Futbola

Mulierrek argi du zein den helburua: itzultzea

Guaixe 2021ko eka. 28a, 10:30

Irati Igoaren taldeak ezin izan dio Espainiako Lehengo Nazional Mailari eutsi, baina burua tente doa

Tamalez, ezinezkoa izan da. Irati Igoa Sesma futbol jokalari etxarriarraren Mulier taldeak ezin izan dio Espainiako Lehenego Nazional Mailari eutsi. Ekainaren 6an Bizkaiko San Ignacioren kontra 2 eta 3 galdu eta gero, nafarrek argi izan zuten ezingo zutela salbazioa ospatu. Hala ere, zuten guztia eman zuten. Ekainaren 20an jokatutako ligako azken partidan, kontentu eta dena ematera atera ziren zelaira. Mulierrek Arratia hartu zuen etxean, eta 3 eta 1 gailendu ziren nafarrak. Denboraldia garaipenarekin despeditu zuten, eta Espainiako Lehenengo Nazional Mailari agur esan zioten. “Lehenengo Nazional Mailan sei denboraldi egin ditugu eta bukatu da. Baina burua tente dugula goaz, gure azken partida irabaztearen harrotasunarekin. Futbolariak gara eta jaitsiera batek mintzen gaitu, baina oso argi dugu zein den gure egitekoa: itzultzea. Borrokak jarraitzen du!” azaldu dute Mulier taldekoek. 

Irati Igoak berak sarritan aipatu zuen mailari eusteko borroka oso zaila zela. “Zaila dago, baina gertatzen dena gertatuta ere, beti aurrera!” dio etxarriarrak.