango dela. Gurea ongi ateratzen bada, ea hemendik aurrera lasterketa gehiago antolatzen diren” espero du. 
Pandemiagatik ezingo da azken urteetan antolatzen zen Triku Trail Txikia egin. “Pena da, polita zelako. Ehundik gora gaztetxok hartzen zuten parte. Korrikalari askok asteburu pasa egiten dute kanpinean familiarekin. Mendia, igerilekua eta lasterketa, guztia dute eskura. Aurten ezin da, baina itzuliko da” dio.