Paleta Goma

Etxarriko frontoia txiki geratu zen

Guaixe 2021ko eka. 28a, 14:30

Master Cup Paleta Goma Txapelketako lehen mailako eta eliteen mailako finalak jokatu ziren larunbatean beteta zegoen Etxarri Aranazko Euskalerriari pilotalekuan. Mendinuetak eta Eskalak ezin izan zituzten txapelak jantzi, eta Lekunberrira eta Hernanira joan ziren

Aurreikusi moduan larunbatean bete egin zen Etxarri Aranazko Euskalerriari pilotalekua. Izan ere, Nafarroako Emakume Master Cup Paleta Goma Txapelketako lehen mailako eta eliteen mailako finalek ikusmin handia piztu zuten. Jakina denez, emakumezkoaren paleta gomak zaletasun ikaragarria du Etxarri Aranatzen –Gure Pilota klubean 35 emakumezko trebatzen dira, horiei lehiaketetan aritzen diren beste zazpi-zortzi palista gehituta–, eta lehen mailako finalean Uxue Mendinueta eta Ane Eskala egoteak are gehiago animatu zituen etxarriarrak. Horrela, 300 pertsonako aforoa bete egin zen, eta paleta zale asko finalera sartu ezinik geratu zen. Frontoian egon izan ez zutenek Navarra Televisionen jarraitu ahal izan zituzten finalak, Iruñeko kateak zuzenean eskaini baitzituen. 

Lehen mailako finala oso estua izan zen. Etxarri Aranazko Uxue Mendinuetak eta Ane Eskalak Lekunberriko Maider Saralegi eta Maddi Galarza izan zituzten aurkari. Partida lehiatu, gogorra eta ederra eskaini zuten bi bikoek, azken txanpan erabaki zena. Azkeneko txanpan Lekunberrikoak finago ibili ziren eta, azkenean 21 eta 25 irabazi zieten Mendinuetari eta Eskalari, lehia ezin orekatuago batean.

Eliteetan aldiz, alde gehiagorekin gailendu ziren Amaia Irazustabarrena eta Ariane Arrieta hernaniarrak. 8 tantoko aldea atera zieten Ane Isasmendi eta Irati Ruiz de Azua gasteiztarrei (25 eta 17). 17ra arte parez pare ibili ziren bi bikoak, baina une horretatik aurrera hernaniarren ofizioak eta kalitateak erabaki zuten eta Irazustabarrenak eta Arrietak merezimendu osoz jaso zuten txapela. 

Sari emate ekitaldian Nafarroako Gobernuko Kirol Institutuko buru Miguel Pozueta eta Kultura eta Kirol kontseilari Rebeca Esnaola izan ziren. 

Aristorenari omenaldi beroa
Sari emate ekitaldiarekin batera, omenaldi beroa jaso zuen 20 urte luzez emakumezkoen paleta goma sustatzen lan nekaezina egin duen Miguel Angel Aristorenak. Gure Pilota klubeko emakumezkoen paleta gomako monitore, presidente eta epaile da Aristorena, Nafarroako Pilota Federazioko laguntzaile eta Emakume Master Cup torneoko laguntzaile, besteak beste. Etxarri Aranazko alkate Silvia Marañonen eskuetatik oroigarri ederra jaso zuen. 

Argazkiak: Emakume Master Cup.